Egunean 100 garraiolari inguru pasa dira Alegiako informazio puntutik

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 12a, 08:31

Alegiako gasolindegiaren gunean bidesari berriaren inguruko informazioa eman eta garraiolariak erregistratzeko puntu bat jarri dute.

VIA-T sistemarekin bateragarri den gailurik ez badute, ibilbidea N-I eta A-15 errepideetan barrena egiten duten garraiolariek erregistratu beharra izango dute, Bidegiren web orria erabiliz edo errepide sarean horretarako jarri diren kioskoetakoren batean. Horietako bat Alegian jarri da, gasolindegiaren parean. Goizeko 20:00etatik iluntzeko 20:00ak arte egongo dira bertan, asteburua salbu, urtarrilaren 19a arte.

Alegiako gunean dagoen Bidegiko Irati Roca langileak azaldu du zer zerbitzu ematen dituzten bertan: «Batetik, bidesariari buruzko informazioa ematen ari gara, eta bestetik VIA-T ez dutenek erregistratzeko aukera dute». Egunero ehun pertsona inguru joaten ari dira gunera, eta bertakoak ez ezik, beste herrialdeetako garraiolari ugari joaten direla azaldu du. Kexak ere jasotzen dituzte bertan, Rocak esan duenez: «Batez ere ekonomikoak izaten dira, negozioa ez dabilela ondo eta orain ordainketa gehiago egin behar dituztela diote. Teknologia aldetik ere kexak sortzen dira, VIA-T ez dutenek erregistroa egiterakoan korreo elektronikoa eta txartela internet bidez aktibatuta izan behar dute, eta etortzen diren guztiek ez dute hori betetzen».

Jendea ere kezkatuta joan zaie, autoa atarien azpitik pasatzerakoan soinua atera dielako eta ea kobratuko ote dioten galdetuz. «Bakarrik ordaintzen dute 3,5 tona baino gehiago dituzten kamioiek. Atariek eskaner bat dute eta badaki zer ibilgailu mota den, beraz, nahiz eta soinua egin ez die kobratzen», zehaztu du Rocak. Kanona ez badute egunean bertan ordaintzen, isuna jasotzen dute garraiolariek, eta Alegiako puntuan izan zuten norbait asteazkenean joan zitzaiena «korrika» erregistroa egitera.

Behin urtarrilaren 19tik aurrera, Internetez egiteaz gain, zenbait tokitan makina batzuk jarriko dira bertan erregistratu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!