Hondakinak nola sailkatu bistaratzeko

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 11a, 16:46
Altzon egin dute kanpainaren aurkezpena.

Landa eremuko 20 herritara informazio kanpaina zabalduko du Tolosaldeko Mankomunitateak, hondakinak zein edukiontzietara bota behar diren erakusteko totem parea erabiliz.

Tolosaldeko Mankomunitateak edukiontzi bakoitzean zer hondakin sartu behar den azaltzeko kanpainaren bigarren fasea aurkeztu du. Aurreko urtean herri handiagoetan lehengo fasea egin zen, eta oraingo fase honetan landa eremuko herrientzako diseinatutako kanpaina da. Josu Amilibia Mankomunitateko lehendakariak azaldu zuenez, kanpainarekin «hondakin frakzio guztiak berriz ere nola sailkatu behar diren azpimarratu nahi dugu».

Bi totem jarriko dira herri bakoitzean. Hiru pare daude, beraz kanpaina hiru herritan batera egingo da. Guztira 20 herritan egingo da kanpaina, Tolosako landa auzoak barne. Herri bakoitzean hamabost eta hilabete artean jarrik dira totemak, eta, beraz, kanpainak ekaina bitarte iraungo du. Kanpainaren aurkezpena Altzon egin zuten atzo, berau baita totem pareetako bat jarri den herrietako bat. Beste bi herriak Abaltzisketa eta Baliarrain dira. Azken bi hauetan, frontoiaren ondoan dituzten bilketa puntuaren ondoan jarri dituzte totemak.

Patxi Amantegi Mankomunitateko lehendakariordeak azaldu zuenez, «orain arte egindakoaren jarraian, teoriatik praktikara pasatzen gara. Informazioa helarazterakoan ere bai. Totemen bitartez fisikoki ikusiko dugu edukiontzi bakoitzean zer bota behar duen eta zer ez». Totem bakoitzaren alde batean erakutsiko da informazioa eta gero fisikoki hondakinak ikusteko aukera izango da.

Edukiontzi horia ez dela plastikoen edukiontzia, baizik ontzi arinen edukiontzia ekarri dute gogora. Bertan metalezko ontziak, aerosolak ematen dituzten ontziak, aluminiozko xafla dutenak, latak, esne botilak, plastiko gogorreko ontziak.... botatzen direla azaldu dute. «Oso ondo dago, oso bisualak direlako totemak», azaldu zuen Amantegik, eta gaineratu: «Gezurra badirudi ere, badago jendea esaten duena tetrabrika paperaren edukiontzi urdinera ere bota daitekeela. Beraz, totem hauekin argi ikusten da zer bota behar den, oso bisuala da. Ideia ona da, izan ditzakegun zalantzak argitzen dituelako ikustaldi batean».

Totem batean edukiontzi horiaren inguruko azalpenak daude nagusiki, eta bestean beste edukiontzietara botatzen dena. Totem horretan panelen bitartez ematen dira azalpenak, eta baita fisikoki ere beiraren iglu berdera bota behar diren hondakinak: botilak, kontserbatako poteak, kolonia eta antzerako poteak...
Hondakin organikoei dagokionez, Amibiliak azaldu zuenez, «Tolosaldean landa eremuan bilketa ez da egiten eta herrietan konpostatzen da, bai banakakoetan eta baita ere komunitarioetan». 

Aurkezpenean ere Josu Astrain Altzoko Ingurumen zinegotzia izan zen eta gogora ekarri zuen herrian bost gune daudela hondakinak biltzeko. «Bost gune horietara eramango dira totemak, herritar guztiek ikusi ahal izateko. Bestalde, asmoa dugu eskolakoekin hitz egin eta beraiek ere ikasleekin unitate didaktiko moduan gaia lantzeko», zehaztu zuen zinegotziak.

Astrainek azaldu zuenez, «aspaldidanik birziklatzen da, baina herritarren parte hartzerik gabe ezinezkoa izango zen. Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzeagatik birziklapenean. Bestalde, ikusten dugu hobetu daitekeela egiten den modua. Horregatik totem hauek jarri dira dituzten zalantzak eta zailtasunak argitzeko, praktikoki ikusteko zer bota behar den eta zer ez edukiontzietara». Bide batez, Astrainek herritarrei gonbita luzatu zien totem horiek ikusi eta zalantzak argitzeko.

Aurkezpenean Mankomunitateko Gemma Ezeiza teknikariak azaldu zuenez, «abenduko datuak oraindik konfirmatu gabe baldin badauzkagu ere,  2017an eskualdeak lortu duen gaikako bilketa %62koa da. Datu garrantzitsua da, eta lehengo urtean baino zertxobait gehiago. Orain martxan jarri den kanpaina honekin nahi duguna da datu hori mantendu, areagotu eta herritarrei izan ditzaketen zalantzak argitzen lagundu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!