[PUBLIERREPORTAJEA] Kalitatea eta eskulana, gozogileen soka ez eteteko

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 21a, 10:04
Rafa Gorrotxategi Usabalgo lantegian.

Rafa Gorrotxategik zainetan darama gozoa artelan bihurtzearena; Eguberrietako kanpainan daude bete-betean, baina hori baino gehiago dira.

Rafa Gorrotxategi ezin banandu daiteke gozogintzatik. Gozogintzara emana du familia eta berak hirugarren belaunaldia gorpuzten du. 24 urterekin hasi zen bere aitarekin, Jose Mari Gorrotxategirekin, lanean eta munduko hainbat txokotan ikastaroak egiten, eta ordutik «betiko» gozoak egiteaz gain, berritzen eta berrasmatzen dihardu. Duela urte bete inguru «etapa berri» bat hasi zuela dio eta bakarkako bidea hasi zuen. «Eskuz egindako betiko gozogintza da gurea, baina gauza berriak ere egiten ditugu», esan du. Urtean zehar pastelak, jatetxeetarako eskaerak eta ezkontzetarako tartak dira euren egiteko nagusia, baina urritik Eguberrietako kanpainan sartzen dira bete-betean, eta turroien artean ematen dute eguna. Rafa Gorrotxategik lantaldea oso garrantzitsua dela dio eta urte guztian 9 badira ere, Eguberrietarako 20 izatera pasatzen dira.

Turroiak eskuz eginak dira, «eskuz eginak direla diot lehengaiei begira, hainbat txokolatezko geruza jartzen dugu, kalitate ertain eta goreneko kakaoa erabiltzen dugu horretarako, eta esne-gaina eta gurina ere gehitzen diogu kakaoari. Ez dugu trans motako gantzik edo bestelako osagai ez naturalik erabiltzen, esaterako. Erabiltzen ditugun almendrak eta beste osagaiak kalitate gorenekoak dira».



Produktu asko badituzte ere beste hainbaten artean, kakao-hautsa da berrikuntzetako bat. «Ohiko kakao-hautsek azukre asko dute, %18-20a bakarrik da kakaoa, gainontzekoa azukrea da. Horregatik okurritu zitzaidan %52 kakaoa duen prestatua ateratzea. Kakaoa eta azukrea da, baina azukrea kanabera azukre integrala da, eta banilla pixka bat ere badu. Edateko txokolatea ere badugu eta baita kakao hutsa ere. Haurrentzat %32 kakaoa duen prestatua ere atera genuen Pirritx eta Porrotxekin batera, honek ere kanabera azukre integrala du, eta berehalako fibra bat ere sartu nahi izan diogu haurren artean ematen den gizentasunari aurre egiten laguntzeko eta kinoa sartu diogu».

Desberdinak direla dio Rafa Gorrotxategik, bai lan egiterako garaian, bai erabiltzen dituzten lehengaiei dagokienez, eta baita saltzeko moduan ere. «Ez dugu merkatal gune handiekin lan egin nahi, batez ere, denda txikietan egon nahi dugu». «Gozogintza lantegi txikietan bezala egiten dugu lan, baina egia da beste makinaria bat ere badugula, ontziratzeko eta turroiak mozteko, batez ere», gaineratu du.
Eskuz egindako gozogintza bera aldatu ez badute ere, hauek ontziratzeko tekniketan jarri dute arreta, eta beraz zigarrillo, teilak eta Gorrotxak hutsean ontziratzen dituzte, eta urte guztian saldu ahal dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!