Arnasguneak baliatu nahi dira herri handiagoetan eragiteko

Iñigo Terradillos 2017ko abe. 20a, 11:14

2017ak eman duenaren begira jarri eta urte berrirako euskararen erabilera sustatzeko erronkak zehaztu ditu Uemak Ikaztegietan egindako batzarrean.

Ikaztegietan elkartu ziren larunbatean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 85 udalerri euskaldunetatik joandako ia ehun alkate eta zinegotzi, Uemaren batzar nagusian. Bukatzear den 2017aren inguruko balantzea egitearekin batera, 2018ari begira ere jarri ziren, eta urte berrirako erronka nagusitzat udalerri euskaldunetatik hizkuntzaren normalizazioan eragitea du Uemak. Horretarako, tokian-tokian eragiten asmatzea funtsezko ikusten du, eta bestetik, plano orokorragoan, udalerri euskaldunek behar duten aitortza eskuratzea eta behar dituzten urrats praktikoetan sakontzea.

2017ak eman duenari begira, batetik, Uemako herrietan eta Tolosaldeko herrietan euskararen erabilera neurtzeko egin diren kale neurketen emaitzak aztertu dituztela aipatu zuten batzarrean. Bestetik, hizkuntzaren ezagutzatik erabilerara dagoen aldea zein faktorek eragiten duten aztertzeko egindako ikerketa ere gogoratu zuten, bertan bildutako ondorioak giltzarriak direlakoan udalerri euskaldunetan euskara biziberritzeko.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak, kale erabilerako neurketen emaitzak eta ondorioak, nahiz ezagutzaren eta erabileraren arteko aldearen inguruko informazioa bateratzen ditu. Bertan ateratako ondorioei tiraka, 2018ko plangintzan Uemak areagotu egin ditu udalerri euskaldunak zaintzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta euskara alor guztietan lantzeko lan-ildoak. Horien barruan, EuskaraldiaEuskal Herri osoko erakundeek eta euskalgintzako eragileek euskararen erabilera sustatzeko sortutako ekimena udalerri euskaldunetan nola landuko duten ere aztertu zuten larunbateko batzarrean, Uemak Euskaraldiarekin eta Topagunearekin adostutako Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago! proposamena oinarri hartuta.

Josu Labaka Uemako lehendakariak nabarmendu duenez oso giro onean joan zen larunbateko batzarra. Halaber, «egun pozgarria» ere izan zela gehitu du, «Orozko UEemara gehitu delako, eta 85 udalekin inoiz baino sendoago dagoelako Uema, ia 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuta».

Labakak azaldu duenaren arabera, «Uematik, arnasguneen inertzia baliatuz, eskualde-buruak diren herri handiagoetan ere eragin nahian ari gara. Galtzaundirekin Tolosaldeko herri guztietan elkarlanean aritzeko hitzarmena, edota Urola Kostako Udal Elkartearekin turismo eskaintzan euskara erdigunean jartzeko hitzarmena horren lekuko dira. Eskualdeko gainerako arnasguneek asko lagundu dezakete herri handietan euskara biziberritzeko ahaleginean, beti ere inguruko erdara handien uholdeari aurre egiteko hizkuntza politika ausartarekin, noski».

Uemaren barruan egoteak «udalerri horretan badela euskara sustatzeko konpromisoa» azaldu du Labakak: «Hizkuntzarekiko berezitasun hori barneratua dutela herri horretan eta arnasgune edo udalerri euskaldun izaera horretatik eragin nahi dutela esan nahi du». Bestalde, Uema bezalako erakunde bat indartzen joateak udalerri txikiek ez duten ahots hori indartzeko balio duela nabarmendu du: «Guztiak elkar hartuta eragite ahalmen handiagoa izan dezakegu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!