Nola banatu daitezke ondasunak hil eta gero?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 15a, 07:39

Mari Paz Casado abokatuak testamentu eta seniparteei buruz ariko da gaur, Berrobiko udaletxeko areto nagusian, 17:00etatik aurrera.

Testamentu bat baino gehiago al dago? Zeintzuk dira? Derrigorrezkoa al da testamentua egitea? Zer da testamentua eta zer senipartea? Seme-alabei derrigorrez utzi behar al zaie seniparterik? Eta ez badut senitarteko zuzenik, nora joango dira nire ondasunak?

Heriotza tabua da oraindik ere gizartean, baina hil, denak hilko gara, eta komeni da bizitzan zehar pilatutako ondasunak nola banatu nahi ditugun argitzea. Hori uste du Mari Paz Casado abokatuak eta galdera horiek erantzungo ditu gaur, Berrobin, Berrobi Bizia ekimenaren barruan. «Testamentua egiten badugu heriotzaren atarian gaudela pentsatzen dugu, are gehiago, bizi-testamentua eginez gero. Baina argi dago hori ez dela horrela. Nire ustez bizi-asegurua edota etxebizitzaren asegurua egiten ditugun bezala egin beharko genuke testamentua. Normalizatu egin beharko litzateke», esan du.

2015. urtetik Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian testamentu eta seniparteen inguruko araudian emandako azken aldaketen berri emango du Casadok, besteak beste. Izan ere, duela bi urte aldatu zen ondoriotasunei dagokien zuzenbide forala. «2015. urtean zuzenbide foralean aldaketa batzuk eman ziren testamentuen inguruan, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko baldintzak bateratuz. Ondoriotasunean eragina izan zuen horrek, ordura arte Estatu mailako legea ezartzen baitzen», azaldu du abokatuak.

Lehen kode zibila ezartzen zen Araba eta Gipuzkoan, eta Bizkaian eta Aialan arau propioak zituzten. «2015. urtera arte seniparte bat seme-alabei utzi behar zitzaien derrigorrez, baina orain senipartearen herena edozein oinordekori utzi ahal diogu, seme-alabei, iloba bati... eta baita bakar bati ere nahi izanez gero. Aukerak zabaltzen dira orain, beraz. Senipartearen beste bi herenak edozeini utzi ahal dizkiogu, senide izan ala ez», esan du. «Testamentua egiten ez baduzu, oinordekoen artean banatuko dira ondasunak. Kasu batzuetan gurasoek ez diote ezer utzi nahi seme-alabetako bati, eta hori testamentua egiten bada bakarrik da posible».

Arau berriak alargunei begirako beste aldaketa garrantzitsu bat ekarri du ere: «2015a arte alargunak ez zuen ia babesik, eta orain familiako etxebizitzan logela eskubidea aitortzen zaio. Hau da, duela bi urte arte bikotekideetako bat hiltzean seme-alabak legezko oinordetza eskatu ahal zuen, eta ondorioz, kasu gehienetan etxebizitza saldu behar izaten zen banaketa egin ahal izateko, bikotekidea kalean utziz. Orain logela eskubidea aitortzen zaio, eta ondorioz, ezin zaie familia etxebizitzatik bota». Bestalde, lege berriak izatezko bikoteak senar-emazteekin parekatzen ditu ondoriotasunei dagokienez, abokatuak azaldu duenez.

TESTAMENTU MOTAK

Orain testamentuak egiteko mota gehiago daudela azaldu du Casadok. «2015tik hil-buruko testamentua egin diteke, eta ez notario testamentua bakarrik. Hil-buruko testamentua heriotza arrisku handia dutenek egin dezakete. Bestalde, elkarren arteko testamentua ere egin daiteke».

Aldaketak zergatik ote diren galdetuta, abokatuak esan du Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian lege foral asko zeudela indarrean. «Arau desberdinak zeuden, eta legegileek ulertu dute foru-lege guztien arteko lotura bat egon behar duela. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian datu historiko guztiak berrikusi behar ziren araua zehazteko».

Gaurko hitzaldian beste gairik ere jorratuko du: bizi-testamentuak eta ezintasunak. Bi alderdi jorratuko ditu, beraz: hiltzerakoan pilatutako ondasunak nola banatu eta nola edo zein baldintzetan hil nahi dugun.

«Oso gutxik ezagutzen dute bizi-testamentua eta askok uste dute hori egiteko heriotza oso gertu izan behar dela, baina ez da horrela. Oso garrantzitsua da», esan du. «Nire ustez bi arrazoi nagusi daude bizi-testamentua egiteko: inolako gaixotasunik izan gabe zerbait gertatuz gero heriotza nola bideratu erabakitzeko edo hil eta gero hileta nolakoa den zehazteko. Hau da, istripu bat izanez gero, erabaki dezakegu ospitalean artifizialki bizirik mantenduko gaituzten ala ez, edota organo emailea izan nahi ote dugun. Bestetik, gure hileta nolakoa izatea nahi dugun ere erabaki dezakegu. Sendaezina den gaixotasun bat edukiz gero, bizi-testamentuan zehaztu dezakegu zein neurri aringarri jaso nahi ditugun. Hau guztia zehaztuz gero gure senitartekoei arazo bat kentzen diegu; arazo moral bat suposatu ahal dien erabaki bat hartzea ekidin ahal dugu», gaineratu du.

Orain arte aipatutakoarekin zerikusia duen eta «oso garrantzitsua den» beste gai bat ere jorratu nahi du abokatuak: ezintasunak. «Alzheimerra edo zahartzaroko dementzia diagnostikatuz gero, gure ondasunak zeinek eta nola kudeatuko dituen erabaki dezakegu, hau da gure tutorea zein izango den erabaki dezakegu, nolabait esateko. Arazo psikiatriko bat duten edo zahartzaroko dementzia duten pertsona guztiak ez daude erabat ezgaituta, egia da, baina behar bada, etorkizunean arazoak izan ditzakete erabakiak hartzeko eta hori lehenbailehen lotzea komeni da. Bikote batean ere gertatu daiteke, hau da, bietako bati ondasun horiek kudeatzeko ahalmena ematen bazaio, eskumena badu, arazo asko konpondu daitezke eta ez du epaiketa prozesu luze batean sartu beharko erabaki jakin batzuk nola hartu behar diren zehazteko».

Abokatuak esan du galderak ere erantzungo dituela aholkuak eman ahal izateko, lehenik dena den, zergatik komeni den testamentua egitea azalduko du eta 2015a baino lehen egin dutenei berrikustea gomendatuko die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!