«Basoan segida bat eman behar da eta hezkuntzaren bidez ikusarazi behar dugu hori»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 5a, 11:53

Maixa Otegi (Lazkao, 1983) Fraisoro eskolako Baso Kudeaketa eta Natura Ingurunea zikloaren irakasle eta sailburua da. Iraunkortasunean jarri du azpimarra eta monolaborantza ez dela egokia esan du. Basogintza egoki baterako instituzioen arteko elkarlana beharrezkoa dela dio eta uste oker asko baztertu beharraz ere hitz egin du, errentagarritasuna ez da basogintzaren etsai, bere ustez.

Galiziako suteek gure basoen egoeraren inguruko jakin-mina sortu dute, zein da bada basoen egoera?

Galizian historikoki ez zaio garrantzirik eman basoari, eta beraz, ez dira zaindu. Nik esango nuke Euskal Herria baino pauso bat atzerago dagoela zentzu horretan. Euskal Herrian XIX. mendeko industrializaziorekin egoera aldatu zen; hasieran oso jende gutxi zegoen enpresetan lanean eta gehienak baserrietan zeuden, ondoren egoera irauli zen eta baserriak utziz joan dira, jende gehiena industrian dabil orain. Galizian prozesu horretan daude, basoak utziago dituzte, eta jabetza ere desberdina da. Gu nahiko ondo gaude. Bai Galizian eta baita Euskal Herrian ere, basoa ez dela bota behar uste da, utzi behar dela, eta nire ustez hori ez da egokia. Ikasi behar dugu basogintza zientzia bezala hartzen. Zientzia bezala basogintza zikloa ixten duen bakarrenetakoa da; hau da, nik gari soro bat ereiten badut, landatu eta kendu arte itxarongo dut, baina basogintzak zientziak bezala esaten du baso bat kentzean, beste bat jarri behar dela, derrigor. Edozein produktu erosten dugula, denek dituzte baso jasangarrien zigiluak, horrek esan nahi du, produktu hori ateratzeko basoa berriro basoberritu dela, eta nik produktua erosterakoan hori ere ordaintzen dut. Basoan segida bat eman behar da eta hezkuntzaren bidez ikusarazi behar dugu hori. Hori bai basoa ateratzen denean ingurumenari ahalik eta kalte gutxien egin behar zaio eta basoberritu. Modu antolatuan egin behar dugu hori guztia ez izateko azalera handiak, baizik eta txikiak. Euskal Herrian abantaila handia dugu zentzu horretan, jabetzak oso azalera txikikoak baitira.

Jabetza gehienak pribatuak dira.

Euskal Herrian jabetza pribatua da nagusi, eta azalera txikiko basoak dira, bataz beste hektarea batekoak. Baditugu erakunde publikoak, foru aldundiak gure kasuan, eta baita baso elkarteak ere, kudeaketa egokia bultzatzeko, eta biak uztartuz kudeaketa ona egin daiteke. Beti ere jabeei errentagarritasun bat ahalbidetuz eta iraunkortasuna bermatuz, bai sozialki eta baita ingurugiroari dagokionez ere. Guztioi gustatzen zaigu basoan zehar ibiltzea, dugun paisaia eta basoak ematen dituen produktuak; perretxikoak, zura, su egurra, papera, fruituak, erretxina... Esku artean ibiltzen ditugu egunero basoak ematen dituen produktuetako asko, eta ez gara konturatzen nondik datozen, are gehiago ez dugu onartzen nonbaitetik kendu behar direla. Gakoa nire ustez, kendu eta berriz ere jartzean dago.

Eta basoa ateratzeak zein kalte sortzen ditu?

Hasierako urteetan biluzik uzten duzu, lurraren higadura handitzen da... baina basoberritzeak baditu abantailak ere, asko. Basoa eta produktua hartu behar dira kontuan, produktua dudan bitartean, baso berria daukat, eta horrek aldaketa klimatikoa eragiten duen CO2 isuria murrizteko modua ere badakar. Baina gizarteak ulertu behar du, hori egiteko basogintza bat egon behar duela, basoa kendu behar dela, eta basoberritu, modu antolatu batean, noski.

Zein espezie dira nagusi inguruko basoetan?

Euskal Herrian dugun arazoetako bat da espeziena. Insignis pinua dugu eta gaixotu egin da, eta leku askotan oso gaztea dela kendu egin behar da. Baserritar gehienak industrian daude eta askok ez dute kentzen, eta ondorioz inguruko espeziak ere gaixotzen dira. Basoa zikina ere badago, eta ondorioz, baso horietan ezin dugu paseatu, bizikletan ibili, ehizatu edota perretxikoak jaso.

Tolosaldean ere 'Insignis' izango da nagusi...

Pinu asko dago eta ia gehienak gaixo daude. Egokiena kendu eta beste zerbait sartzea izango litzateke. Egoera bakoitzaren arabera zer landatu ikusi beharko litzateke.

Errentagarritasun ekonomikoak ekarri zuen 'Insignis'-aren ugaritzea, eta gaixotu da, eta orain zer?

Prezioa merkatu da eta dauden pinudietako asko utzitakoak dira. Askotan entzuten da «nire basoan zur-industriakoek gutxiago ordaintzen didate, zikina dagoelako». Beraientzat ere lana baita hor sartzea. Hor gastua dago. Espezie aldaketa egon behar du, baina hori ere aztertzekoa da, nola eta zer egin. Amurizaren bertso bat badago non esaten duen nola baserri askotako alaba asko pinuaren diruari esker ezkondu diren. Pinuak dirua eman du, baina orain egoera bestelakoa da. Denok nahi izan dugu dirua azkar, gainera. Oso zaila dago oreka hori. Okerrena izan da bertakoa ez den espezie hori, Pinus radiata, oso ugari jarri dugula, monolaborantza egin da. Baina monolaborantza beti da txarra, baita hemengo espezie bat jartzen bada ere. Espezie bakar bat jarriz gero gaixotasun bat sartzen bada erraz zabalduko da. Industrialki ondo dago, baina hemengo espezieak zeintzuk diren ikusi behar da eta nahasketa bat sartu basogintza egokia egiteko.

Eta zein da egungo joera?

Ezer ez jartzea joera da, edota dagoen bezala uztea. Haritza jartzen ere hasiak dira, zergatik? Diru laguntzak daudelako, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bertako espezieak bultzatu asmoz, haritza sartuz gero diru laguntza handiagoa ematen du. Gaur egun ez dago radiata sartzerik, hala ere. Gereziondoa, pagoa, gaztainondoa... baditugu espezie gehiago, zergatik lagundu haritzaren sustatzea bakarrik?

Eta zein da bidea, zure ustez?

Basoa elkarte pribatuaren eta Foru Aldundiaren arteko elkarlana oso garrantzitsua da, dena antolatu ahal izateko. Kudeaketak hutsuneak izan ditu, eta ditu. Diru laguntzen bitartez kudeatu da eta ez da egokiena. Espainiako lege bat dago eta horrek printzipio orokorrak zehazten ditu eta foru aldundiek egikaritzen dute. Espainiako basoak ezin dira konparatu, egoera asko daude. Espainian dauden baso asko handiak dira, jabetza oso desberdinekin, eta Euskal Herrian gehienak pribatuak eta txikiak dira, beraz, kudeaketa desberdina da. Gaur egun ikusten dugu lehen sektorea badoala eta industria gailentzen dela, eta ez gara kontziente lehen sektorea galtzeak ekarriko digunaz.

Galiziaren kasuan eukaliptoa ibili da hitzetik hortzera.

Bizkaian badago zerbait, eta Gipuzkoan ere geroz eta gehiago. Mito eta egia asko dago bere inguruan; azkar hazten da, errentagarritasuna du, espezie egokia izan daiteke... baina asko jartzeko ez da egokia. Guk Fraisoron badugu sail txiki bat eta jarritako urtean ikasleen artean bazeuden zalantzak. Bere azpian ez dela ezer jaiotzen zioten, baina baita pagadiaren azpian ere. Jarri bai, baina neurrian.

Zur-industrien 'lobby'-a ere aipatu izan da basoen etsai moduan.

Urte batzuetan pinudiak ekonomikoki bideragarriak ziren eta diru irabaziak ematen zituzten. Lehiakortasunaren eraginez, prezioak jaitsi dira. Radiata pinuen baso asko bota gabe geratu dira lehiakorrak ez direlako; 30-35 urterekin bota beharreko pinudiek orain 40 edo 50 urte dituzte eta ez dakigu zer egin horiekin. Diputazioak horiek kentzeko diru laguntzak eman zituen, eta hortik esaten da egurzaleen alde egin zuela. Despreziatutako produktua modu erraz batean saltzeko modua ere bada. Egia da ere bota eta gero landaketarik ez dela sustatu eta hor dago koska. Jarraitasun bat egotea da funtsezkoa. Gipuzkoan dugun arazoa da, jarraitasun hori ezin diogula eman insignis pinuarekin, gaixo daudelako.

Zeintzuk dira basoen etsai nagusiak?

Poluzioa, gaixotasunak, pinuetan orain banda marron izenekoa esaterako, eta baita gizakia bera ere. Basoa zikintzen uzten ari gara eta ondorioz, suteak edukitzeko arriskua izango dugu eta ez gaude prestatuta, Euskal Herrian ez dira sute asko egon klimarengatik eta abar, eta beraz, ez gaude prestatuta. Hezkuntza behar dugu.

Erlazionatuak

Basoen geroaz

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 aza 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!