Bizitza duina aldarrikatzeko ekimena iritsiko da eskualdera

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 31a, 18:40

Azaroaren 8an iritsiko da Tolosaldera LAB sindikatuak abiarazitako 'Lan duina, bizi duina' ekimena; langile klaseari irtenbideak emateko helburuz atera dira kalera

Azaroaren 8an, asteazkena, egingo du geldialdia Tolosaldean Lan duina, bizi duina ekimen ibiltariak. LAB sindikatuak abiarazi zuen urrian eta abenduaren 6ra bitarte Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatuko ditu, tartean eskualdea. Tolosaldeko LAB sindikatuko Haizea Mendia eta Feli Insausti arduradunek azaldutakoaren arabera, «garaia da bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko, eta hala aldarrikatuko dugu herriz herri, eskualdez eskualde». Horregatik murgildu dira ekimen ibiltari horretan eta horregatik jarri dute bizitza duina erdigunean, «bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinerako eskubidea» aldarrikatzeko.

Azaroaren 8an goiz eta arratsaldez egongo dira kalean. Goizean Tolosako Usabaldik aterata hainbat industrialde pasako dituzte eta arratsaldean Tolosako Trianguloan egingo dute geldialdia. «Arloz arloko aldarrikapenak egingo ditugu: negoziazio kolektiboaren defentsa egingo dugu Asuncion klinikaren kanpoaldean, hitzarmen duin bat eskatzeko; prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela ere salatuko dugu Apatta Errekan; 35 orduko lanaldia eta 1.200 euroko soldata duina aldarrikatuko dugu ere; borroka egiteak langileen eskubideak lortzea ahalbidetzen duela ere bistaraziko dugu; ordu estrak egiteak enplegua suntsitzen duela nabarmenduko dugu...», azaldu du Mendiak.

Arratsaldean adiz, Tolosako Trianguloan informazio gune bat jarriko dute 17:00etatik aurrera. Ez dira bakarrik egongo LABeko ordezkariez gain, pentsio duinak aldarrikatzeko plataformako kideak, hainbat gazte eta TOPAko kideak ere izango baitira bertan. Izan ere, sektorez sektoreko langileei zalantzak argitzeko asmoz jarriko dute gunea. Tolosako dendetara ere joango dira jai egunetan jai egiteko beharraz hitz egiteko. «Bakoitzak bere informazioa emango du eta gerturatzen direnei ahal dugun heinean lagunduko diegu. Herritarrei bere lan egoeraren inguruan dituzten zalantzak argituko dizkiegu lan duina eta bizi duina aldarrikatuz», gaineratu du Insaustik. 18:30ean Burujabetza aldaketa sozialerako izeneko hitzaldia eskainiko du Bea Martxuetak.

LAN GUZTIEN AITORTZA

Mendiak esan duenez, kapitala eta merkatuak erdigunetik kendu, eta «bizitza erdigunean» jartzera pasa behar da. «Horrek lan guztien aitortza eta defentsa egitea dakar, guzti-guztiena», gaineratu du.

«Langile klasea bere osotasunean kontuan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo horiei guztiei eskaintza bat egitea da, beraz, helburua. Eta lehenik egoerarekin kontzientzia hartu behar dugu», esan du. LAB sindikatuak langile klaseari irtenbideak eman nahi dizkio; «proposamenak baditugu eta kolektibo desberdinei LABekin borrokara batzeko eskaintza luzatu nahi diegu ekimen honekin», esan du Mendiak.

Hiru dira, hortaz, ekimen ibiltariaren asmoak. «Batetik, barne mailako helburuak ditugu, hau da, ordezkariekin egon, espazio amankomunak sortu eta eztabaidatu. Bestetik, borrokaren balioa langile sektoreetara iristarazi nahi dugu. Irekita ditugun borrokak hauspotu nahi ditugu eta baita zentzu horretan egindako lana txalotu ere. Era berean, borrokarako zailtasunak dituzten langile guneetara ekintza zuzena eraman nahi dugu. Azkenik, herrietara iritsi nahi dugu, prekarizazioak bizitzan duen eragina erakutsiz. Lana eta herria borroka esparru berdinak direla azaleratu nahi dugu, bata bestea dakarrela eta alderantziz, batak bestaren beharra duela azalduz». Eskualdez eskualdeko eta sektorez sektoreko borrokaren beharra azaleratzeko ekimenaren funtsa kalea hartzea izango da beraz, eta horregatik egiten diete dei eskualdeko herritarrei, «elkarrekin eragiteko bideak arakatu behar ditugu, bizitza eta lan duina aldarrikatuz, eta langileen kezkak gurekin konpartitzera animatuz», esan du Mendiak.

 

AZAROAK 8

10:00. Tolosako Usabalen elkartu eta hainbat industrigunetara joango dira auto karabana osatuz.

17:00. Informazio gunea jarriko dute Tolosako Trianguloan eta bertan langileen sektorez sektoreko zalantzak argituko dituzte.

18:30. Bea Martxuetaren Burujabetza aldaketa sozialerako hitzaldia, Trianguloan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!