'Handia' filma

[KRITIKA] 'Handia': ahaideen (h)istoria

BeƱat Esnaola 2017ko urr. 19a, 11:43

Film bati buruz hitz egitean hiru alderdi ezberdin hartu daitezke kontuan: interpretazioa, analisia eta ebaluazioa. Alde batetik, filmaren ezaugarri artistikoez hitz egin daiteke; hau da, ezaugarri estetikoak ez baina artelanaren baitan adierazgarriak diren propietateez. Esaterako, aztertu liteke filmaren ikuspegi moral zein politikoa zein den.

Horrez gainera, aztertu litezke filmaren propietate estetiko zein teknikoak ere. Amaitzeko, aurreko bi azterketetan oinarrituz, eztabaida liteke artelanaren meritu artistiko orokorrari buruz.

Ezaugarri tekniko zein estetikoak baloratzeko nire mugak kontuan izanik, interpretaziora mugatuko naiz filma ebaluatzerakoan. Akaso, hori egitea, sekulako akatsa izango da, kontuan izanda Handia euskaraz egindako filmik garestiena dela. Edozein modutan ere, esango nuke, alderdi estetiko-teknikoaren eta filmaren esanahiaren artean oreka dagoela; lehenak, esanahiak biderkatzen laguntzen du; eta bigarrenak, irudiak edertzen. Hori esanda, interpretaziora mugatuko da nire kritika.

Handia ez da publikoaren atxikimendu erraza bilatzen duen biopica, maila eta plano ezberdinak batzen dituen filma baizik. Elementu eta plano askotarikoak izateak ez du filmaren narrazioa etenarazten eta hori eskertzekoa da; horiek gabe ere istorioak zentzuari eusten baitio.

Lehen gai nagusia errelatoarena da. Zeinek kontatzen duen historia eta zer kontatzen duen. Zer galtzen den transmisio-katean eta zer irabazi. Erreala denaren eta alegiazkoa denaren arteko nahasketa. Poztekoa da, filmak Migel Joakin Eleizegiren mitoaren transmisioan izango duen boterea kontuan izanik, gai horietaz gogoeta zabalik uztea; errelato bakarrera itxi gabe. Hortaz behintzat, lasai egoteko moduan dira Altzokoak.

Beste hari nagusia, mundu zaharraren eta mundu berriaren arteko dialektikarena da. Jarraidura eta irekidurarena; garapena eta tradizioarena. Bi jarrerak nahasten dira anaiengan. Batek ez du aldatu nahi baina kondenatuta dago aldatzera; besteak aldatu nahi du, baina mugatuta dago. Mugimendua da onartzen dena eta bi indar antagonikoren arteko tentsioa, baina ez da eskaintzen erantzun errazik.

Horrez gainera edo horri lotuta, interesgarria da bi anaiek egiten duten eboluzioa eta rol aldaketa. Ez dira aurrez definitutako bi izaera; narrazioak daramatza. Pertsonaiek egokitu egin behar dute tokatzen zaien horretara. Martinek Joakin osatzen du eta Joakinek Martin. Azkenerako, nahastu egiten dira bi anaiak, bai irudian, bai kontaketan.

Halaber, uste izatekoa zen identitate subalternoen inguruko diskurtsoak presentzia handiagoa izatea narrazioan, baina nahiko bazter geratzen da. Edozein modutan ere, ez dira soilik gorputz ez normatiboetara mugatzen: hizkuntzara eta klasera ere zabaltzen dute gogoeta. Momentu batean, identitate guztiak bat bezala ikusten ditu ikusleak. Madrilgo burgesiak iseka erraldoiari baino, anaiari egindakoan.

Amaitzeko, filma kokatzen den garai historikoak ere badu bere garrantzia. Gaur egungo gizarte ereduaren oinarrietako batzuk, ordukoak baitira. Gaur, horietako elementu asko krisian daude eta aldaketa uneak bizi ditugu, bi anaiek bezala.

Horrela bada, hau ez da Altzoko Erraldoiari buruzko filma, ahaideen (h)istoria da, gu denona. Altzotik irtenarazi dute zuzendariek erraldoia, guztioi itzultzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!