Euskararen maratilarik onena

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 12a, 11:23

Ikasturte berriari ekin dio, beste behin, Mintzalaguna egitasmoak, Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik; aspaldiko lagunek eta lehen aldiek bat egingo dute, euskaraz bizitzeko gogoaren bueltan.

Ostiral goiza, udazkena eta lanbroa elkartu dira hitzorduarekin eta, horrek, ezinbestean, kafe kikara bat esku artean hartzera daramatza. Txaro, Isabel, Mila eta Maialen dira, eta hurrengo astean eta hurrengoan eta hurrengoan errepikatuko dute zita, ia ziur, kafetegi berean. Astean ordubete, hori dio inon idatzi gabeko errezetak; eta zintzo betetzen dute errepika, kirolzalea gimnasiora nola. Egiazki, ez baita ariketa hoberik euskara ikasteko, euskara dantzan jartzea baino, eta horretarako bidea ematen die, Mintzalaguna egitasmoak.

Ikasturteko lehen saioa izan da eta, opor-buelta guztiek duten samurtasunaz agurtu dute elkar: «Aspaldiko, etorri zara!». Baten bati ia ahaztu ere egin zaio hitzordua, hilabete beroenen ohitura galtzetik.

Duela hiru urte hasi ziren elkartzen eta, talde guztietan bezala, hutsuneak zein kide berriak izan dituzte ostiraleroko hitzorduan. Kontuak kontu, 11:00etako kafea euskara praktikatzeko errutina osasuntsua baino askoz ere gehiago da: munduari euskaratik ere begira diezaioketela erakusten dien leihoa da.

Horrela, leiho horretatik ikusten dute generoa –pertsonena eta hizkuntzena–, eta galdetzen diote hiztun laguntzaileari, euskararen generorik eza nola kudeatu behar den. Leiho horretatik, halaber, ikusten dituzte eguneroko hizketa-gaiak: aurten sagarra oso ugari sortu dela, etxean kiloka dituztela, eta marmelada eta menbrilloa egiteko errezeta bikainak ezagutzen dituztela.

Edo, gogoa zutela, berriz ere, euskarari hautsa kentzeko. Aspaldi ikusi gabeko lagunak ere hizpide izan dituzte eta, iraganaldiak hala behartuta, ikusi dut etik nuenera egin dute salto, nion en geldialdi txiki bat egin eta gero.

Eta, aditz denborez ari zirela, kalean zihoan emakume bat hurbildu zaie, euskaraz, eta Mintzalagunaren zirkulutik kanpora ere zabaldu dute euskararen leihoa.

Euskararen motor txiki-handiak

Euskararen leihoa irekitze horretan, Galtzaundi Euskara Taldeak du, Tolosaldean, maratilarik onena. Ikasturte hasi berrian, oraingoz, 46 pertsonak eman dute izena, ahozkoan trebatu eta euskaraz bizi ahal izateko.

Zortzi taldetxok, ordutegi, leku eta testuinguru desberdinetan egiten dute euskaraz, hartaz eta hortaz. Baratzeez, animali izenez edo erretirodunen eskubideez, akaso. Edo, beharbada, Mintzalagunean praktikan jarritakoa kalean baliatzeko gainditu beharreko hesiaz; beldurraren hormaz.

Zorionez, askok eta askok salto egin dute, jada, langa horren gainetik eta, besteak beste, hiztun laguntzaileen meritua ere bada hori. Talde bakoitzean euskal hiztun bat izaten da hizketaldiaren nolabaiteko antolatzailea, eta baita euskaraz bizi nahi dutenen akuilaria ere.

Eremu formalagoetan aritzen dira batzuk, kultur etxeko gelatxoetan hasi, eta kafe makinara aldatuz. Beste zenbaitek, berriz – Txaro, Isabel, Mila eta Maialen, kasu–, bat egiten kaleko eguneroko erritmoarekin, hara euskaraz egokitzeko.

Galtzaundi Euskara Taldeak azaldu du, Mintzalagunarako hiztun zenbaiten faltan direla oraindik, taldeak dinamizatzeko. Horrela, euskaraz bizi nahi dutenen laguntzaile izan nahi duen edonor deitu nahi izan dute proiektuan parte hartzera. Halaber, euskara dantzan jartzeko gogoz direnak ere garaiz dira, oraindik, mihia trebatzeko. Horretarako, elkartearekin harremanetan jartzea besterik ez da egin beharko (galtzaundi@galtzaundi.eus edo 943 65 50 04).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!