Dataz aldatu eta gainean da afizionatu mailako pilota desafioa

Asier Imaz 2017ko urr. 11a, 11:49

Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak antolatzen du jaialdia; ostegunean eta larunbatean, arratsaldez, bost partida jokatuko dira Amezketako Larrunarri pilotalekuan.

Afizionatu mailako 12 pilotari onentsuenekin Desafioa antolatu dute Amezketan, ostegunean eta larunbatean. Larrunarri pilotalekuan partidak 17:30ean hasiko dira. Aurtengo berrikuntza data aldaketa da: «Desafioa Euskal Herriko Kluben Arteko Nazio Txapelketaren aurretik antolatzen hasi ginen 2014an. Orain arte abenduaren 6 eta 8an izan zen, baina aurten aurreratu beharrean izan gara. Amezketako Larrunarri pilotalekuan aldaketa garrantzitsuak egitekoa da udala. Lan horiekin azaroaren amaieran hasiko direnez, orain arteko data horietan ezin genuen Desafioa antolatu», azaldu zuen Iñaki Perez de Eulate Pilotabiziko kideak. Aurkezpen ekitaldian, Perez de Eulateren ondoan, Xalton Zabala Zazpi Iturri pilota elkarteko ordezkaria zegoen. Amezketarrak Desafioaren helburua azaldu zuen: «Pilotari berriak, etorkizuna ikusten zaienak, eta urtean zehar gauza batengatik edo bestearengatik nabarmendu direnak beraien artean deman ikustea da».

PROFESIONAL IZATEKO BIDEAN

Amezketan 12 pilotari gazte ikusteko aukera egongo da. Zein baino zein artistagoak, eta jadanik zeresana ematen ari direnak. Horietako batzuk Asegarce edo Asperekin aurre akordioak sinaturik dituzte. Jauzia emateko, ordea, denetik behar denez, etorkizunak zer eskainiko dien denbora berak erakutsiko du. Horren zain egon gabe, ostegunean eta larunbatean Amezketan pilotari horien orainaldia ikusteko aukera izango da. Xabier Zubiria, Iker Salaberria, Josu Irurita, Jon Alberdi, Jon Mariezkurrena, Oier Ariztegi, Adonis Gelis, Aimar Ibarloza, Unai Alberdi, Iñigo Bikuña, Ioritz Egiguren eta Unai Matak osatzen dute Desafioko kartel ikusgarria.

 

AMEZKETAKO DESAFIOA

Urriak 12, osteguna, 17:30ean

Alberdi-Mariezkurrena II

Mata-Irurita

Salaberria-Ibarloza

Adonis-Bikuña

Urriak 14, larunbata, 17:30ean

Lau t'erdian

Alberdi II

Ariztegi

Buruz buru

Zubiria

Egiguren

Binaka

Urriaren 12ko irabazleen arteko partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!