Arrazakeriaren aurkako gune berri bat izango du Tolosaldeak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 20a, 11:38

Berdin egitasmoa zabalduko dute Tolosaldera; SOS Arrazakeriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean abiarazitako proiektua da.

Oarsoaldean nahiz Debagoienan martxan dira, jada, Berdin proiektuaren bidez irekitako bulegoak, eta Tolosaldera ere iritsi da egitasmoa: arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lan egiteko bulegoa irekiko dute, Tolosako Emeterio Arrese plazan. Tolosako pleno aretoan eman zuten Berdinen berri, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak, Olatz Peon Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Gerar Carrere SOS Arrazakeriako ordezkariak. Hirurak ere bat etorri ziren, prebentzioa tresna nagusitzat jotzerakoan.

Olatz Peonek datuak jarri nahi izan zituen mahai gainean, azpimarratuz, EAEko indarkeria kasuen erdiak baino gehiago arrazakeria kasuak direla. Horrela, erakunde publikoen beharrari begiratu zion: "Beharrezkoa da gizarte estrategia eta politika publikoak elkarrekin aritzea, arrazakeriaren aurka. Horretarako, kulturartekotasuna sustatzeko guneak sortu behar dira, bizikidetzaren alde". Besteak beste, hizpide izan zituen 2017-2020 Elkarbizitza Plana etaZurrumurruen Aurkako Sarea; bertara atxikita daude eskualdeko hainbat udal.

Azkenik, Peonek aldarrikatu zuen "babesa denon eskubidea" dela: "Migrazioak ez dira kasualitatez gertatzen eta, gainera, edonori gerta dakioke. Inork ez du bere bizitza edonola atzean uzten, beste herrialde batean beste bizitza bati ekiteko".

Gipuzkoa osoko sarea jomugan

Aukera berdintasuna bermatzea izan da, hasieratik, Berdin egitasmoaren funtsa eta, horretarako, "Gipuzkoa kohesionatu baten beharra" dutela azaldu zuen Maribel Vaquero diputatuak: "Lurralde guztian hedatu nahi dugu xenofobiaren aurkako sarea eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarren kontzientziazioa sustatzea".

2015ean Oarsoaldean martxan jarritakoak eman ditu bere fruituak eta, bide horretan, esperientzia errepikatu zuten Debagoienan. Orain, sarea Tolosaldean zabaltzearekin batera, beste zenbait bulego zabalduko dituzte, Hernanin, Donostian eta Irunen ere. Finean, Tolosako bulegoa izango da herritarren erreferentzia puntua, eta handik eskainiko dituzte, helburuetara iristeko zerbitzuak. GFAk 42.000 euroko inbertsioa egingo du Tolosaldea urrats hori emateko, eta SOS Arrazakeriak kudeatuko ditu baliabideok, lan-ildoak garatu ahal izateko.

Bide horretan, Gerar Carrera SOS Arrazakeriako ordezkariak lau lan esparru nagusi zehaztu zituen: "Gizartea arrazakeriaren aurka sentsibilizatzeko lan egingo dugu, eta baita esparru honetan udal teknikariak formatzeko ere. Bestalde, detektatze lanekin ere ari gara, diskriminazio kasuak non gertatzen diren jakiteko. Orain, bereziki, etxebizitzaren gaiarekin ari gara, etorkinek arazo handiak izaten baitituzte, adibidez, etxebizitzak alokatzeko; testingak egiten ari gara etxebizitza agentzietan. Azkenik, Emeterio Arreseko bulegoa izango da aholkularitza gune nagusia; kasu zehatzak lantzeko baliabide juridiko eta legalak eskainiko dizkiegu herritarrei".

Carrerak nabarmendu nahi izan zuen, gaur egun diskriminazioa ez dela gauza txikia. Frantzia eta Alemaniako korronte politikoak baliatu zituen adibidetzat, baina Gipuzkoako datuak eskaini: "EAEko urteko txostenaren arabera, 309 arrazakeria kasuetatik 108 Gipuzkoan gertatutakoak dira; bazterkeria, beraz, herritar guztion arazo eta ardura da".

Lehen pausoa Tolosaldeko udal eta elkarteekin bidea ibiltzen hastea izango da, eta bulegoan mamituko dute gainerakoa. 635 20 92 telefonoa jarri dute eskuragarri, eta helbidea honakoa izango da: Emeterio Arrese 2, 4. bulegoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!