Algortan ospatuko dute aurten, Euskal Herria Eguna

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 14a, 07:45
Agurainen egindako Euskal Herria Eguneko irudia.

Irailaren 23rako antolatu dute Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzeko jai eguna; Ibarran jaio zen ekimena eta ordutik urtetik urtera haziz joan da

Aurten Euskal Herria Eguna irailaren 23an ospatuko dute Algortan. «Senidetze eta jai» egun bat izaten da Euskal Herri Eguna eta helburua «Euskal Herriko herrialde guztietatik jendea gonbidatu eta gerturatu, eta mugak haustea da», esan du antolatzaileetako batek, Unai Igartuak.

2009. urtean egin zuten lehen aldiz Euskal Herria Eguna, Ibarran, eta bertan senidetu ziren Ibarrako eta Lizarrako herritarrak. Ondorengo urteetan Algorta, Baigorri, Maule, Itsasu eta Aguraini luzatu zieten senidetzeko gonbita eta jada, deialdi zabala egiten dute antolatzaileek. «Senidetze horiekin hautsi nahi dugu nolabait, eta Euskal Herriko herri guztietara zabaldu deialdia, hori da gure helburua», esan du Igartuak.

Berez, Bai Euskal Herriari ekimenetik sortutako ekintza izan zen Euskal Herria Eguna antolatzearena, gaur egun ordea, talde hori bere horretan ez dago, baina hainbat herritarrek honekin jarraitzea erabaki zuten. «Ibarra eta Lizarra senidetu ziren bezala, dinamika hori herri gehiagotara zabaltzea erabaki genuen. Zazpi lurraldeetako zazpi herri senidetzen hasi ginen, bertako elkarteak eta jendea ezagutzen eta horrela bata bestearen errealitatea ezagutuz joan gara. Nazio izaera ematea da gure nahia, ikuspegi desberdinetatik nazio bat garela aldarrikatu nahi dugu», nabarmendu du. Beste helbururik ere badu ekimenak hala ere, «Euskal Herria bizitzea».

Jai egunaz harago doan eguna ere bada; eragile eta herritarrek antolatzen duten aldarrikapen eta jai eguna da eta beraz, herritarren arteko dinamikak sortzeko bide ematen du, urtean zehar ere eragileen arteko elkarlanak sortzen direlarik.

Iaz Baigorrin egin zuten Euskal Herria Eguna eta 200 bat pertsonek hartu zuten parte, «seguru aurten jende gehiago animatzen dela. Algortako Portu Zaharra ezagutzeko aukera bikaina da», esan du Igartuak.

Nahi duten herritar guztiek hartu dezakete parte, beraz, irailaren 23ko Euskal Herria Egunean. «Algortan jai egun bikaina antolatu dute. Hamaiketako batekin hasiko dugu eguna eta bazkaria, ginkana, Elektrotxaranga, dantza ikastaro txiki bat eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Algortarrek bainu jantzia eramateko ere gomendatu digute». Era berean, lo egiteko tokia ere prestatu dute algortarrek, eta beraz, han geratu nahi duenak izango du non eman gaua, «afaritxoa egin eta LGZ Dja eta seguruena baita DJ Bull ere izango dira bertan jai eguna amaitzeko».

Ibartarrez gain, Tolosaldeko eta Tolosaldetik kanpoko edozeinek hartu dezake parte jai egunean. Aldez aurretik izena eman nahi dutenek Ibarrako Atari eta Zubiaurre tabernetan eman dezakete izena edota eheguna@gmail.com helbidean mezua bidaliz. Izena eman gabe ere parte hartu ahal izango da dena den, «bazkaltzeko ez da arazorik egongo, beraz, izena eman gabe ere lotsarik gabe gerturatu
ahal da Algortara».

Era berean, irailaren 23an bertan Ibarran 09:00etan plazan egin dute hitzordua nahi duten guztiak elkartu eta batera joateko, eta bestela, 11:00etan Algortan Portu Zaharreko aparkalekuan elkartuko dira jai egunari hasiera emateko asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!