"Kataluniako momentua historikoa da eta Kataluniako herritarrekin bat egiten dugu"

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 8a, 19:37

Gure Esku Dago herri ekimenak deituta elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan Kataluniako prozesuari babesa emanez, Tolosaldea Kataluniarekin lelopean.

Beñat Sarasola Gure Esku Dagoko kideak azaldu duenez, "herri ekimena izanik, herria astindu nahi izaten dugu eta gaurkoan, ikasturteari hasiera emateko, herritarrak gonbidatu ditugu elkarretaratzera. Kataluniaren herriari babesa emateko".

Astelehenean Katalunian "egun handia" izango dela gaineratu du Sarasolak, Diada gogora ekarriz,  "eta gaur egun ikusirik ze mugimendu dabiltzan, seguru gaude arrakastatsua izango dela. Eta arrakasta horri eutsirik guk ere deialdia luzatzen dugu herritar guztioi irailaren 16an Bilbora azaldu eta Bilbon ere manifestazio erraldoi batekin Kataluniari gure babesa eskaini diezaiogun".

Gogora ekarri du manifestazio horretara joateko Tolosaldetik autobusak antolatu direla eta  bertarako izena emateko deialdia luzatu du. "Autobusez joan ezin duenak, kotxez joan dadila. Ea denok Bilbon elkartzen garen eta egun hori ere historikoa izaten den", esan du Sarasolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!