«Borroka ez da hemen amaitzen, aurrera jarraituko dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko uzt. 20a, 12:20

2015eko inauterietan izandako liskar batzuen ondorioz, urtea luze joan zaie Sukia, Julian eta Tolosari; akordioa izan dute eta balorazioa egiteko garaia da

Sei hilabeteko espetxe zigorra, 37.000 euroko kalte-ordaina eta 2 urteko galarazpena. Zigor «gazi-gozoa» Intxurreko auzian auzipetutako Unai Sukia, Ibai Julian eta Aitor Tolosarentzat. 2015. urteko inauterietan izandako liskar bat dela eta atxilotu zituzten eta fiskaltzak 38.000 euroko isuna eta bosna urteko espetxe zigorra eskatzen zituen. Akusazio partikularra, fiskala eta auzipetu defentsa akordio batera irisi ziren pasa den astean, eta ondorioz epaiketa bertan behera geratu zen.

«Balorazioa gazi-gozoa da. Nahiko argi geneukan ez gintuztela absolbituko eta beraz, ez genuen arriskatu nahi, ez genuen hiru militanteen lana eten nahi», esan du Unai Sukiak. «Batetik, ertzainei erantzukizun zibila ordaindu behar diegu; galdutako lanorduak eta abar. Espetxe zigorra 6 hilabeteetara jaitsi zaigu, 2 urteko galarazpenarekin. Hau da, bi urteko epe batean delituren bat eginez gero, zigor horri 6 hilabeteko zigorra gehituko litzaioke», argitu du.

Akordioa «protokoloz edo» onartu zutela esan du, eurentzat garrantzitsuena epaituak zergatik izan diren baita. «Legitimitaterik ematen ez diogun epaile baten aurrean gertaerak onartu behar izan ditugu, ez da gozoa izan eta min eman digu, baina irtenbide egokiena hori zela ikusi dugu. Argi eta garbi utzi nahi dugu gurea ez dela kasu bakan bat, Euskal Herria mailan, azkenaldian batik bat, errepresio kasu asko daude, Altsasu, Orereta...», esan du.

Duela urtebete jakin zuten epaiketa izango zutela eta ordutik, antolatu eta gazte mugimendua indartu da, eta hori ere nabarmendu du Sukiak. «Guk nahi duguna da, martxan jarritako mugimendu hau beste edozein militantek jasaten duen errepresio-kolpeari erantzuteko balio izatea. Azken manifestazioko leloa ere hori zen; Kapitalismoaren aurrean, gazteak kalean. Ulertzen baitugu errepresioa sistematikoa dela, hau da, errepresioa pairatzen dugula sistema kapitalistaren barruan, eta bi klase sozial nagusietan batak bestea zapaltzen duela. Kapitalismoaren erreminta politikoetako bat errepresioa da, argi eta garbi. Burgesiak argi eta garbi erabiltzen du errepresioa langileak zapaltzeko», esan du. Gazteak babesteko abiarazitako mugimendua Tolosako kasuei erantzuteko sortu bazen ere, «estrategia oso bat egikaritu» dute hilabete hauetan eta beraz akordioak ez du bidea eteten, «gure borroka ez da hemen bukatzen, aurrera jarraituko dugu».

BABESA

Hiru gazteek herritarrengandik jasotako babesa ere nabarmendu nahi izan dute: «Egia esan Donostiako manifestazioan eta beste deialdi askotan jasotako babesa ikaragarria izan da; duela bi urte ez genuen imajinatu ere egingo. Azken urtean egindako lanak ere eman du emaitzarik; hitzaldiak eman ditugu, jendea gerturatu zaigu, elkartasuna eman digute... eta beraz, gure kasua aitzakia ere izan da jendeak ikusteko zein panorama dagoen. Nolabaiteko aktibazioa eragin du». «Errepresioaren aurrean ondo pentsatzen jarri eta estrategia oso bat egikaritzera bultzatu gaitu honek, kapitalismoaren aurrean erantzun iraultzaile bat martxan jartzeko aukera izan dugu», gaineratu du. «Gurasoek, Garden elkarte bezala, egin duten lana ere ikaragarria izan da», esan du.

Gazteak Kalean plataformak jarraituko duela esan du «modu batera edo bestera» eta datozen hilabeteetan ordaindu beharreko isunarentzat dirua bildu beharko dutela ere gogoratu du, «lanketa ekonomiko bat egin beharko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!