Bertsoa errebotean

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017ko uzt. 2a, 13:01

Bertsopilota gogo onez hartu zuten euskal etxeetan, lehen deietatik. Espero izatekoa zen, trinketak edo frontoiak zituzten elkarteei begira; baina bertsoak ez du beretzat eraikitako espaziorik. Horrek bi gauza esan ditzake: bat, ez daukala espresuki diseinatutako eta pentsatutako gunerik; bestea eta garrantzitsuena, edozein espaziotara egokitu daitekeela. Bertsoa hitza delako, eta ahotsa eta belarriak soilik dituelako ezinbesteko.

Ez da hain kontu erraza, ordea, diasporara begira. Bertsoaren esentzia euskarazko hitza da eta harago ere bai, euskaratik egiten da bertsotan. Euskal identitatea diasporako euskal etxeen habe nagusia da. Alabaina, horrek ez du beti esan nahi euskara hala denik. Argentinan belarriak ziurtatuta genituen arren, ez genekien entzuleen artean ulertuko gintuen inor izango ote zen.

Pilota ere ezohiko tokira zihoan, hango jende askok ez baitzuen sekula eskuzko partidarik ikusi aurretik. Baina dinamika ezaguna da hangoentzat, tresna soilik aldatzen da. Bertsotan, aldiz, dinamikari testuinguru bat ematetik hasi beharko genuen maiz eta esandakoari erdarazko itzulpenak bilatzen hurrena. Pilota partidaren atsedenaldiak baliatuz, belarriak ez gogaitzeko estrategian. Diasporan bezalaxe etxean ere, askotan sentitu dut bertsoa eta bereziki Bertsopilota Troiako zaldiaren antzekoak direla. Ikuskizun baten aitzakian euskara eta euskal komunitatearen nortasun oso bat sartzeko bide ematen duena, hizkuntza arrotzaren harresien bestaldera. Bertsoa bestela tokirik izango ez lukeen espazio askotara iristen da fusio hauei esker eta jendea kolpean zaletuko ez bada ere, ezagutzara heltzea da lehen pausua.

Aberriaren mugak, euskararenak

Ez dira hilabete asko eskualdean Giltzarriak antolatutako galdeketan balizko Euskal Estatu hartaz galdetu zitzaigunetik. Galdera erabakitzeko eztabaida aberats batek agertu zuen aberria ulertzeko zenbat era dauden, zenbat Euskal Herri irudika daitezkeen. Guk Aberri Eguna Necochean ospatu genuen, «día de la Patria Vasca». Zein sentimendu zerion festa hari, zail da ikusi gabe ulertzen; erbesteratuen lehen belaunaldiak ondo transmititu zuen maitasun hura. Guk, gure errazkeriatik oximoron usaina hartzen genion «Patria Vasca» hari, euskararik gabeko aberria «euskal» izan ote daitekeen zalantzan.

Ez bedi gaizki ulertu, ez da euren lana epaitzeagatik. Aitzitik, sekulako ibilbidea egin da belaunaldiz belaunaldi euskal kultura transmititzeko, nahiz desberdintasunak izan euskal kultura horren baitan funtsezkoa zer den eta zer ez ulertzerakoan. Adibide ona da, dena den, ohartzeko nola besteen zauriak gure zuloen aurretik ikusten ditugun, nola hemen bizi-bizirik dagoen errealitate hori diasporan ikusi arte ez dugun kontraesana ikusten.

Eurak ezerezaren gainean ari dira nortasunari eusten, lan horrek ez du txalo zaparrada besterik merezi (irizpideez luze eztabaidatu daitekeen arren). Laurak Bat eta Zazpiak Bat izan dira gehien errepikatu zaizkigun euskal etxeen izenak. Pentsa, zein abiapuntu desberdin. Aberria zatitzen duten txatalen kopuruaz eztabaidatzea baino ez al da esanguratsuago zein hizkuntzatan doan elkarrizketa? Otañok ere guraizeak ebakitako oihal gisa ikusi zuen aberria: «Alde batera hiru soineko utzirikan lau bestetik». Hiru edo lau ote ziren ari garen aldiro, Otañok euskara sinbolizatzeko aipatutako oihalaz ahazten gara; eta oihalaren alde ari ez bagara, guraizearen mesedetan ari gara.

Herri honen ilusionistak

Ikaztegietan barrena zebilen Korrika eskualdea atzean utzi genuenean. Bi urtez behin ohi duen bezala, festa giroan kokatzen du hizkuntzaren aldeko mugimendua eta arnas-estu horri esker beste bi urterako hauspoa hartzen dugu. Argentinan ere izan genuen Korrika ospatzeko aukera; hainbat euskal etxetan ospatzen dutela jakin genuen eta aurrez aurre ikusi genuen Necochean.

Ahaztuko ez dugun momentu bat izan zen Aberri eguneko ospakizun solemnearen osteko kantu hotsa eta korrikaldia, Korrikako hainbat ediziotan pilatutako peto koloretsuz jantzia. Harrigarria bereziki amaieran, lekukotik atera eta irakurri zuten mezua: «Euskara gure munduan egoteko era da». Ez da miragarri diasporarako soilik, baizik gure eguneroko bizitzarako. Etxera itzuli osteko asteetan ere behin eta berriz gogoratu naiz hango ikuspegiaz eta gazteen erabakimenaz: erbesteratutako lehen belaunaldiak apenas transmititu zuen euskararik; baina urtetako lanaren poderioz Euskal Herritik heldutako jendea bizi zenean baino euskara gehiago egiten da egun hainbat herritan.

Eta guk gure burua arnasgune gisa finkatzeko konbentzitu nahian jarraitzen dugu, gauza egintzat emanez, kale-erabilera datuek ostikoz esnatzen gaituzten arte. Gure buruari galdetuz, lipdub batek zenbat eman dezakeen, ea beharrezko den, indar ufada hori zenbat behar dugun ohartzeke. Eta hutsaren gainean ari diren horiek pizten digute ilusio hori, diasporako ilusionistek.

Otañoren eskola

Otaño izan zen diasporan euskararen premia zenbaterainokoa zen ulertu zutenetako bat. Euskara eskolak emateko lehen arduradun izan zen behintzat, Buenos Aires hiriburuko Laurak Bat euskal etxean. Bere kabuz sortu zuen metodologia ere, hutsetik eskola sortuz eta hatsetik kontzientzia gogortuz. Urtebetera utzi omen zen ekimena bertan behera, ikasleen seriotasun faltagatik antza.

Guk jaso dugu Pello Mari Otañoren berri eskolan, abestietan, bertso eskolan… transmisioko kate-begi bilakatu baitzen. Hala, Rosariora joango ginela entzun eta buruak egin zigun lehen datu-lotura izan zen hura. Momentua oso presente genuela abestu genuen, baina bertsolari haren doinuei helduz, haren hitzak oroituz … Bertsoa bat-batekoa baita, baina historia oso baten gainean sortzen da. Gu hezkuntzak egin gaitu ondare horren jabe (ez behar beste, dena den) eta diasporan ere sekulako lana egiten da galdutakoa berreskuratu eta ondorengoei helarazteko. Ederra da transmisio horretan gure alea jarri dugula ikustea.

Argentinako trinketek, euskal etxeek, jendeak, kaleek… denek eman digute zer pentsatua eta denak izan dira etxeari begiratzeko talaia berri bat. Eskualdeko dinamiketan esperientziak ekarri dizkigun sentipen berriak biltzen saiatu gara, oraindik bizitakoaren dimentsioa neurtzen zaila den arren.

Frontisa ispilu bihurtu zaigu diasporan, gure bertsoen oihartzuna ekarri digute euren ahotsek. Otañoren hitzetara itzuliz, ez dakigu zortzigarren oihal zati bat egin zen adabakiak lotuz, diasporakoak gure parte ote diren edo gu garen euren zati. Baina bada partekatzen dugun oihal bat, eta ez da ikurrina. Gure nortasuna transmititu nahiak batzen gaitu, guk Tolosaldean egiten dugun lan bera eurek egunez egun euskal etxeetan egiten ikusteak, testuinguru oso desberdinetatik izan arren. Badugu zer ikasia.

Erlazionatuak

Argentinako trinketen oihartzuna

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017 uzt 02 Amasa-Villabona

Pilota bat-batean

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017 uzt 02 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!