Tolosaldeko emakumeen etxea, udazkenerako jomuga

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 6a, 16:12
Tolosako jabetze eskolako irudi bat, kultur etxean.

Emakume talde batek azkartu egin nahi du, Tolosan emakumeen etxea garatu eta sortzeko prozesua; bilera irekia izango da, bihar, 18:00etan, Tolosako kultur etxean.

Duela hiru urte hasi hasi ziren, Tolosan, emakumeen etxe bat sortzeko bidezidorra egiten. Parte hartze prozesu batean suertatu zen proposamena egiteko aukera, eta udalak ebaluazio bat ere egin zuen, hirigintza batzordetik, proiektua aurrera eraman zitekeen edo ez erabakitzeko. Orduz geroztik, ordea, gaiak pixkanakako aurrerapausoak eman ditu, eta Tolosan talde bat sortu dute, hori azkartzeko: Tolosako Emakumeen Etxearen Aldeko Taldea.

Tarana Karim talde motor horretako kide bat, beste lauzpabost emakumerekin batera, eta "gauzak azkartzea beharrezkoa" dela azpimarratu du: "Parte hartze prozesuaren ondoren udal hauteskundeek udala aldatu zuten, eta prozesua izoztu egin zen. Horrela, duela bi urte inguru, Tolosako Udaleko Berdintasun Saila berriro hasi zen emakumeen etxea sortzeko ideiarekin bueltaka, eta batzordea sortu zuten horretarako", dio.

Alkatea, alderdi politikoetako ordezkariak eta emakume taldeetako ordezkariak elkartzen dira batzordean, eta informazio fasean daude, Karimek azaldu duenez: "Oraindik ez dute argitu emakumeen etxea zertarako den, eta Tolosan eta Tolosaldean zer nahi dugun. Ni neu Basauriko emakumeen etxea ezagutzen izan nintzen, eta teknikariek, zinegotziak eta alkateak ere beste zenbait kasu aztertu dituzte, eredu moduan. Baina, gure ustez, lehenbailehen martxan jarri behar da Tolosako Emakumeen Etxea".

Birika bat, hiriaren erdian

Izan ere, Tarana Karimek argi du emakumeen etxeek "sekulako eginkizuna" dutela gaur egungo gizartean: "Emakumeen jabetzerako gune dira, eta baita erreferentziazko gune ere. Emakumeen beharrei erantzuteko etxeak dira; birika bat, emakumeei arreta eta aholkularitza judizial zein psikologikoa eskaintzeko. Mugimendu feminista ere hazi eta indartu egingo litzateke etxe batekin. Finean, esparru eta arlo guztiak lantzeko lekua dira, baina bereziki emakumeei egokituta".

Tolosaldean badira beren gisara lanean ari diren emakume taldeak eta, Tolosako Emakumeen Etxearen Aldeko taldeak egokitzat du, horiek guztiek emakumeen etxe batean elkartea: topagune bat izatea. Horregatik, prozesua azkartzeko, emakumeentzako bilera irekia deitu dute biharko, 18:00etan, Tolosako kultur etxean: "Tolosaldean bizi den edozein emakume etortzea nahi dugu, eta azpimarra jarri nahi dugu, emakumeei begirako bilera bakarrik delako. Edozein esparru nahiz taldetatik etor daitezke, iritzi eta eskaera guztiak entzun nahi ditugulako. Jakin egin behar dugu Tolosaldean nolako emakumeak bizi garen eta zein behar ditugun, hortik irtengo baita emakumeen etxearen nolakotasuna ere".

Modu, horretan, emakumeen etxeek oro har duten funtzionamendua azalduko dute bileran, eta baita eredu zenbait erakutsi ere. Ondoren, norbere proposamen eta beharrak zerrendatuko dituzte, eta Tolosako Udalari testu bat helaraziko diote, eskaera argi batekin: "Testua orain erregistratuko dugu udaletxean, eta gure itxaropena da udazkenerako kontu hau guztia martxan jartzea. Badakigu udalak badituela azpiegiturak, eta zerbait emango digutela, baina guk zehaztu egingo diegu gure nahia: espazio fisiko handia behar dugu, hainbat jarduera garatu ahal izateko, eta gune irisgarri batean egotea ezinbestekoa da, erreferentzialtasuna izan dezan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!