Urak gaztetu du plenoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 24a, 16:47

Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan, Ura izan da 2016-2017 ikasturteko gaia, eta norbere herriko ordezkari politikoei proposamenak egiten ari dira, egunotan, eskualdeko hainbat ikasle; tolosarren txanda izan da gaur.

Belaunaldi berriek urrun dituzte Oria ibaia, egunero, kolore berri batekin esnatzen zeneko garaiak. Ordukoak ziren, koloreekin batera ibaian behera joaten ziren aparra eta usain txarra, baina ohitura berriek eta kontzientziaren sustatzeak nabarmen hobetu du ibaiko uraren kalitatea. «Hala ere, gehiago hobetu daiteke oraindik», Olatz Peon Tolosako alkatearen ustez, eta bide horretan aritu dira, aurtengo ikasturtean, Eskola Agenda 21 egitasmoan.
Tolosan 4.428 ikaslek parte hartu dute 2016-2017 ikasturteko Eskola Agenda 21 proiektua, gero eta ikastetxe gehiago batzen baitira hezkuntza eta ingurumenaren zaintza uztartzera. Horrela, Ura izan dute ezagutu, aztertu eta jorratu beharreko gaia, Samaniego, Orixe, Tolosaldea LHII, Laskorain, Herrikide eta Inmakulada ikastetxeetako neska-mutilek.
Hamalau urte dira, jada, Eskola Agenda 21 proiektua lehen aldiz abiarazi zutenez geroztik, eta uraren gaia jorratu izan dute lehenago ere, 2009-2010 ikasturtean. Orduko eskaerek aldaketak eragin zituzten, eta abiapuntu horri heldu diote aurten.
Batetik, uraren gaia ezagutzeari ekin zioten ikasturte hasieran, eta sentsibilizazioa ere landu zuten. Ondoren, norbere ikastetxeak urarekiko zuen egoera aztertu zuten. Azken lana, berriz, Tolosako Ingurumen Zentroaren laguntzaz, herri diagnosia egitea izan da.

Konpromisoak eta proposamenak


Haur Hezkuntzatik hasi eta Lanbide Heziketara bitarte, urari dagozkion hainbat ikuspuntu aztertu dituzte ikasleek, adinaren arabera. Iturriak ezagutu eta aztertzen aritu dira gaztetxoenak eta, mailaz maila, ibaiko biodibertsitatea, uraren kontsumoa, errekaren garbiketa nahiz ura tratatzeko prozesuak izan dituzte hizpide.
Gaur pleno txikia izan da, horrela, Tolosako udaletxean, eta ikasleen ordezkariek bertan plazaratu dituzte hilabetetako lanketak emandako hausnarketak. Konpromiso zenbait hartu dituzte, hasteko, eta Tolosako Udalari uraren esparruko proposamenak ere egin dizkiete, gero.
Besteak beste, honako eskaerak egin dituzte belaunaldi berriek: informazio kartelak jartzeko kanpainak abian jartzea; gazteei eta langabetuei ibaia garbitzeko lana eskaintzea; Tolosako iturrietako presioa jaistea; iturri gehiago jartzea, Topic, Zerkausia, Belate, nahiz Emeterio Arrese inguruetan; gaur egun jarrita dauden iturriak txukun mantentzea; landare inbaditzaileak suntsitu eta bertako espezieak landatzea; ibaiaren zaintzaren garrantziaz herritarrak kontzientziatzea; ibaiko landarediari, animaliei nahiz nortasunari buruzko informazio panelak ezartzea; ura edangarri bilakatzeko egin beharreko lan guztiari buruzko informazioa zabaltzea eta, azkenik, industrien isurketak kontrolpean izatea.
Olatz Peon alkateak banan-banan erantzun ditu eskera guztiak. Batzuk jada martxan dira, eta beste zenbait bere horretan gauzatzea ezinezkoa litzateke. Hala ere, proposamenak –panel berriak ezartzea, iturri gehiago era jasangarrian ezartzea nahiz erreka garbitzeko auzolana urtero egitea– kontuan hartu eta gauzatzen saiatuko direla azpimarratu du.
Gainera, Patxi Amantegirekin batera, Tolosako ikasleak zoriondu ditu,egindako lanagatik eta ateratako ondorioengatik: «Mende berriko urrea deitzen diote urari, eta lan bikaina egin duzue halako hausnarketak plazaratuz».
Azkenik, aipatzeko da, hurrengo ikasturtean klima aldaketaren bueltan lan egin beharko dutela Eskola Agenda 21eko ikastetxeek.

Agenda 21 eskualdean

Maiatzaren 26a.
Alegian pleno txikia, 09:30ean.
Altzon pleno txikia eta sinadura ekitaldia, 11:30ean.
Maiatzaren 29a. Asteasun pleno txikia, 09:30ean.
Maiatzaren 31. Iruran pleno txikia, 11:00etan. ik
Ekainaren 7a. Tolosaldeko Eskula Agenda 21eko ikasleen IX. topaketa Tolosako Zerkausian.
Ekainaren 10a. Ingurumen festa.

Erlazionatuak

Uraren kontsumo arduratsuaz aritu dira

Tolosaldeko Ataria 2017 mai 24 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!