Jarraipen zabala izaten ari da hezkuntza publikoaren greba

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 23a, 15:42
Alegiako San Juan ikastetxean grebarekin bat egin dute. Elkarretaratzea egin zuten atzo.

Sindikatuek ez dituzte datuak eman, jarraipen zabala izaten ari dela besterik ez dute esan; Eusko Jaurlaritza parte hartze datuei ematen ari da garrantzia «benetako eztabaidan ez sartzeko», sindikatuek salatu dutenez.

Eskualdeko ikastetxe gehienak erabat itxita daude, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan egindako greba deialdiari jarraituz. Sindikatuek ez dituzte datu zehatzak eman oraingoz, baina bai nabarmendu, jarraipen zabala izaten ari dela.

Datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik iritsi dira, gobernuaren arabera %79aren gaineko informazioa izanik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakasleen %43,43ak egin du bat deiarekin, hezkuntza bereziko %51,79ak eta sukaldeko langileen zein garbitzaileen artean %46,79ak. Haurreskolak patzuergoan %63,70ak egin du bat grebarekin.

Aurreko deialdietan ere –martxoaren 22an eta maiatzaren 16an– jarraipenaren inguruko hika-mika izan zen nagusi gobernuaren eta sindikatuen artean. Sindikatuek orduan, benetako eztabaida ez dagoela datuetan esan zuten, «Hezkuntza saila datuei eman die garrantzia benetako eztabaidan ez sartzeko», salatu zuten.
Bi aldeen artean akordiorik ematen ez bada ikasturte berriarekin grebak egingo dituztela esan dute sindikatuek.

Oinarrizko eskaerak

  • Inbertsioa handitzea. Hezkuntza inbertsioa handitzea, gutxienez Europar Batasuneko batez bestekoa progresiboki %6ra iritsiz.
  • Lantaldeak handitzea. Lantaldea handitzea 2.000 langiletan.
  • Behin-behinekotasuna murriztu. Batez besteko ia %40ko behin-behinekotasuna, %6ra murriztu; %38 irakasleetan, %57 haur eskoletan, %58 heziketa berezian eta %63 sukalde eta garbiketan. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz hainbat kolektibotan.
  • Ikasleak. Gelako ikasle kopurua %10 murriztea.
  • Soldatak. Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
  • Ordezkapenak. Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
  • Bajak. Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
  • Erretiroa. Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
  • LOMCE eta Heziberri. LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
  • Desorekak. Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin.
  • Euskara. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
  • Hezkuntza legea. Balizko Hezkuntza Legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarren parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!