[IRITZIA] Zakilkeria gelditu!

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 23a, 12:49

Gipuzkoa Zutik-ek larunbaterako deialdia eginez kaleratu duen idatzia:

Markel Olanok obren inaugurazio ekitaldian aitortu zuen erraustegi proiektua "sinbolo" bat dela. Arrazoi osoa du. Erraustegia sinboloa da: %1aren Zakilkeriaren sinboloa, bere tximinia luze zutikatu eta guzti. Gaurko Kapitalismoaren ikurra da erraustegia eta Kapitalismoa emakumeen bizitzen gain altxatzen da: Erraustegiarekin negozioa egingo dutenak zakildun txuri aberatsen klubekoak diren bitartean, erraustegiak gaixotuko dituenak gehien zainduko dituztenak emakumeok gara, guri egozten digutelako zaintza, eta murrizketa sozialek are gehiago zamatu dituztelako zaintza lanez gure bizkarrak.

Badakigu Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko erraustegia ez dugula behar, eta oraindik askoz gehiago birziklatzera iritsi nahi dugu. Beraz, arduragabekeria litzateke Lurra alarma gorria bidaltzen ari denean, Klima Aldaketa eragiten ari garenean, Euskal erkidegoak negutegi efektuko gasak jaisteko hartutako konpromezuak beteko ez dituenean, Lurra eta airea kutsatuko dituen tximinia inutil bat jartzea. Zakilkeria litzateke bere kearekin eta elikaduraren bidez gaixotuko gaituen tximinia inutil bat egitea. Basakeria litzateke kea arnastera 1.100 preso kondenatzea. Zubietako makrokartzela eta erraustegia, herritarren errepresioa dira. Indar zakilez isilarazten dituzte errausketaren aurkako ekintza baketsuak (porrak, gomazko pilotak, Mozal Legearen isunak...). Kaikukeria da Aldundiak Diario Vascon kea saltzeko publi-erreportajeak ateratzea, bata bestearen atzetik, diru publikoz ordainduta. Negozio biribilaz gain, zakilkeria kontua ere bada erraustegi proiektua, Olanok hemen nork agintzen duen garbi gera dadin egin nahi duena

%1ak hurrengo 35 urteetan diru publikotik negozioa egingo duela aseguratzeko, murrizketa sozialetako dirua bideratuko dute behar ez ditugun proiektu usteletara: Erraustegia, AHT, Donostiako Metroa... Murrizketa sozialak eta proiektu ustelak txanpon beraren bi aldeak dira. Eta txanpon hori beti da gurea!

Horregatik, hemen gaude, eta elkarrekin egingo dugu borroka, murrizketen guraizeekin zauritu gaituzuenak. Hemen gaude, gure bizitza osoan zergak arduraz ordaintzen ditugunak, Panaman konturik ez dugunok eta Urbaserren eta Cuatrecasas-en "Lezo tramako" ustelkerian konplize ez garenok; Hemen gaude jubilatuak, langabetuak, ikasleak, prekarizatuak, langile pobretuak, langile ere deitzen ez diguten etxeko langile eta zaintzaileak! Hemen gaude gure bizitza oso produktiboa lan munduaz kanpo antolatu dugunok, hemen gaude aktibistak, militanteak, eta hemen gaude soldata oraindik "duina-edo" jasotzen dugunok. Hemen gaude, "ez dagoela dirurik" errepikatzen diguzuenak, lelotzat hartuta. Ez omen dago dirurik pentsioentzat, RGIarentzat, eskola eta unibertsitate publikoentzat, Osakidetzarentzat, langabeziarentzat, alokairu sozialentzat, ez omen dago dirurik kultura eta euskara sustatzeko... eta hainbeste proiektu zakilentzako bai?! %99a gara eta ez diegu utziko gure dirua lapurtzen!

Proiektu zakilei bizitzarekin aurre egingo diegu: Maiatzaren 27an, Denok Zubietara! Olano ere gonbidatzen dugu hobeto bizitzera: proiektu ustelak utzi eta bizitzaren haziak ereitera! Gure borroka, denon bizi baldintzak hobetzeko da! Diruaren gainetik, bizitza da handiena! 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!