Gaur ere greba eguna, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 23a, 07:55
Pasa den astean ere, greba eguna izan zuten hezkuntza publikoan. IMANOL GARCIA LANDA

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek grebara deitu dituzte irakasleak eta baita heziketa bereziko langileak, sukaldariak, garbitzaileak eta Haurreskolak Patzuergoko langileak ere.

Oraingoz gaur dute azken greba eguna unibertsitateez kanpoko hezkuntza publiko zein haur eskoletako langileek; hau da, irakasleek, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaileek, eta baita Haurreskolak Patzuergoko langileek ere. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta egin dituzte grebak, eta bigarren olatu honetan, gaur dute azken eguna. Izan ere, martxoan egin zituzten lehen greba egunak, eta Eusko Jaurlaritzak erantzunik eman ezean, maiatzean gehiago egingo zituztela iragarri zuten. Horrela izan zen; Hezkuntza sailak ez zuen negoziatzeko inolako borondaterik agertu, sindikatuek salatu zutenez, eta maiatzaren 16 eta 23rako deitu zituzten greba egunak. Tolosaldean oihartzuna izango du lanuzteak, izan ere, 20 bat eskolatan izango du eragina, gehienek ateak erabat itxiko dituztelarik.

Grebarekin batera, 12:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte hiriburuetan, Donostian Boulevardetik aterako dira. Eusko Jaurlaritzak jarrera aldatu ezean, sindikatuek ikasturte berriarekin grebekin jarraituko dutela ere aurreratu dute.

Pasa den asteko greba eguna arrakastatsua izan zen sindikatuek esan zutenez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langileen %80k egin zuen bat grebarekin sindikatuen datuen arabera. Jaurlaritzak aldiz, %50ean kokatu zuen grebaren jarraipena. Esan behar da, grebarekin bat egin zutela ere ESK eta CNT sindikatuek, eta CCOOk bere kabuz egin zuela deia, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Hezkuntza Ordezkaritzen aurrean elkarretaratzeak deituta.

Jaurlaritzari eskakizuna

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak «ez du benetako negoziaziorik abiatzeko asmorik agertu», salatu du Steilas sindikatuak. Horren aurrean sindikatuek Jaurlaritzak azken urteetan «inposatutako» murrizketa eta hezkuntza politika «errotik aldatzea» eskatzen dute, «honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haur eskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta eman behar diote». «Hezkuntza sailak lan baldintzak hobetzeko eta gure hezkuntza sistemaren oinarrizko zeregina bermatzeko funtsezkoak diren behar hauei erantzun ezean, datorren ikasturtean ere greba eta mobilizazio dinamikari jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko», gaineratu du Steilasek.

 

Eskualdea, bozketen emaitzak herriz herri:

Abaltsizketa. Txalburu herri eskolan (Lehen Hezkuntza) 6 irakasleetatik 6k egin dute bat grebarekin.

Aduna. Adunako herri eskolan (LH) 13 irakasleetatik 6k egin dute bat grebarekin eta heziketa berezikoak ere bat egin du lanuztearekin.

Albiztur. Albizturgo eskolan (LH) 8 irakasleetatik 7k egin dute bat.

Alegia. San Juan eskolako (LH) 30 irakasleetatik 30ek egin dute bat  eta 4 sukaldeko langileetatik 2k.

Alkiza. Herri eskolako (LH) 9 irakasleetatik 9k egin dute bat eta baita heziketa berezikoak ere.

Altzo. Imaz Bertsolaria Herri Eskolan (LH) ez dute grebarik egingo.

Amezketa. Zumadi eskolako (LH) 19 irakasleetatik 16k egin dute bat.

Asteasu. Pello Errota Herri Ikastetxean (LH) 29 irakasleetatik 22k egin dute bat grebarekin eta baita heziketa berezikoak ere.

Berastegi. J. A. Muñagorri eskolan (LH) 23 irakasleetatik 16k egin dute bat grebarekin.

Ikaztegieta. Herri eskolan (LH) 9 irakasleetaitk 9k egin dute bat.

Lizartza. Juan XXIII Herri Eskolan (LH) 13 irakasleetatik 13ek egin dute bat deialdiarekin.

Zizurkil. San Millan eskola txikiko (LH) 6 irakasleetatik 6k egin dute bat, eta beheko Pedro Mari Otaño ikastetxean (LH) 22 irakasleetatik 18k egin dute bat eta baita heziketa berezikoak ere.

OHARRA: Alegiako Aralar institutuan (Bigarren Hezkuntza), Berrobi San Andres eskolan (LH), Bidania-Goiazko Txinkorta eskolan (LH), Tolosako Samaniego ikastetxean (LH), Orixe institutuan (BH) eta Lanbide Heziketan, Villabonako Fleming ikastetxean (LH) eta Erniobea insitutuan (BH), gaur jakingo dute zeinek egin duen bat grebarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!