Sahararrentzat, biraka

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 18a, 14:59
Urdangarin, Estanga, Eizagire eta Arratibel, ekitaldiaren aurkezpenean.

Igande honetan egingo den Berazubin bueltaka ekimena aurkeztu dute, jendearen parte hartzea eskatuz.

Mendebaldeko Sahararen aldeko elkartasun gunea bihurtuko da Berazubi estadioa igandean. Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatuta, Maiatza Borrokan jardunaldiei amaiera emateko ekitaldia izango da Berazubin bueltaka. Uda hemen pasatzeko haur sahararrak ekartzen dituzte elkartetik aterpetxe batetara, eta horrek suposatzen duen gastuei aurre egiteko antolatu dute, besteak beste, ekimena.   

Gregorio Eizagirre elkarteko kideak azaldu duenez, «Tolosaldea bueltaka jarri nahi dugu. Uste dugu oso ideia polita dela, eta herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute». Orain arte Amasako apaizetxera ekarri izan dituzte haurrak eta aurten Tolosan egongo dira, udalaren etxebizitza batean, Amasako apaizetxean obrak egin behar dituzte eta.

Iganderako lortu dituzte hainbat talde bueltaka aritzeko. Ikusita pistak 400 metro dituela, erronka da 105 buelta egitea, hau da, maratoi bat, talde horien artean. Pistaren lehenengo bi kaleetan maratoia egingo dute taldeak ariko dira, eta beste parte hartzaile guztiek beste kaleetatik egingo dituzte itzuliak. Ekitaldiaren leloak dioen moduan, Buelta bat, euro bat, egiten den itzuli bakoitzeko euro bat emango dute parte hartzaileek. «ETBko Gailurra saioko kideak tolosar ospetsu batekin ariko dira biraka Berazubin, baina ez dugu aurreratuko zein izango den», esan du Eizagirrek.

Aterpetxera ekartzen duten haur bakoitzaren bidaia eta mantenua ordaintzeko 1.900 euro behar dituzte elkartetik. «Guretzako asko da, eta horregatik eskatzen dugu Tolosaldeko herritarrei laguntza hau», esan du Eizagirrek.

Bide batez, eskualdeko udaletatik erakusten duten elkartasuna eskertu du Eizagirrek, eta gogora ekarri du igandeko ekimena ere aldarrikapenezkoa dela. «Ezin da ahaztu Sahara herria errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dela», esan du Eizagirrek. «Ekimen guzti hauekin aldarrikatu nahi dugu sahararrek bizi behar dutela bere herrian, eta hau izango da beste modu bat berriro Espainiako Gobernuari eskatzeko NBEren aurrean eskatu dezala sahararrak bere herrira itzultzeko bidea jarri dezatela».    

Ekimenaren aurkezpenean, hain justu, eskualdeko udalerriak ordezkatuz, Eneko Urdangarin Amasa-Villabonako zinegotzia, Pello Estanga Anoetako alkatea eta Ixiar Arratibel Ibarrako alkateordea izan dira. Estangak azaldu duenez, «gai honetan denok bat egiten dugu eta gure babes politikoa du ekimen honek». Bide batez, Estangak azaldu du «badela garaia NBEk erreferendumaren aldetik hartutako erresoluzioa gauzatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!