Eskola Agenda 21ean aurten ura aztergai

Jon Miranda Labaien 2017ko mai. 18a, 10:40
Zizurkilen elkartu ziren udal ordezkari eta ikasleak udal foroan. JON MIRANDA

Udal ordezkarien aurrean ikasturte osoan zehar egin duten lanketa aurkeztu eta hartutako konpromisoak berretsiko dituzte eskualdeko ikasleek egunotan.

Aurten Tolosaldea Garatzen eta Tolosako Ingurumen Zentroaren gidaritzapean ura aukeratu dute gai bezala Eskola Agenda 21 egitasmoan lantzeko. Urte osoan egin den lanketaren barruan, udal foroak burutzen ari dira herriz herri. Aduna eta Berastegin egin zituzten bileran astearen hasieran eta atzo ikasleak Anoetako eta Zizurkilgo udal ordezkariekin bildu ziren.

Ikasleek lehendabiziko azterketa ikastetxean bertan egin dute eta uraren inguruko zein azpiegitura dituzten, ura aurrezteko zein sistema duten eta ur kontsumo ohiturak nolakoak diren ikusi dute, bertatik bertara. Azpiegitura arloan zein hobekuntza egin daitezkeen proposatu dute eta Oihana Orkolaga Tolosako Ingurumen Zentroko arduradunak aipatu duenez, «jasangarritasun irizpideak curriculumean barneratuta dauden frogatzeko ere balio izan du lanketa horrek».

Ikastetxetik kanpora, Tolosaldea Garatzenek bultzatuta eta Tolosako Ingurumen Zentroaren laguntzarekin herri mailan ere egin dute uraren egoeraren azterketa. Herriko iturriak, errekak kutsadura aldetik nola dauden, landare inbaditzailerik ote dagoen ibaietan, herritarrek ohitura jasangarriak ote dituzten eta ura aurrezteko neurriak landu dituzte, besteak beste, Eskola Agenda 21 barruan.

KONPROMISO ETA ESKAERAK

Ikasturte honetan egindako lana aurkezteko udal foroak egingo dira egunotan eta bertan, atera dituzten ondorioak aurkeztearekin batera, ikasleek uraren egoera hobetzeko konpromisoak hartuko dituzte. Bide batez, proposamen batzuk ere luzatuko dizkiete tokian tokiko udal ordezkariei.

Zizurkilen Maite Amenabar alkateordeak eta Aitor Sarasua ingurumen zinegotziak egin zieten harrera, atzo, San Millan eskola txikiko, Zubimusu ikastolako eta Pedro Mari Otaño herri eskolako ikasleei.

Iturrien emaria eta altuera egokitzea eta Joxe Arregi plazan sortzen den putzuaren arazoa konpontzea eskatu zuten ikasleek. Bide batez, ibaian dauden landare inbaditzaileak kentzea eta komunak berritzerakoan bi botoi dituztenak jartzea proposatu zuten txikienek.

Udal ordezkariek aintzat hartu zituzten eskariak eta hartuak dituzten konpromisoei eusteko gonbita luzatu zieten ikasleei. Besteak beste, hondakinak errekara ez dituztela botako eta ura alperrik ez dutela gastatuko hitz eman zuten Zizurkilgo gazteek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!