Exotikoak eta inbaditzaileak

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 12a, 16:46

Tolosaldeko 6 ikastetxetako eta Lanbide Heziketako ikasleek erreka eta ibai ertzetako landare exotiko inbaditzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute azken hilabeteetan. Eskola Agenda 21 programaren barruan ura gaia lantzen aritu dira ikasturte honetan 11 ikastetxetan eta horren barruan aritu dira horietako batzuk, landare exotiko inbaditzaileetara gerturatzen Aranzadirekin batera.

Samaniego ikastetxeko DBH 1eko ikasleak Oria ibaiaren ertzean izan dira gaur goizean, landare exotiko inbaditzaileak identifikatu eta informazioa biltzen. Ez dira bakarrik egon Aranzadi zientzia elkartearen laguntza izan baitute. Izan ere, Eskola Agenda 21 programaren barruan ura gaia landu dute ikasturte honetan, eta martxoa, apirila eta maiatzean, Aranzadirekin batera, ibai eta erreka ertzeetan ibilaldiak egin dituzte landare exotiko inbaditzaileak identifikatu asmoz. 

Maria Azpiroz Aranzadiko Botanika saileko kideak azaldu duenez, "ibai ertzeetako basoaren ezaugarriak azaldu dizkiegu, zein egitura izan beharko luketen egoera natural batean eta gaur egun, gizakiaren eraginez, nola dauden azaldu diegu". Aranzadik ikastetxe bakoitzari ibilbide bat diseinatu die eta horrela ikusi ahal izan dute inguru honetan hiru direla landare exotiko inbaditzaile nagusiak. "Hemen dauden landare inbaditzaileak hiru dira nagusiki, horien berri eman diegu, eta horrekin oinarrizko informazioa lortu ahal izan dute, eta horrela dibulgazio lana egin dute eta baita etorkizunerako erauzte lanak egiteko informazioa bildu ere".

Azpirozek esan duenez, fallopia japonica, buddleia davidii eta Cortaderia selloana dira landare inbaditzaile nagusiak inguru honetan. "Fallopia japonica urari lotutako espezie bat da, bihotz formako kañabera bat da eta azpialdean ez du ezer hazten uzten. Buddleia davidi uztaletik aurrera loretan hasten da eta lore morea du, nahiko ikusgarria da, eta ezagunena cortaderia selloana edo Panpa Belarra da".

Hiru espezie hauek ibai ertzeetako ekosistemak kaltetzen dituztela esan du Azpirozek; "bertako espezieak  lekualdatzen dituzte, eta oso kaltegarriak dira. Espezie hauek besteak loretan ez daudenean loretan daude, sustantzia toxikoak botatzen dituzte besteak ez hazteko, hazi bankua egiten dute... Pentsa Panpa Belarraren motots bakoitzak 100.000 hazi sortzen ditu, eta japonicaren sustrai edo zurtoin gramu bakar batek ale berri bat sortu ahal du, oso azkar zabaltzen dira eta horregatik da oso zaila erauztea, hori bai, konturatu gara, bertako basoak dauden eremuetan gutxiago daudela, hau da, gizakiak eragin gutxiago izan duen eremuetan ez dira horren erraz barreiatzen".

Hezkuntza proiektua

Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabalek esan duenez, "Lehen Hezkuntzako ikasleek landare espezie inbaditzaileen inguruko informazioa jaso dute eta ibaian bertan identifikatu dituzte eskolan aipatutako landare inbaditzaileak. Ikasle hauek ipar-orratza, mapak eta mapetako eskalak nola erabili ere ikasi dute". Mendizabal proiektu honen koordinatzaile lanak egiten ditu eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek, berriz, informazio hori guztia ornitho.eus  Europa mailako plataformara igo dutela esan du.

Eskola Agenda 21eko programaren barruan daude Aduna, Altzo, Anoeta, Alegia, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Villabona, Tolosa eta Zizurkilgo ikastetxeak. Baina Aranzadi zientzia elkartearen batera Zizurkil, Asteasu, Alegia, Anoeta, Villabona eta Tolosako DBH 3ko, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako azken zikloko ikasleak aritu dira.

Jada 9 urte dira Tolosaldea Garatzenek Eskola Agenda 21 programa koordinatzen duela Tolosako Ingurumen Zentroarekin batera. Ibai eta erreka ertzeetako ibilaldi hauek, ordea, proiektu orokorrago batean kokatu behar dira: Tolosaldeko 28 herrietako ibai ertzeetako habitataren berreskuratzea eta espezie inbaditzaileak erauztea. Era berean, lau urte dira Tolosaldea Garatzenek proiektu hau garatzen duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!