Haurren platerari begira

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 11a, 08:00
Alkizako eskolako haurrek Otamendi jatetxean jasotzen dute jangela zerbitzua. REBEKA CALVO

Elikadura zaindu beharraz ohartuta, geroz eta gehiago dira eskoletako haurren bazkaria kudeatu nahi duten gurasoak eta orokorrean, hezkuntza komunitateko kideak. Bidea ez da erraza, ordea.

Jaten duguna gara. Esaldi borobila. Eta horren atzean egia borobila; elikagaien kalitatea eta jatorria kontrolatzeak mesede besterik ez du egiten. Etxean prestatutako otorduen gaineko kontrola ematea bakoitzaren esku dago, baina zer gertatzen da jangelekin? Nork erabakitzen du zein produktu erabiltzen diren eskolako haurren otordu nagusirako?

Geroz eta gehiago dira era horretako galderak mahai gainean jartzen dituzten gurasoak. Euren seme-alabek egunero-egunero ahora eramaten dutenaren berri izan nahi dute, eguneko menua zein den jakiteaz harago. Ez baita nahikoa menua zein izan den jakitea, menua osatzeko erabilitako produktuak zeintzuk izan diren eta non sortuak izan diren ezagutzea ere beharrezkotzat jotzen dute. Hori ere bada jaten duguna.

HAMAIKA EREDU

Eskualdean hamaika eskola daude eta beraz, hamaika eskaintza. Eskola jangela gehienetan catering enpresen bidez jasotzen dute otordua, baina badira bestelako ereduak abiarazi dituztenak eta baita horiek abiarazi nahi dituztenak ere. Bidea ez da erraza, ordea, Hezkuntza Sailak eskola jangelen ustiapenerako ezartzen duen araudia oso zorrotza omen da eta eskola bat baino gehiagotan daude «negoziaketetan». ATARIA-k horietako birekin hitz egin du, baina ez dute egindako bidea zapuztu nahi, eta zuhurtziaz jokatu behar dutela diote. Adierazi nahi izan dutena da, bidea luzea dela, zaila askotan, baina egin beharrekoa. Funtsean bi dira kontrolpean eduki nahi dituzten elementuak: produktuen kalitatea bermatu nahi dute eta jangela zaintza zerbitzu soil izateko arriskua ekidin. Era berean, zerbitzuak izan ditzakeen arazo edo zalantzak erantzuteko, hartu-eman zuzena izan nahi dute jangeletako arduradunekin, eta catering enpresen bidez, bide hori egitea, zailagoa dela diote.

Bide horretan lagungarri izango zaizkie, eskualdean bertan dauden beste esperientzia batzuk. Izan ere, Alkizan, Ibarran edo Abaltzisketan «eredu propioen» alde egin dute. Tolosaldean izango dira gehiago, baina ATARIA gaurkoan hiru eredu horietara gerturatuko da, lagin moduan.

 

Alkizan Otxamendi jatetxean elkartzen dira eskolako haurrak. 30 urte dira bertan eskolako jangela zerbitzua dagoela. Egunero-egunero 40 bat haur elkartzen dira bertan eta produktuak ere bertakoak direla dio Eleni Saizarrek, «baratze handia dugu eta normalean barazkiak geureak izaten dira, Anoetan erosita bestela. Inguruko produktuak izaten ditugu». Urte askotako esperientzia dute beraz, Alkizan, eta gurasoak gustura daudela diote. «Zer jaten duten eta jaten duten hori nondik datorren dakite, gustura daude».

Abaltzisketan ere herrian bertan bazkaltzen dute, ostatuan. Txalburu eskolako 14 haur inguru elkartzen dira egunero bertan eta menuak orekatuak eta osasungarriak izaten saiatzen direla diote. Bertan dute jangela; eskola garai bateko aterpetxean dago eta bi ate ditu, eskolara sartzeko bata, eta ostatuko atarira, bestea. Jangela, beraz, bertan dute. Bertako produktuak ez dira bertakoak izaten, hala ere. 11 urte dira eskolako jangela, ostatuan bertan dutela.

Ibarrako Uzturpe eskolak ere eredu propioa du. 2006-2007 ikasturtean egin zuten jangela zerbitzua indartzeko apustua. Iñigo Yurrita da bertako sukaldaria eta 150 bat otordu prestatzen ditu egunero. Produktuak bertakoak izateaz gain, ekologikoak izan daitezen saiatzen dira eta ikastolako guraso ere badiren bi ekoizlerekin biltzen dira ikasturte hasieran, beharrak ikusi eta euren ekoizpena ere horretara moldatu ahal izateko. «Asteko menua orekatua izateaz gain, garaian garaiko produktuekin osatzen dugu», esan du.

EREDU PROPIOAK

Hiru eredu hauetan bertakotasunak berebiziko garrantzia du. Eredu propioak dira, «interesgarriak» Tolomendi Landa Garapen Elkartearen iritziz. Tolomendik, dena den, ostatuetan bertan jangela zerbitzua eskaintzea interesgarria dela uste badu ere, are interesgarria deritzo ostatuetan kontsumitzen dituzten produktuak bertakoak izatea. Landa garapenerako elkartearen iritziz, jangelak ostatuetan izateak herriko baserritarren, udalen, ostatuen eta eskola komunitateen interesak biltzen ditu. «Eskolak eta ostatuak herriko ekonomia mugitzen dute, ostatuarentzat ekonomikoki interesgarria izan daiteke eta are interesgarriagoa, bertako produktuak kontsumitzen badira, helburua gure ustez, hori izan behar baitu», esan du Tolomendiko Imanol Olanok.

Hor kokatu behar da ere, Tolomendiren Jan Tolosaldea ekimena. «Tolosaldeko produktuak kontsumitzeak eskualdeko bertako ekonomia, gizartea, ingurugiroa... bultzatzen ditu. Hori da mezu nagusia. Kontsumo eredu batek edo besteak eskualdeko eredu jakin bat laguntzen edo posible egiten duela». Jan Tolosaldeak hainbat lan-ildo ditu eta horietako bat da ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko ezagutza bultzatzearena. Tolomendik argi du: bertako produktu, ekonomia eta ekoizpena bultzatzea eskualde guztirako da onuragarria, eta eskola jangeletarako abian diren jangela ereduek hori guztia indartzen dute.

Erlazionatuak

«Ekoizle nagusiak inguruko bi baserritar dira»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mai 11 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!