Dantzari txikiak protagonista, larunbatean

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 10a, 11:55
Alegian aurreko urte batean egindako Dantzari Txiki Egunaren irudia.

Eskualdeko hiru herritan, Iruran, Zizurkilen eta Alegian, Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute hilaren 13an.

Irura, Zizurkilen eta Alegian Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute larunbat honetan, hilaren 13an. Beraz, hainbat dantza taldetako txikienak izango dira protagonistak hiru herri horietako kaleetan.

Zizurkilen Maiatza Saltsanen barruan egingo da ekitaldia, 17:30ean hasiko dena,Bukalai dantza taldeak antolatuta. Joxe Arregi plazan Villabonako Oinargi, Ibarrako Alurr, Altzoko Artea eta herriko Bukalai dantza taldea elkartuko dira. Kalejira egingo dute eta ondoren dantza emanaldia egingo dute talde guztiek. 22:00etan, berriz, Bukalai eta Alurr taldeen emanaldia ikusteko aukera izango da.

Iruran, bertako dantza taldeak antolatuta, lehenengo aldiz egun osoko Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute. Anoetako Anitz, Tolosako Udaberri eta Villabonako Oinargi taldeak izango dira herriko taldearekin parte hartzen ekitaldian.

11:00etan abiatuko dira plazatik dantzariak kalejiran. Hiru talde osatuko dituzte, bakoitza dantza talde gonbidatu bat eta irurar dantzariez osatutakoa. Dantzak egiteko hiru lekutan ariko dira: Garbilekuaren plazan, Loatzo plazan eta Eguzki-Txoko erretirodunen egoitzaren inguruan. Talde bakoitzak zenbait dantza egin ondoren, beste puntu batera joango da, eta beraz, hiru taldeak, txandakatuz, leku bakoitzean dantzan ariko dira.

13:00ak aldera Irurako plazan elkartuko dira dantzari guztiak, 120 inguru, eta bertan agurra, fandangoa eta arin-arina eskainiko dituzte. Horren ondoren, 13:30ak aldera bazkaria egingo dute elizaren aterpean, gurasoek prestatuta. Bazkalostean, aurtengo berritasuna izango da, erromeria egingo baita Joxe Mendizabalekin, 15:00etatik 17:00etara, plazan.

ALEGIAN, ERE, ARRATSALDEZ

Alegian ekitaldia arratsaldez izango dute. Sutarri dantza taldeko txikienek parte hartuko dute bertan. Herrian zehar kalejira egingo dute, 17:00etan abiatuta, eta plazan emanaldi batekin amaituko dute. Txikienak plazan bakarrik egingo dute dantza, 3 eta 5 urte artekoek. Kalejiran eta gero emanaldian ariko direnak 6 urtetik gorakoak izango dira.

Azken urteetan egin moduan, Sutarriko dantzariak bakarrik ariko dira larunbateko ekitaldian. 50 dantzari inguru izango dira herri alaitzen. Ekainaren 9an ikasturte amaiera emanaldia dute Sutarrikoek, beraz, Dantzari Txiki Eguneko zenbait dantza saio horretarako entsegu modura hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!