'Maiatza Borrokan' ekimena amaitzeko, 'Bueltaka' Berazubin

Jon Miranda Labaien 2017ko mai. 8a, 17:30

Artean Espainiako kolonia zela hasi ziren sahararrak autodeterminazioa aldarrikatzen: garai hartan eratu zen Saharako Askapen Mugimendu Nazionala (1969). Fronte Polisarioak hartu zuen mugimendu haren lekukoa, 1973ko maiatzaren 10ean. Handik hamar egunera egin zuen lehen ekintza, maiatzaren 20an.

Urtero data horietan antolatzen du Tolosaldea Sahararekin - Sahara Bizi elkarteak Maiatza Borrokan ekimena. Datorren asteazkenean hasita, hitzaldiak, ikus-entzunezko emanaldiak eta tailerrak egingo dituzte. «Horrekin batera, festa giroko ekitaldi bat antolatzea beharrezkoa zela ikusi genuen».

Errefuxiatu kanpamenduetan urtero egiten da Saharako maratoia otsaila bukaeran. Eredu hori, Tolosako Berazubi estadiora ekarri nahi dute maiatzaren 21ean, 10:00etatik 14:00etara. «Filosofia sinplea da, atletismo pistari emandako buelta bakoitzeko euro bat». Bildutako diru guztia Maiatzak 20 elkarteak udan Saharako umeentzat aterpetxea antolatu ahal izateko baliatuko da.

Modu ezberdinetara parte hartzeko aukera izango da: familia edo lagun giroan egin ahal izango dira itzuliak eta eltzeitsuak jarriko dituzte dirua biltzeko. Baina badira maratoietan ibilitakoak diren herritar asko prest daudenak pistari 105 itzuli emateko, eta beraz, 42 kilometro egiteko. «Pertsona horiek euren borondatea jarriko dute, baina haiek egindako itzuli kopuruari dagokion dirua jartzeko babesle bila ibiliko gara komertzio, enpresa eta elkarteetan».

Lau ordu horietan animazioa egongo da eta besteak beste, iragarri dutenez Pirritx eta Porrotxek emango dute lehenengo itzulia.

 

MAIATZA BORROKAN 2017

MAIATZAK 10, ASTEAZKENA

17:00 - 19:30. Ezagutu saharar kultura Villabonako plazan, haima, tea, musika, henna eta idazketa arabiar tailerrak.

MAIATZAK 12, OSTIRALA

17:00 - 19:00. Anoetako plazan, haima, tea eta musika.

19:00. Conociendo al puelbo saharaui dokumentala.

MAIATZAK 15, ASTELEHENA

19:30. Palabras de Caramelo eta 2017ko Maratoia ikus-entzunezkoak Tolosako kultur etxean.

MAIATZAK 17, ASTEAZKENA

19:00. Li Beiruk Euskadiko Frente Polisarioko ordezkariaren hitzadia Tolosako Bidaiarien Txokoan.

MAIATZAK 18, 19 ETA 20

Egun osoan. Erresistentzia Haima jarrita izango da Tolosako Trianguloan. Maiatzaren 20an, 19:30ean Maroko Saharatik at lemapean elkarretaratzea.

MAIATZAK 21, IGANDEA

10:00 - 14:00. Tolosako Berazubin Bueltaka ekimena egingo da.

Erlazionatuak

Mendebaldeko Sahararentzat haize freskoa

Jon Miranda Labaien 2017 mai 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!