Tolosaldeko bisitari kopurua %21 igo da Aste Santuan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 3a, 18:11
Alde Zaharra ezagutzeko bi bisita izan dira egunero; guztira, 23 pertsonak parte hartu dute. IRATI SAIZAR

Eguraldi onak eragin zuzena izan du Tolosaldea Garatzeneko turismo sailaren arabera; ostatuen okupazioa %80tik gorakoa izan da bost jai egunetan

Pixkana baina etengabe hazten ari da hirugarren sektorea, Tolosaldean, eta horren erakusgarri dira, joan den Aste Santuko oporraldiak eman dituen datuak: iazko datuekin alderatuta, bisitari kopurua %21 igo da.

Tolosako Santa Maria plazako eta Larraitzeko bulegoak izan ohi dira Tolosaldea Garatzenen erreferentziak, bisitarien harrera neurtzeko. Bada, laugarren urtez jarraian, zenbakiek gora egin dute, eta 2.341 turistari harrera egin diete bi informazio guneetan; zehazki, iaz baino 404 pertsona gehiagori.

Aste Santuko oporraldiko eguraldiak bisitarien gorakadan erangin zuzena izan du Tolosaldea Garatzeneko turismo sailaren iritziz. Modu horretan, egun eguzkitsuenetan Larraitz eta Txindokiko Itzala parkea hautatu dute turista askok, egun lainotsuenetarako Tolosa aukeratuz.

ESKARIAREN NEURRIKO ESKAINTZA

Tolosaldeak hainbat profiletako bisitariak erakartzen ditu, eta hori nabarmen islatu da, turismo bulego bakoitza bisitatu duten turisten artean. Izan ere, Txindokiko Itzala parkean egun pasa egitera bertaratutako familia gipuzkoarrak nagusi izan diren bezala, Tolosako bulegoan Espainiatik bertaratutako bisitariak izan dira gehienak.

Zenbaki orokorrek ere bat egin dute joera horiekin, 1.676 turista gipuzkoarri harrera egin baitiote bi bulegoetan; espainiarrak, berriz, 337 izan dira. Hirugarren lekuan leudeke eskualdeko bertako bisitariak, 142 artatu baitituzte. Euskal Autonomia Erkidegotik, berriz, 120 turista bertaratu dira, informazio eske. Azkenik, Europatik eskualdea ezagutzera bertaratutako 94 bisitari hartu dituzte bulegoetan.

Aurreko oporraldietako joerari eutsiz, Espainiako turisten artetik madrildarrak izan dira gehienak, eta gauza bera gertatu da europarrekin ere: frantziarrak bertaratu dira gehien.

Topic museoa ere termometro egokia izan da turisten joan-etorriak neurtzeko, batez ere, bisita dramatizatuen harrera beroari begiratuz gero: aurrez antolatutakoez gain, beste lau bisita antolatu behar izan dituzte. Tolosako Alde Zaharreko bisita gidatua, berriz, egunero eskaini dute, eta 23 pertsonak parte hartu dute.

ATSEDEN HARTZEKO ERE, TOLOSALDEA

Eskualdeko txokoak ezagutzearekin batera, turista askok Tolosaldeko ostatuak aukeratu dituzte, atseden hartzeko. Landetxeetan %80koa izan da okupazioa, eta hotel eta pentsioetan, berriz, 7 puntuko igoera izan dute, %84ko okupazioekin.

Azkenik, aipatzekoa da taberna eta jatetxeek iaz baino jende gehiago izan dutela aurten. Zalantzarik gabe, larunbata izan zen egunik jendetsuena Tolosan, karakol saltsaren haritik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!