Euskara, ikastetxetan, denboran eta erretratutan kontatua

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 2a, 08:02

Euskara munduari begiratzeko modu bat dela idatzi zuen, behinola, Kirmen Uribek. Bada, ideia eder horri heldu, eta Tolosako eta Ibarrako ikastetxeetan euskarak izandako bilakaerari begira jarri dira DBHko 4. mailako gaztetxoak, Galtzaundi euskara taldearen eskutik: argazki erakusketa osatu dute, norbere ikastetxeko euskarari begiratzeko hainbat modu, areto bakarrean bilduz.

Egitasmoaren jatorria joan den abenduaren 3aren bueltakoa da, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira zenbait lanketa abiarazi baitzitzuen Galtzaundik, Euskararen Mahaiak sustatuta. Batetik, ikasleek grafitigintza tailerrak jaso zituzten Kimetz Martinezen eskutik, azken urteotan bezala. Klaseetan landutakoa, gainera, plazaratzeko aukera ere izan zuten abenduaren 3an bertan, semaforoetako kaxak euskarazko leloekin margotuz.

Bestelako sormen adarretan ere ibili dira, ordea, eta neska-mutil tolosar eta ibartarrek argazkigintza tailerrak ere jaso dituzte, Ura Iturralderen eskutik. Tolosako eta Ibarrako ikastetxeen ibilbidea euskararen ikuspegitik gaiaren inguruan aritu dira, eta tailer horietan landutakoaren fruituak bildu dituzte, kultur etxeko erakusketan.

Galtzaundi euskara taldeak azaldu duenez, herritarren intereseko bilduma da ikasleek osatu dutena. Izan ere, Herrikide, Laskorain, Orixe eta Uzturpeko historietan atzera egingo dute bisitariek, argazkiz argazki, denborak aurrera egiteko: lehen irakasle taldeak, gelakideekin egindako irteerak, eraikinen berritzeak, ikastetxe barruan irakur daitezkeen euskararen aldeko leloak nahiz gaur egungo irudi bilduma, eguneroko islatuz.

Maiatzaren 4ra bitarte zabalik izango da Tolosako eta Ibarrako ikastetxeen ibilbidea euskararen ikuspegitik erakusketa, Tolosako kultur etxeko areto nagusian.

KIKE AMONARRIZEN HITZALDIA, BIRIBILTZEKO

Erakusketaren itxiera berezia izango da, Kike Amonarrizen eta gaztetxoen arteko solasaldiarekin biribilduko baitute.

Maiatzaren 4an izango da, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian bertan, eta erakusketan jorratutako gaia izango dute hizpide hitzorduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!