Enirio-Doniturrieta pistarekin aurrera egin du mankomunitateak

Ariane Vierbücher/Goierriko Hitza 2017ko api. 26a, 20:02

Enirio-Aralar Mankomunitateak 200.000 euro bideratuko ditu Enirio-Doniturrieta pista egiteko. 2017ko aurrekontua eta Oiduiko txabola berritzea ere onartu dute ordezkariek.

Aurreko astean Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarra egin zuten Ordiziako udaletxean. Besteak beste, 2017ko aurrekontuen onartzea, Enirio-Doniturrieta oinezko bidea zabaltzeko ingurumen txostena eta proiektua egiteko lanak esleitzea, larre eta txabolen ordenantzaren alegazioen txostena eta onarpena eta Oiduiko txabolaren gaiak landu ziren.

Beste behin ere, Ordiziako batzar aretoa jendez bete zen. Debate luzea eta beroa izan zen eta publikoan eserita zeudenen artean ere antzeman zen hori. Landarlan edota Aralar Bizirik elkarteetako kideez gain, inguruko hainbat abeltzain, artzain eta ganaduzale ere bertan izan ziren, detailerik ez galtzeko.

Enirio-Aralar Mankomunitateak 2017rako onartutako aurrekontua 505.273 eurokoa da. 2016ko aurrekontua 300.324 eurokoa izan zen. Aurtengo ekitaldirako, beraz, nabarmen egin du gora. Aurrekontuaren eginkizun-egitarauaren koadroak ondorengoa deskribatzen du: 200.000 euro mendiko hobekuntzarako izango dira eta beste 200.000 euro pisten konponketarako, besteak beste. Diru sarrerak, berriz, ondorengoak izango direla aurreikusten dute: larreen ustiaketa, 36.409 euro; foru aldundiaren diru laguntza, 36.871 euro; Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten udalen ekarpena, 25.099 euro.

2017ko aurrekontua Amezketa, Abaltzisketa, Ordizia, Ataun, Beasain, Lazkao, Altzaga eta Aramako ordezkarien baiezko botoekin, zortzi guztira, onartu zen. Baliarrainek, Ikaztegietak, Itsasondok, Legorretak eta Zalbidiak abstentzioa eman zuten eta kontrako botorik ez zen izan.

DONITURRIETA BIDEA

Enirio-Aralar Mankomunitatearen bileran mahai gainean jarritako beste gai bat, Enirio-Doniturrieta oinezko bidea zabaltzeko ingurumen txostena eta proiektua egiteko lanak esleitzea izan zen. Zortzi aldeko boto izan zituen: Amezketa, Abaltzisketa, Ordizia, Ataun, Beasain, Lazkao, Altzaga eta Aramako ordezkarienak. Kontrako botorik ez zen egon eta abstentzioak bost izan ziren: Baliarrain, Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia.

Enirio-Doniturrieta bidea egiteko 200.000 euro bideratuko dira. Momentuz, ingurumen asistentzia eta proiektuaren erredakzioa egingo dira. Ingurumen asistentzia Hazi enpresak burutuko du eta 10.935,90 euro (gehi BEZa) kostako da. Bestalde, proiektuaren erredakzioa, Plazuela Ingenieria Civil enpresak egingo du eta 10.103,50 euroko aurrekontua izango du.

OIDUIKO TXABOLA

Bilkurako hamaikagarren puntuarekin, Oiduiko txabolaren gaia jarri zuten mahai gainean. Mankomunitateak babesa eman zion Oiduiko txabola berritzeko «laguntza ekonomiko eta humanoa» emateari, nahiz eta oraindik, laguntzaren zenbatekoa ez duten zehaztu. Batzarrean zeuden ordezkari guztiek eman zioten baiezko botoa gai zerrendako puntu horri.

LANDARLAN

Landarlaneko kideek Aralarko «pisten proiektua etetea» eskatzen jarraitzen dute eta «oso larritzat» jo dute «Ordiziako alkateak oraindik ere herrian onarturikoaren aurka batzar guztietan bere botoa» ematen jarraitzea. «Ordiziarrekiko errespetu falta nabarmena» dela adierazi dute.

Bestalde, Enirio-Aralarko ordezkariak «beren interes pertsonalen alde» egiten ari direla salatu du natur taldeak, «mankomunitateko ordezkari batek baino gehiagok Aralarren ganadua» dutela ere gehituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!