Langabeziak behera, baina nola?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 26a, 10:00

2016ko martxotik ekainera %12,03koa, ekainetik irailera %12,07koa eta irailetik abendua bitartekoa, %10,89koa. Behera egin du hortaz, langabezia tasak eskualdean.

2016ko martxoko eta 2017ko martxoko datuei erreparatua ere langabeziak behera egin du; 2017an iaz baino 312 langabetu gutxiago daude Tolosaldean. Eta atzoko datuak dira, Gipuzkoako lehen hiruhilekoan %9,3ko langabezia egon dela, behera egin duela hortaz.

Baina datuaren atzean kontuan hartu beharreko elementuak daude, sortutako lanpostu horien kalitatea esaterako. LABeko Haize Mendiaren hitzetan «azken lan erreformarekin kaleratzea merkatu da, eta gainera soldatak baxuagoak dira orain. Azken urteetan hitzarmen asko berritu ez direlako eta langileen soldatak izoztu direlako, langileok irabaz ahalmena galdu dugu. Oro har, gero eta lan baldintza prekariagoak ditugu, eta gau egun, soldatapeko lan bat edukitzeak ez du bizi baldintza duina izatea bermatzen».

Tolosaldea Garatzenek nabarmendu beharreko beste datu bat ere eman zuen orain hilabete gutxi; langabetuen erdia baino gehiago emakumea dela, %58. Tolosaldeko langabetuaren erretratua honakoa dela esan zuen: emakumea, 55 urtetik gorakoa, zerbitzu sektorean aritua, kualifikazio apaleko lanpostu bila dabilena, estatuan jaioa, iraupen luzeko langabetua dena eta derrigorrezko ikasketak dituena.

Emakumea da beraz, langabezia gehien pairatzen duena, eta badirudi, emakumea dela ere, lana lortuta ere kalitate baxueneko lanpostuan ari dena. Kalitate baxueneko lanpostua, eta beraz, soldata baxua. Izan ere, sexuaren araberako lan banaketa ematen da oraindik, lan batzuk emakumeek egiten dituzte nagusiki eta hauetan soldatak baxuagoak izan ohi dira.

Datuak argiak dira. 2016an Euskal Herrian emakumeek 7.666 euro gutxiago jaso zituzten urteko lanaldiarengatik. Hau da, emakumeen urteko lan errenta gordina gizonezkoena baino %26,3 baxuagoa izan zen.

Euskal Herriko datua da hori, baina Tolosaldeko errealitatea ere bera da. Herriz herriko azken datuak 2013koak dira eta hauen arabera, urte horretako emakumeen lan errentaren kopurua gizonena baino 6.962 euro baxuagoa izan zen, %43,77 gutxiago jaso zuten beraz.

Erlazionatuak

Prekarietatearen kontra

Tolosaldeko Ataria 2017 api 26 Amasa-Villabona 1

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!