ataria.eus

Zubimusu Ikastolak ingelesa ikasteko udaleku irekiak antolatu ditu

  Hezkuntza  Amasa-Villabona  Zizurkil

Eskaintza hau orain arte Zubimusu ikastolako ikasleei zuzentzen zitzaien. Aurten, ordea, Villabonako eta Zizurkilgo ume guztiei zabaldu zaie aukera.

Enjoy English udako oporretan ingelesa ikasteko aisialdi programa da. Ikastolen Elkarteak koordinatu eta antolatzen duen arren, eskaintza guztientzat irekia da. Alegia, ikastolaz kanpoko ikasleek ere har dezakete parte ekimenean. 2005- 2012 urteetan jaiotako umeei zuzendua dago, hau da, 4 eta 12 urte bitartekoei.

Ingeles udaleku hauetan monitoreak jatorrizko ingeles hiztunak dira eta haurrekin eskarmentua dutenak. Udalekuak irauten duen bitartean, bertako familia batekin biziko dira. Monitoreez gain, gainbegiraleek eta koordinatzaileek hartzen dute parte programan. Giro erlaxatu eta dibertigarrian, murgilketa linguistikoak umeei gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen die.

Aurten Enjoy English ekainaren 26tik uztailaren 21era izango da, goizeko 9:30etik 13:30era.

Helburu nagusi da ingelesezko komunikaziorako gaitasunak lantzea, jolas dinamikaren bitartez. Eta horretaz gain, atzerriko kulturen eta euskal kulturaren arteko elkartrukea sustatzea edota talde harremana indartzea aurrez aurreko komunikazioan eraginez.

Programa didaktikoari dagokionez, gela barruko zein kanpoko jarduerak izango dituzte, tartean, jolasak, antzezlanak, ipuin kontaketak, irteerak, e.a.

Izena emateko epea maiatzaren 10era artekoa da. Interesa dutenek Zubimusu ikastolarekin jar daitezke harremanetan 943 69 23 21 telefonora deituta edo idazkaritzara joanda. Eskaera orria beteta ikastolako idazkaritzan aurkeztu beharko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa