[PUBLIRREPORTAJEA] Mugarik gabeko harrobia

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 19a, 10:00
Miiko Parhiala eta Konsta Klasila dira Finlandiatik etorri diren bi ikasleak; ikastetxean, beren tutoreekin. TOLOSALDEA LANBIDE HEZIKETA INSTITUTUA

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak langabetu eta ikasleei bidea samurtzen dihardu. Euskal gizarteaz harago ere eragina izatea du xede, eta horren erakusle, bi finlandiar etorri dira gurera.

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua gizartearen giltzarri bilakatu da. Azken urteetan, langabetuei eta ikasleei bidea samurtzen urrats mardulak egin ditu ikastetxeak. Alabaina, inguruko enpresa entzutetsuenekin elkarlanean aritzeaz gain, euskal gizarteaz harago ere eragina izatea du xede.

Horren adierazgarri da, Konsta Klasila eta Miiko Parhiala (1999, Jyvaskyla, Finlandia) gazteek gurera eginiko bisita. Erasmus programa tarteko, ikastetxeak abagunea eman die Ilunki S.L. enpresan lanean jarduteko, ia sei astez.

Nazioarteko trukea hauspotzen

Orain gutxi, Tolosaldea Institutuko 15 ikasle joan ziren atzerrira, ordura arte jasotako ezagutza praktikan jartze aldera, enpresa europar batean. Aukera anitza eskaintzen zaie ikasleei; besteak beste, Polonia, Italia, Portugal, Irlanda, Eslovenia eta Finlandia.

Helmugen erkaketa egiterako garaian, finlandiarrek aitortu dute aukera gehienak zirela erakargarriak, baina, Euskal Herriak bazuela xarma berezia besteen aldean. Horrez gain, «Tolosaldea Institutuak emaniko informazioaren osotasuna, funtsezkoa izan zen gu hemen egoteko» aitortu du Klasila gazteak. Gainera, hona etorri aurretik dokumentatu egin zirela esan dute biek; «irakurri genuen Euskal Herria indartsua dela industria sektorean, eta erronka berezia izango zela guretzat proiektu horren parte izatea».

Ohiko legez, hiru hilabeteko prozesua izaten da Erasmus programarena; ordea, Finlandiako funtzionamendua medio, sei aste eskas egon izan behar dute Klasila eta Parhialak. Burumakur aipatu dute, «pena da hain denbora gutxi igarotzea hemen, denbora gehiagoz egongo ginateke, ezbairik gabe». Hobetzen zailak diren alde banatako 'feedback'-en ondorioz, Institutua gogor ari da lanean esperientzia gehiago gauzatu daitezen.

Ilunki S.L., argitik gehiago

Makina bat aldiz gertatzen da, atzerrira joan eta ikasten duzun horrekin zer ikusirik ez duen zerbaitetan jardun behar izatea. Klasila eta Parhiala gizasemeak Elektrizitatea ari dira ikasten, eta sektorearen adar ezberdinak jorratzeko aukera izan dute; «bagenuen ezertarako balioko ez zigun zerbait egingo genuenaren ikara, halere, ezagutzen ez genituen lanak egin ditugu; oso baliagarria egin zaigu».

Ilunki enpresako kideen berotasuna ere azpimarratu dute, eta bide batez, euskaldunen nolakotasunak gerizpetik atera dituzte, estereotipoak gezurtatuz; «euskal herritarrak gertukoak dira, oso atseginak; Finlandian jendea hotzagoa da, ez dago hain tratu epelik lankideen artean». Laudorio horiek ez dira kasualitate, enpresak aurten Ikaslan saria jaso baitu, hein batean, ikasleei luzatutako etenik gabeko laguntzagatik.

 

Denak onuradun

Maiz esaten da, praktikaldiak ikasleentzat onuragarriak direla zinez. Juan Luis Nazabal, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko koordinatzailearen aburuz, ikasleak ez ezik, Ilunki S.L.-ko arduradunak ere oso gustura egon dira gazteekin, eta oro har, enpresa guztiek atsegin handiz onartzen omen dituzte horrelako eskaerak.

Finlandiarren esanetan, «arrotza zaigun herrialde bateko bizimodua gertutik bizitzea interesgarria da guretzat, baina, baita enpresentzat ere pentsatzeko modu ezberdina duten horien parte hartzea; kulturen talka gauza ederra da».

Praktikari gorazarre

Ikerketa andanaren arabera, egungo hezkuntza-sistemarik eraginkorrena Finlandian indarrean dagoena da. Martxoan gainera, Institutuko kideak Finlandiara joan ziren hain justu, hango metodologia gertutik ezagutze aldera.

Halaber, Klasila eta Parhialak diote, ez dela dena arrosa kolorekoa, bertan ere azterketak egiten omen dituzte. Bi metodologien konparazioa eginda, beraien bizitokiko sistema zalantzan jartzeaz gain, hemengo hezkuntza goraipatu nahi izan dute. «Egia esan, nahiago dugu hemen lanean jardun, han liburu artean orduak igaro baino; gehiago ikasi dugu hemengo metodoarekin».

Etorkizunean mugarri

Lehen, hemendik urte batzuetarako bizimodua lauso samar irudikatzen bazuten ere, esperientzia, laino horiek baztertzeko baliagarria izan omen zaie. Argindarrarekin erlazionaturik jarraitu nahi dute, Ilunki S.L.-n lanean aritu ostean. Hori gutxi ez eta, ez diote etorkizunean Euskal Herrira itzultzeari bizkar ematen; «Aukera sortzen bada, zergatik ez? Motzak egin zaizkigu sei asteak, asko ikasi dugu, eta polita litzateke berriz ere bueltatzea».

Bestalde, aitortu dute beraien ikaste-prozesuan gehien balio izan duen tenorea izan dela; «laster lanean hasten bagara, badugu oinarri bat, lehen aldiko ezinegonak ez izateaz gain, geureganatutako jakintza oso mesedegarri izango zaigu», esan du bietan gazteenak, Parhialak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!