Matendu egin da gaikako bilketa

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 29a, 19:42

Tolosaldeko Mankomunitateak 2016ko balorazioa egin du eta gaikako bilketa tasa handitzen eta errefusa gutxitzen jarraitu beharra azpimarratu du

Europako hondakinen zuzentarauak prebentzioa eta birziklatzea hobesten ditu bere hierarkian; Tolosaldeko Mankomunitatea helburu horiei jarraituz ari da lanean, prebentzio ekimenak bultzatuz hondakinen sorrera ahalik eta gehien gutxituz, hondakinen berrerabilpen programan abian jarriz eta gaikako bilketa handituz. Mankomunitateak bere gain hartzen dituen 28 herrietan (Andoain barne hartuz eta Bidania-Goiatz kanpoan utziz), bildutako hondakin guztien %60,64 gaika jaso zen 2016an eta gainerakoa zabortegira bideratu zen.

Hori etxeko hondakinei dagokionez, industriaguneetan eta garbiguneetan ere jasotzen baititu hondakinak Tolosaldeko Mankomunitateak. Eskualdeko 650 enpresetan, esaterako, atez ate jasotzen dira papera, kartoia eta berrerabilgarriak diren plastikoak. Jasotako guztiaren %58,78a berreskuratu eta zabortegitik desbideratzea lortu da. Patxi Amantegi, mankomunitateko lehendakariordeak, herritarrak bezala, enpresetako arduradun eta langileak ere «zoriondu» nahi izan ditu lorpenagatik. Garbiguneetan jasotako hondakinak ere azpimarratu dituzte arduradunek: Tolosako eta Andoaingo garbiguneen bitartez, bertara bideratutako hondakinen %54,78 berreskuratu da.

300 KILOTIK 182 GAIKA

Tolosaldean herritar bakoitzak 2016an 300 kilo hondakin sortu zituen eta horietatik 182 gaikako bilketara bideratu zituen (%20,85 organikoa, %12,39 papera, %11,31 ontzi arinak eta %12,17 beira). Kontrara, eskualdeko herritar bakoitzak, iaz, 118 kilo hondakin utzi zituen sailkatu gabe, eta beraz, zabortegietara isuri ziren.

2015eko datuekin alderatuta gaikako bilketaren tasa mantendu egin da 2016an, Gemma Ezeiza mankomunitateko teknikariaren hitzetan. «Herri bakoitzak bere gaikako bilketa mailari eutsi dio eta orokorrean antzekoa da datua». %0,2an egin du gora iaztik.

Alde handiagoa sumatzen da azken zortzi urteetako bilakaerari begiratuz gero: 2008an biztanle bakoitzeko Tolosaldean 391 kilo hondakin sortu ziren eta 92 kilo baino ez ziren birziklatu, %23a. Gainerako 299 kiloak zabortegira bota ziren. «Batez ere, azken hiru urteetan egin du gora birziklatze tasak eta 2014an gurutzatu ziren zabortegira botatako hondakin kopuruak eta gaika bildutakoak», esan du Ezeizak.

Hondakin bilketaren bilakaerak gora egin du frakzio guztietan, baina bereziki, hondakin organikoari dagokiona hazi da gehien. 2013an hasi ziren eskualdean organikoa gaika biltzen eta orduan biztanleko zortzi kilo baino ez zen jaso. Iaz, 63 kilotara igo zen kopurua.

BILKETA SISTEMA EZBERDINAK

Tolosaldeko Mankomunitatean hondakinen sorrera prebenitzeko neurriak hartu dira eta landa eremuan auzo-konposta eta auto-konposta bultzatu da azken urteetan. Josu Amilibia, mankomunitateko lehendakariak azpimarratu duenez, «landa eremuko herrietan egunean, bataz beste, 0,57 kilo biltzen dira, eta gainerako udalerrietan, bataz beste, 0,86 kilo. Konpostajeak, beraz, hondakinen prebentzioan duen garrantzia nabarmena da. Azpiegitura handirik gabe eta herritarren arduraz egindako lana da, eta benetan eskertu eta zoriontzekoa dela uste dugu».

Eskualdeko 19 udalerrik osatzen dute landa eremuko herrien multzoa eta mila biztanletik beherakoak dira guztiak. Papera, ontzi arinak, beira eta errefusa biltzeko edukiontziak dituzte herri horietan eta materia organikoaren kudeaketa tokiko konpostajearen bitartez bideratzen da; guztira, 3.081 familia daude programa hauetan parte hartzen.

Landa eremuko herrietan %58,58an kokatu da 2016an gaikako bilketaren tasa (hondakin organikoak kontuan hartu gabe). Tasa hori, %72,10ekoa da, bataz beste, atez ateko bilketa sistema duten herrietan: Alegia, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta eta Zizurkilen. Iruran eta Villabonan iaz aldatu zuten sistema, atez atekotik edukiontzi bidezkora eta egunotan egingo dituzte aldaketak Ibarran eta Zizurkilen.

Bost edukiontzitan biltzen dituzte hondakinak Tolosan, Iruran (iazko martxotik) eta Villabonan (iazko urritik). Hiru herrien bataz besteko gaikako bilketa tasa %72,31koa da. Andoainen, biztanle kopuruari begiratuta, mankomunitateak kudeatzen dituen herritarren laurdena bizi da eta iazko irailean ezarri zuten han bosgarren edukiontzia. «Ezarpen prozesua malguagoa izan da» esan du Amilibiak, «udalerriarekin elkarlanean datu hori hobetzen saiatu behar dugu».

BILDUTAKOAREN KALITATEA

Tolosaldeko Mankomunitateak 2016an errefusa, organikoa eta ontzi arinen karakterizazioak egin ditu. Amilibiaren esanetan, «hondakinen kudeaketa sistemaren eraginkortasuna baloratu ahal izan dugu, kualitatibo eta kuantitatiboki, gai birziklagarri eta konpostagarriak identifikatuz».

Karakterizazio guztietatik materia organikoaren emaitzak eragiten die «kezka» gehien mankomunitateko ordezkariei. «Inpropioen presentzia %5a baino gehiago duen materia organikoak konposta egiteko bideragarritasuna galdu baitezake». Kopuru hori gainditzen dute eskualdean Tolosak (%7,62), Anoetak (%6,9), Irurak (%6,89) eta Villabonak (%6,77).

Landa eremuan errefusaren edukiontzietan ere egin dira karakterizazioak eta bataz beste, edukiontzi horietan organikoa eta birziklagarriak diren gaiak %45 izan dira. Kopuru hori oraindik ere handiagoa da (%60tik gorakoa) Alkiza, Asteasu, Hernialde, Gaztelu, Abaltzisketa eta Belauntza bezalako herrietan.

Tolosaldeko Mankomunitateak «tasa hobetu eta kalitatezko gaikako bilketa egitea» ditu helburu une honetan, «sortutako errefusa ahalik eta gehien gutxitzearekin batera».

%60,64 GAIKAKO BILKETAREN TASA TOLOSALDEAN

-Landa eremuko herriak (1.000 biztanletik beherako eskualdeko 19 udalerri): %58,58.

-Atez ateko bilketa sistema (Alegia, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta eta Zizurkil): %72,10.

-5 edukiontziko sistema (Tolosa, Irura, Villabona): % 72,31. Andoainen aurreko irailetik (%43 inguru).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!