Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Bigarren faseko lehen saioak

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 24a, 12:12

Zizurkilen eta Alegian hasiko da asteburuan, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako bigarren itzulia.

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa dira bigarren fasera, osatutako 12 multzotatik talde bana.

Bigarren itzuliko lehen saioak asteburu honetan izango dira. Bihar Zizurkil Goiko Plaza Etxeberrin, Karidadeko benta eta Ereñotzuren bertso afaria izango da 21:00etan hasita. Eskualdeko taldetik bertsotan, Haritz Mujika, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi ariko dira eta Ereñozutik etorriko dira Arnaitz Lasarte, Aritz Zerain, Ibon Miner eta Iñaki Zelaia.

Egun berean, ostiralean, bertso saioa izango da Orioko Salatxo tabernan 22:30ean hasita, Orio eta Urretxu-Zumarragako taldeen artean.

Hurrengo egunean, martxoaren 25ean, larunbatarekin, 7 Astoren Gainean eta Erniarraitz 1 Alegiako Gaztetxean ariko dira 22:30etik aurrera. Etxeko taldean ariko dira Imanol Irazustabarrena, Hodei Oiarzabal, Iñaki Artola eta Mikel Artola eta Azpeititik Beñat Lizaso, Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria eta Jokin Uranga gerturatuko dira Alegiara. Saioaren aurretik, 21:00etan zahagiardoa egingo da, norberak janaria bere etxetik eramanda.

Aurreko fasean bezala, oraingoan ere talde bakoitzak etxean saioa bat antolatu beharko du eta kanpoan beste saio baten abestuko du.

Bigarren fasean erabakiko da finalaurrekoetara pasako diren lau taldeak zeintzuk diren.

 

BIGARREN FASEKO XEHETASUNAK

EGIN BEHARREKO ARIKETAK:


Hasierako agurra. Oraingoan ez da puntuagarria izango.

Ofizioa Iparragirren. Hiruna bertso, taldekide batek.

Ofizioa 8ko txikian. Hiruna bertso, taldekide batek.

Ofizioa 10eko txikian. Hiruna bertso, taldekide batek.

Bakarka gaia emanda bi bertso. Taldekide batek.

Bi punturi erantzun. Taldekide batek.

Puntuka biren artean. Talde bakoitzeko batek, librean sei bertso osatu arte.

Taldeka pertsonaia emanda, bat asmatzen eta bi pistak ematen. Galde erantzunak, batek galdetu eta bik txandaka, erantzunak eman.

Taldeka egoera proposatuta koplatan. 9 kopla osatu arte trikitiaren laguntzaz.

Bukaerako agurra. Ez da puntuagarria izango.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!