Enirio-Aralar

Landarlan elkarteak Arartekoari kexa helarazi dio Aralarko Goroskintxuko pistari buruz

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 21a, 15:36

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Enirio-Aralar Mankomunitateko zuzendaritzaren jardunbideari buruz kexatzeko jo du ingurumen elkarteak Arartekora.

Bi dira kexaren muinak: batetik, Saltarriko pistaren ingurumen inpaktua aztertzeko aldundiak 2016ko udaran onartutako ebaluazio sinplifikatua; bestetik, Intzesao-Goroskintxuko pista egiteko Mankomunitatearen zuzendaritzak erabilitako prozedura. Kexa horretan, besteak beste, Landarlanek salatu du "ez dutela eman behar beste informazio eta parte hartzeko aukera mugatua izan dela oso".

Aldundiaren kasuan, Saltarriko pistako ingurumen inpaktuaren azterketaren dokumentazio gehiena "espainolez" zegoela salatu dute eta beraien balorazioak ez zutela jaso banakako erantzunik.

Mankomunitatearen arduradunek "informazio-eskubidea urratu" dutela esan dute ingurumen elkartetik. "Hala, Goroskintxurako pistaren lanak hasi zirenetik hogei egun pasatu arte, gure elkarteak ez zuen jaso eskatutako dokumentazioa. Orduan ere, obraren dokumentazioa espainolez jaso genuen, eta ingurumen jarraipenerako plana ez ziguten bidali. Gerora, lanak bukatu ondorengo txostena eskatu dugu, eta hori ere ez dugu jaso". Bestalde, Landarlanek dioenez, "jasotako dokumentazioaren arabera, ez dago argi Goroskintxurako pista egitea Enirio-Aralarko Mankomunitatearen zuzendaritza batzarreko inongo bileratan erabaki zenik". Landarlanek Arartekoari eskatu dio "beharrezko ikerketak" egin ditzala, eta dagokien erakundeei eska diezaien "gure hizkuntz, informazio eta parte hartzeko eskubideak berriro urra ez ditzaten".


Erreklamazioa Enirio-Aralarko larreen ordenantzari

Landarlanetik jakinarazi dute elkarteak erreklamazioa jarri diola Enirio-Aralarko larreen ordenantzari. "Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten ordenantza hori, urtarrilaren 13an, inongo publizitaterik egin gabe", zehaztu dute. Erreklamazio horren puntuak honako hauek direla azaldu dute:
 

  • "Lurzorua galtzeko arriskuan diren 1.600 hektareetan artzaintza mugatzea eskatzen dugu.
  • Larreratze epeak eta gehienezko azienda kopuruak aldatzeko aukerak Egitasmo Teknikoaren baitan uzten dira, baina horrelakorik ez dugu ezagutzen.
  • Larre sailak 36tik 41era igotzea onartzen da, eta ardien kopuru osoa 21.400era igotzea. Gaur egun dagoen egitamuaren arabera, gehienezko ardi kopurua 18.000 da, eta ez igotzea eskatzen dugu.
  • Behorren eta behien artean gehienez 800-1000 buru izatea eskatzen dugu.
  • Ibilgailu motordunetan ibiltzeko baimena abeltzain profesionalei mugatzea eskatzen dugu; gainerako ganaduzale guztiei beharrezko kasuetan soilik eman behar litzaieke baimena, mendizainaren oniritziarekin, orain arte bezala.
  • Baimendutako ibilgailu guztiek, edozein olio edo erregairen isurpena neutralizatzeko, 20 kg. sepiolita eramatea eskatzen dugu.
  • Ibilgailuaren erabilerari mugak jartzea eskatzen dugu: txabolara joateko soilik, ganadua Aralarren dagoenean bakarrik eta asteko 10 bidaia gehienez.
  • Lehorte aldietarako protokolo zehatz bat martxan jartzea eskatzen dugu.
  • Intzensao eta Goroskintxu arteko pistaren ezponda eta betelanean landaretza hazi bitartean ganadu larria inguru hartan larreratzea debekatzea eskatzen dugu.
  • Larre eskubidea galtzeko arau-urratze kopuru bat zehaztea eskatzen dugu.
  • Aralarko edozein tokitan (txabolak barne) askatzea debekatuta dauden produktuen zerrenda bat egitea eskatzen dugu.
  • Enirio-Aralarko larreak erabiltzeko baimena lortu aurretik abeltzain guztiek gutxienez sei orduko prestakuntza nahitaez jaso dezatela eskatzen dugu.(Aralarko Natur Ondarea, Natur Baliabideen Antolamendurako Planak eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa planak ezagutzeko)".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!