Etxe guztiak kantuz poztekoa

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 4a, 16:41

Ez dira asko izango, egunak berak baino ospakizun handiagoa duten bezperak. Horietako bat da Santa Ageda bezperako hitzordua, bai, behintzat, Euskal Herrian. Ohitura zaharrari gaurko ahotsez heldu, eta makilekin lurra kolpatuz ospatu izan dute, belaunaldiz belaunaldi, otsailaren 4a, gaurko moduan.

Tolosaldeko herri zenbait goizean goiz hasi badira ere, gehienek bazkalondorako utzi dute kantuan hasteko ordua eta eguraldi tristeak bat egin du Santa Ageda bezperako kantu eta koplen malenkoniarekin. Behin eztarria berotuta, ordea, ezin kantuari utzi, eta iluntzera bitarte jardungo dute usadio zaharra berritu eta beste urtebetez etxe guztiak kantuz poztuz.

Adunan guraso elkarteak bigarrenez hartu du, aurten, Sahara Aduna elkarteak urtetan antolatutako Santa eskearen lekukoa. Horrela, haur, gazte nahiz helduk bat egin dute udaletxeko arkupean, baserriz baserri abiatu baino lehen entsegu azkar bat egiteko.

Bidania-Goiatzen ere urterokoa berritzea izan da aurtengo Santa Ageda bezpera, Kukuri kultur taldearen eskutik. Bat-bateko koplen ardura Arkaitz Zelaia herritarren eta Ander Lizarralde oiartzuarraren ardura izan da, eta eguna ondo amaitzeko afari-legea egingo dute iluntzean.

Altzo, Anoeta, Zizurkilen eta Asteasun euripean

Zeruari begira egon dira Asteasun eta Zizurkilen kantatzera atera aurretik. Hala eta guztiz ere, ez dira atzera geratu, eta baserriz baserri Santa Ageda bezpera doinuak banatu dituzte San Millan ikastetxekoek eta Asteasuko Usarrabi abesbatzako kideek. Azken hauek, bertso eskolako kideekin egin dute itzulia.

Anoetan, plazan elkartu ondoren baserrietara joan dira. Ondoren, herriko kaleetan barrena ibili dira, Sarasola sagardotegian amaitu eta afaltzeko.

Altzon Koruko kideak eta herritarrak etxez etxe ibili dira arratsaldean. Amaiera, Elordi elkartean eman die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!