Donostiaz harago ere badago San Sebastian

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 18a, 09:00

San Sebastian eguna izango da ostiralekoa eta ohiturari jarraituz ekitaldiak izango dira Berrobi, Berastegi, Leaburu eta Orendainen

San Sebastian egunarekin meza bereziak izango dira eskualdeko lau herritan; Berrobin, Berastegin, Leaburu-Txaraman eta Orendainen. Lau herri hauek San Sebastiani eskainitako baselizak dituzte eta hori dela eta urtero bezala, ekitaldi xumeak antolatu dituzte.

Esan gabe doa eskualdean gehiago direla mezara joateko ohitura edo nahirik ez dutenak, joaten direnak baino, baina egia da ere, San Sebastiani eskainitako baselizak bereziak direla benetan, eta merezi duela handik pasatzea, kultur ondare hauek bisitatzeko.

Berastegin Leitzalde auzoan dago San Sebastian baseliza. Berastegitik Leitzara doan errepidetik ikusi daiteke eta Gorosmendi mendatetik igarotzen den lekuan dagoen muino baten gainean dago, 533 metroko garaieran. San Sebastian izurriteen eta legenarraren zaindaria omen eta kondairak dio bertan fraide bat bakarrik bizi izan zela . Egunero iturri batetara joaten zen ur bila eta iturri hori oraindik ere Praile-Iturri izenez ezagutzen da. Baselizan arku-harriak eta horma-bularrak dira interes gehien pizten dutenak.
Egun, hutsik dago, baina, ustez erdi arokoak diren leihoak ditu eta badago 1340. urteko agiri bat non baselizaren berri ematen den. Urte horretan santuaren aldeko kofradia bat sortu zuten, Santxastingo-konpadria.

Berrobiko baseliza
Berrobin ere badago San Sebastian ermita. Baseliza txiki bat da, errepide bazterrean dago, eta erretaula xume bat dauka, polikromatu gabekoa. Baselizaren lehen aipamena 1551. urtekoa da.
Leaburu-Txaramakoa Gaztelura garamatzan bidegurutzearen ondoan dago. Teilatu gainean kanpaia duen burdinazko kanpai-horma eta gurutzea ditu ermitak. Jainkotegia San Sebastianen irudia duen erretaula txiki bat du.
Orendainek ere badu San Sebastian ermita. 1566. urtekoa du lehen aipamena. Gracia de Lizarribar herritar zenak bere testamentuan jasotako azken borondateko xedapen dokumentu batean aipatzen da. Dokumentuak dio bere omenez argia jartzearen truke erreal bat emango zuela.

 

San Sebastian eguna

Berrobi

  • 16:00. Meza San Sebastian baselizan. Ondoren, merienda egingo dute ermitan bertan.

Berastegi

  • 10:00. Meza San Sebastian baselizan.

Leaburu-Txarama

  • 17:30. Meza San Sebastian baselizan.
  • Ondoren. Herriko dantzariek emanaldia eskainiko dute baselizaren kanpoaldean.
  • Bukatzeko merienda egingo dute herriko Ostatuan.

Orendain

  • 11:15. Herriko plazatik abiatuta, txistulariek alaitutako kalejira San Sebastian baselizaraino.
  • 11:30. Meza San Sebastian ermitan.
  • Ondoren hamaiketakoa eraikin berrian.
  • 14:00. Bazkaria Eltxoak elkartean aurretik izena eman dutenentzat.
  • Oharra: Eguraldi ona egiten badu, ibilgailuak herrian utzi eta baselizaraino txistularien atzetik oinez egiteko gonbita luzatu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!