«Euskal taldeak ez ditugu behar adina mimatu eta baloratzen»

Iñigo Terradillos 2016ko abe. 19a, 08:02

Enriko Rubiños eta DJ Bull, Vendetta taldeko bateria jotzailea eta musika irakaslea bata, eta eskualdeko nahiz Tolosaldetik kanpoko DJ ezagunenetarikoa bestea; bientzat ere, musika euren bizitzako zutabe garrantzitsua da.

Vendetta taldearekin kontzertuetan eta entseguetan ez dagoenean, musika irakasten egoten da Enriko Rubiños. DJ Bull, berriz, Vendettaren nahiz beste euskal taldeen musikarekin, herriz herri nahiz aretoz areto, festa giroa jartzen aditua da. Vendettaren Bother lan berriaren aurkezpenaren aitzakian elkartu ditugu aspaldiko lagunak diskoaz, musikaz eta bestelakoez solasteko.

Nolakoa da disko berria?

Enriko Rubiños: Aldaketa egon da disko honetan ere. Diskotik diskora beti nahi izaten dugu harago joan. Gure berezko ska estiloa nahastu nahi izaten dugu, eta oraingo honetan musika elektronikoarekin uztartu dugu. Soinu elektronikoagoa egin dugu.

Disko guztietan atzematen dira, beraz, aldaketak.

E.R.:Ez zaigu gustatzen bi disko berdin edo antzeko egitea. Benetan berria, berritzailea izatea nahi dugu, jendeak entzuten duenean sorpresaz hartzeko. 10 abesti ditu diskoak. Badaude bi reggae, nahiko lasaiak direnak. Gainerako guztia ska da. Ez da lehenengo eta bigarren diskoetan egiten genuen ska punk-a, klasikoagoa da, eta elektronikarekin pixka bat nahastua.

DJ Bull: Orain arte entzundakoa asko gustatu zait. Izugarrizko indarra du.

Aurrerapen kantua ere indartsu, trilogiaren zati den bideo eta guzti. 

E.R.: Kapsula bat dabil bueltaka, eta horren inguruan kokatzen da istorioa. Oso landutakoa da.

Bull: Irudiarekin asko saltzen da gaur egun, sare sozialen bidez-eta, beraz, alderdi hori landu beharra dago.

Non grabatu duzue?

E.R.: Gehiena Bilbo inguruan. Esne fabrika zahar batean baimenik gabe jarri ginen grabatzen, eta halako batean udaltzainak azaldu ziren. Bother the police kantua, eta polizia agertu! Baina, ez ziguten inolako arazorik jarri grabatzen jarraitzeko.

 

Eta, orain aurkeztea egokitzen da.

E.R.: 13 balas laneko biraren bigarren zatia amaitu berri dugu. Sekulako bira izan da. Birarekin batera, gainera, bideoklipak grabatu, diskoa prestatu… gogorra izan da, eta orain lanaren aurkezpenaren fasean gaude. Ez da gure lanetik gehien gustatzen zaidana, baina gustura egiten dut.

Zuzenekoak noiz hasiko irrikaz, ezta?

E.R.: Azken batean, Vendetta zuzeneko taldea da. Diskoak egiten ditugu, bideoklipak ere bai, baina guri gehien gustatzen zaiguna zuzenekoak egitea da. Urtarrila eta otsaila atsedenerako utzi dugu. Martxoan hasiko gara entseguekin, martxo bukaeran birari ekiteko.

Nolako taldea da Vendetta bull?

Bull: Izugarrizko taldea da. Zentzu guztietan. Taldekoen arteko sinbiosia, elkarren arteko harreman ona, asko nabari da zuzenekoetan, rollo oso ona dute euren artean, eta oso musikari onak dira.

Zuen bion artean ere harreman ona duzue.

E.R.: Bai, aspalditik ezagutzen dugu elkar eta ederki moldatzen gara.

2008. urtean Vendettarekin lehen diskoa, eta ordutik ia topera.

E.R.: Eboluzioa izan da. Geroz eta gehiagora egin dugu.

Izan ere taldearen abesti batzuk ia jende guztiak ezagutzen ditu.

Bull: Musika estilo gustagarria egiten dute, ska, reggae. Niri asko gustatzen zait mestizaje hori. Metal zalea naiz. Tronboia, tronpeta hor entzutea atsegin dut, bateria ahaztu gabe [barreak].

Parrandarako oso musika egokia da.

Bull: Ska oso erritmo bizia da. Mugitzeko aukera ematen du. Jai baterako aproposa.

Diskorako abestien aukeraketa egitean asmatzen al duzue edo espero ez zenuten kantuek izaten dute arrakasta?

E.R.: Nik uste dut nahiko begi ona daukagula. Disko guztietan geratzen dira kantuak kanpoan. Honetan hamabost bat bagenituen konposatuta, baina, ez zaigu gustatzen diskoa betetzea betetze hutsagatik. Hamar abestik pasa dute azken galbahea. Taldekideen artean egiten dugu aukeraketa, batzuk oso garbi izaten dute zein abesti sartu, eztabaidatxoa izaten dugu, eta ados jartzen gara, hori bai, batzuetan atzera egiten jakin behar da.

Bereziki maite duzun abestirik?

E.R.: Leña al fuego adibidez ikaragarri gustatzen zait. Kantu horrek, daukan bideokliparekin eta duen rollo onarekin, bide asko ireki zizkigun. Diskoa baino hilabete lehenago edo argitaratu zen, eta harrera oso ona izan zuen. Horrek poz handia ematen du.

Bull: Bai. Abesti horrek hasieran indar handia du Bother the police-n antzera. Azken honetan, baina, erritmo hori abesti osoan mantentzen da, eta Leña al fuego-k gorabeherak ditu. Asko erabiltzen dituzue gorabehera horiek, eta ondo etortzen da, beheraldi baten ostean indartsuago hasteko.

E.R.: Zuzenekoetan ere oso ondo etortzen dira horrelakoak. Kontzertuetan jendea dantzan edukitzea nahi baduzu, ezin duzu denbora osoan topera eduki.

Kontzertuekin martxoan hasiko zarete. 

Gogorra izango da, bai. Ez dakit nola bukatuko dudan. Astelehenetik asteazkenera eskolak ematen ditut musika eskolan. Ostegunetik igandera dauzkagu entseguak aurreikusita. Martxo berezia izango da. Argazki bat utzi beharko dut etxean [Barreak].

Bull: Edo panpinen bat.

E.R.: Martxoko azken asteburuan hasiko gara jotzen, eta ez gara geratuko. 

Bull: Zuek martxoan hasi eta nik orduan oporrak.

E.R.: Tenerifera?

Bull: Kubara.

E.R.: Eskuko ordenagailua eraman behar al dek, pintxatzeko?

Bull: Bai, nire eskuko ordenagailua, dultzaina.

Kubakoak ere animatuko ditu Bullek.

E.R.: Ziur baietz. Hori gerra emango duena Kuban! [Barreak]

Atsedenaldia martxoan, beraz Bullek. Udan, behintzat, ezin, ezta?

E.R.: Ezta neguan ere. Hau ez da geratzen. Bere egutegia ikusten dudanean, ia egun guztiak beteak ditudala ikusten dut, eta horrela hilabetero. Ikaragarria da!

Bull: Hauen errua da. Izugarrizko produktu onak egiten dituzte, ondorioz material ona dut. Gainera, euskal taldeek egiten duten lana nabarmendu nahi dut. Daukaten laguntza txikia kontuan hartuta, bai tabernetan, bai eta irratietan ere. Bultzada bat merezi dute, sekulako lana egiten baitute. Nik uste dut ez ditugula gehiegi mimatzen.

Egia esan, azken urteetan bereziki nabari dela hori esango nuke.

E.R.: Iritsi gara puntu batera hemen sekulako kalitatedun produktuak egiten direna, eta jendea kalitate horretara ohitu da, normaltzat hartzen du. Esaterako, Berri Txarrak taldearen diskoa, oso ona da, baina jendeak normaltzat hartzen du, kalitate horretara ohitu delako. Lan hori, Ameriketako Estatu Batuetan egingo balute sekulakoa izango litzateke eta jaialdi handietan hartuko lukete parte. Agian, Berri Txarrak ez da oso adibide ona mundu osoan baitira ezagunak, baina, azken batean jendea ohitu da, eta horregatik ez du hainbeste baloratzen.

Bull: Talde hasiberrien kasuan, sekulako ilusioarekin ari dira lanean, eta ez zaie deitzen. Antolatzen dutenek ikusten dute ez dutela jendea erakartzen.

E.R.: Ez du erantzuten jendeak.

Bull:Lehen, duela 20 urte edo, jende dezente joaten zen kontzertuetara.

E.R.: Orain ere bai, baina kontzertu jakin batzuetara.

Bull: Puntualki, bai, marketinagatik, gustatu dela diskoa...

E.R.: Zaila da asmatzea talde berri batekin hasten zarenean. Guk musika eta diskoak egiten ditugu ateratzen zaigun moduan, eta gertatu da asmatu dugula eta jendeari gustatzen zaiola. Gero, egia da, Vendettak komunikabideetan duen babesa edo, esaterako Gudadantza bizkaitar ska taldeak duena bestelakoa dela. Talde ona da, oraintsu hasi dira, baina ez dute bultzada hori.

Bull: Azkenean jakin behar duzu une eta leku egokia topatzen. Ez da bat bestea baino hobea dela. Nire esperientzia eta ikuspegitik, ni baino hobeak diren 20.000 Dj egongo dira...

E.R.: Ez pentsa! [Barreak]

Bull: Baina, nik egiten dudana maite dut eta jendeak ere badirudi maite duela egiten dudana.

Zergatik kontratatzen dute Bull?

E.R.: Bullek sekulako begia du, badaki une bakoitzean zein kantak funtzionatuko duen, eta hori ez da batere erraza. Badaki halako abesti jartzen badu hori gertatuko dela, eta bestea jarrita, berriz, beste hori gertatuko dela. Berbenetan jotzen genuenean, Drindotseko taldekide Jon Urdangarin eta Triku Agirrezabalak bazekiten plaza bat nola altxa edo nola baretu amaitzerako. Ederki zekiten hori, eta Bullek ere begi hori dauka.

Bull. Ados, baina etxeratzerako begi hori ez daukat, jaia barruraino sartuta daukat eta gorantza etortzen naiz, eta gorantza joanez gero, ez dago geldituko nauenik! [Barreak]

Zuek zuen musikarekin girorik tristeena ere alaituko zenukete.

E.R.: Irribarretxo bat atera behintzat.

Bull: Guk, behintzat, ondo pasako dugu.

Tolosaldeko musikariak eta musika taldeak nola ikusten dituzue?

E.R.: Nahiko deskonektatuta nabil. Azken kontzertua Belarminak taldearena izan zen. Asko gustatu zitzaidan, oso ondo dago. Baina daukadan denbora libre gutxirekin ezinezkoa zait, maletak jarriko lizkidakete atean.

Bull: Oztopo taldea, esaterako.

E.R.: Bai, Oztopo. Gainera, bertako Eguzkiri bateria eskolak ematen dizkiot. Konbenio del Metal, Gargantas desgarradas, Euphoric edo lehengo Agoraphobia, Bi Bala, Glaukoma...

Bull: Humus ere bai.

Zerrenda luzea egin dezakegu gurean.

E.R.: Betidanik izan da horrela Tolosaldea.

Bull: Bide Ertzean, ostegunean [atzo, izan zen aurkezpena] Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute lan berria.

E.R.: Eta, gero Bull, ostegunero bezala.

Hemen ere egon zen kafe antzoki bat jartzeko ideia.

E.R.: Egia da.

Bull: Baina, ez luke hiriburu batekoak duen dimentsioa izango.

E.R.: Ostegunean, pintxo potera irteten zara, eta gero kafe antzokia jartzen dizute...

Herri askotan izaten zarete zuek. Bada herriren batean ikusi eta gurean faltan botatzen duzuenik?

E.R.: Ba, ez dakit. Nik ordutegia zabalduko nuke, baina, beste lekuetan ere gertatzen zait ordutegiaren arazoa.

Bull: Kafe antzokia edo areto baten falta bai Tolosaldean. Bonberenearen bigarren aretoa, berria, oso ondo dago, baina gutxi erabiltzen da. Kalitate handia du, eta lekua aproposa da. Lehen egunetik asko gustatu zitzaidan, tamaina egokia du. Ni areto ugaritan egon naiz, eta hori oso ondo dago. Handiagoak ez betetzeko arriskua izan dezake. Areto batentzat, hutsa egotea ez da batere itxura ona.

E.R.: Ez da ona ez aretoarentzat, ez eta taula gainean dagoenarentzat.

Hori gertatu al zaizue, jende gutxi izatea zuen emanaldietan?

E.R.: Behin edo behin bai. Buruan dudan azkena, duela lau urte Suitzako bira batean. Astearte bat zen, eta noski, nor etorriko da astearte batean?

Bull: Eskerrak askotan gertatzen ez den, baina gertatu izan zait. Aurten, Arbizun gertatutakoa dut buruan. Igandea zen, eta pentsatzekoa zen larunbataren ostean ez zela jende gehiegi egongo.

Eta, noski, zure lanarekin aurrera jarraitu behar duzu.

Bull: Nik, behintzat, nire ordutegia betetzen dut. 

Tira, hemen utzi beharko dugu.

E.R.: Jendeari gogoratu, nahi duenak eskuragarri duela azken diskoa webgunetik doan deskargatzeko, edota aplikazioaren bitartez ere bai.

Bull: Vendetta gehiago eta reggaeton gutxiago!

E.R.: Bidaltzen badidate bideo bat Bull Habanan reggaetona dantzatzen! [Barreak]

Bull: Kuban Vendetta entzuten badiat bidaliko diat bideoa!

E.R.: Sekulako inbidia ematen didak!

[Barreak]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!