Azoka bereziak, bertakoa goresteko

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 2a, 10:19
Leaburu-Txaraman urtero egiten dute bertako produktuekin osatutako otarraren zozketa

Lekuan lekuko produktuak izango dira nagusi igandean, Leaburu-Txaramako eta Berastegiko azoka berezietan; omenaldi eta lehiaketak egongo dira.

Azoka berezien eguna izango da igandekoa, Ibarraldean. Leaburu-Txaraman eta Berastegin egingo dituzte azokak goizean zehar. Berastegin hamazortzigarren aldiz egingo dute azoka. Herrian hitzordu garrantzitsu eta ezaguna da beraz. Aurtengo berrikuntza, azoka plazan egingo dutela da. Frontoian egin izan dute aurreko urteetan, baina hamazortzigarrena plazan egingo dute eta karpak jarriko dituzte horretarako.

Berastegiko azokaren aurrekaria, halere, ez zen bertako produktuen salerosketarako ekitaldirik izan, Gazta Lehiaketa baizik. Aurten ere egingo dute, eta horrek 25 urte beteko ditu aurten. Gazta Lehiaketan herriko gaztagileek hartzen dute parte, hitzordu berezia izaten da berastegiarrentzat, eta aurten hamabostek eman dute izena.

Ez da Berastegiko lehiaketa bakarra, dena den, beti bezala, Ahari, Ardi eta Bildots Lehiaketa egingo dute eta baita postuen eta arroz-esneen lehiaketak ere. Honekin batera, animalien, argazki rallyko argazki onenen eta haurren marrazki lehiaketako erakusketak jarriko dituzte. Lehiaketa guztien sari banaketak 13:30ean egingo dituzte. Eta arratsaldean, 18:00ak aldera, talo jatea egingo dute eta baita goizeko gazta eta arroz-esneen dastatzea ere. Tartean Teresa Caminos eta Oihane Zubiria trikitilariek alaituko dute giroa. Azoka egun bereziak emango dio bukaera, Kultur Asteari.

Leaburu-Txaraman ere egongo da bertako produktuak erosi zein dastatzeko aukera. Zortzigarren aldiz egingo dute Artisau eta Barazki Azoka eta igande goiza hartuko du. Bertako produktuez gain, Nafarroako piper erreak erosteko aukera egongo da, Ipar Euskal Herriko produktuak ere egongo dira, artisau garagardoa eta Ezpeletako piperrak, besteren artean. Txukruta ere dastatu ahal izango da. Leaburun ere herriko trikitilariak egongo dira giroa alaitzen. Bertaratzen direnen artean bertako produktuekin osatutako saski bat zozkatuko dute.

12:00etan geldialdia egingo dute orain hilabete gutxi hildako Maritxu Eraso herritarrari omenaldia egiteko. Azoka bukatuta, 14:30ean bertso bazkaria egingo dute Jokin Uranga eta Beñat Lizaso bertsolariekin. Txartelak udaletxe zein Ostatuan erosi daitezke; helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 10.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!