Auzoetan ere jaia eta algara

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 12a, 09:17

Tolosako San Esteban auzoan XXIX. Kultur Astea izango dute eta Ibarrako Azkuen Azkue Eguna ospatuko dute.

Apalagoak agian, baina ez hutsalak. Auzoetan ere auzotarrak elkartu eta jai egunak antolatzen geroz eta eskarmentu handiagoa dute. Datozen egunetan hori egiaztatzeko aukera egongo da Tolosako San Esteban auzoan eta Ibarrako Azkuen.

San Estebanen urteak daramatzate Kultur Astea antolatzen eta egitarau zabala osatu dute aurtengoan ere. XXIX. edizioa pasa den larunbatean hasi zuten, mendi ibilaldi batekin, baina urriaren 16a bitarte ekitaldi ugari egongo dira aukeran. Gaur bertan, ohikoa den bezala, herri krosa egingo dute. 11:00etan helduen txanda izango da eta bukatzerakoan haur eta gazteak aterako dira.

Ibarrako Azkuen bosgarren edizioa dute aurten. Azku Eguna urriaren 15ean, larunbatean, ospatuko dute eta urteroko moduan ekitaldi nagusia auzotarren bazkaria izango da. Txartelak salgai daude jada auzoko Erre Berrin. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute eta 18 urtetik beherakoek 4 euro. Aurten ohiko jolasa eta musika saioez gain, Pituxa Clowntu Kontari ikuskizuna eskainiko dute Gaztezulon, 17:30etik aurrera.

Auzotik herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte festa egunean parte hartzera.

EGITARAUAK

San Esteban auzoko Kultur Astea

Gaur, urriak 12.

11:00. Tolosako XXIX. Herri Krosa.

Ondoren, II. Txiki Krosa.

Bihar, urriak 13.

19:00. XIV. Patata Tortilla Lehiaketa.

Ondoren, luntxa.

22:30. Liquidación total antzezlana, Trebeki Teatroren eskutik.

Etzi, urriak 14.

23:00. Kontzertua eta DJ saioa Etabar Kolektiboaren eskutik; afrikar perkusioa, reggaea, hip-hopa eta munduko musikak entzuteko aukera egongo da.

Urriak 15, larunbata.

16:30. Haur jolasak eta BOXakoekin tailerra. BOXakoek serigrafia tailerra egingo dute, eta parte hartu nahi duen bakoitzak bere kamiseta eraman behar du.

18:00. Buruhandiak.

19:00. Txokolate jatea, Bonbereneako gazte txarangak alaitu.

22:30. SP eta Bitkitures taldeen kontzertuak.

03:00. Tekno gaua: Puntzaka & NDY DJ's.

Urriak 16, igandea.

09:00. Diana herriko txistulariekin.

10:00. Trikitia auzoko baserrietan.

11:00. Meza auzoko hildakoen alde, San Frantzisko elizan.

11:00. Radio Controleko kotxeen erakustaldia, Ttorreko aparkalekuan.

12:00. Auzoko txarangarekin kalejira.

14:00. Auzoko babarrun jatea.

Ondoren, dantzaldia Joxe Jabier Mendizabalen eskutik. Eta atsedenaldian, Toka Txapelketa.

Azku Eguna

Urriak 15, larunbata.

11:00. Txupinazoa Azkuko biribilgunean.

Ondoren, auzoko musikarien kalejira buruhandien laguntzarekin Azkuko plazaruntz.

11:15. Haur jolas kooperatiboak.

12:00. Toka eta pintxo potea.

13:00. Aperitiff musikala: Ziribulio Sound.

14:00. Herri bazkaria: paella, ogia, edaria, postrea, kafea eta txupitoa barne. (Norberak eraman behar ditu platera, mahai tresnak eta edalontzia).

16:00. Bingoa.

17:00. Eskulanak Gaztezulon.

17:30. Pituxa Clowntu Kontari ikuskizuna, Gaztezulon. Sarrera doan.

19:00. Kontzertuak: Errukirik Gabe eta Oztopo.

20:30. Jai bukaera eta garbiketa auzolanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!