Eskubideen urraketak ez daitezen "paisaia politikoaren parte" izan

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 5a, 08:17
Sarek 'Hartu trena' ekimena ere abiarazi zuen

Sarek abiarazitako Salatzen dut kanpainaren barruan, bi ekitaldi izango dira datorren astean: osasun arloko hainbat ordezkariren agerraldia eta Idoia Iberoren hitzaldia.

Sare plataformak kanpaina berri bat abiarazi du: Salatzen dut. Helburua gizarte zibila euskal presoen eskubideen alde aktibatzea da. «Eskubideen urraketak paisaia politikoaren parte bilakatzeko arriskua egon badago. Honek guztion egonezinean badu eraginik, eta beraz, urrats berri bat emateko ordua iritsi delakoan gaude, orain arte sareturiko potentziala aktibatzera begira», esan dute plataformatik.

Kanpaina berri hau «herritarrei eskaini eta herritarrek bere egingo duten lanabesa» izatea nahi dute eta «langileek, ikasleek, kirolariek, zaletuek, musikariek eta abarrek bere eginez indarberrituriko olatu berri bat sendotzen lagundu ahal digun lanabesa» izatea nahi dute. «Salatzen dut dinamikak beste pauso bat eman nahi du, norbanako bakoitza izango duena gidari. Futbol zelaiko harmailetan ager dadila saskibaloi eta eskubaloi kantxetan, frontoietan, ikastetxe eta unibertsitateetan, lantegietan, tabernetan... bakoitzak giza eskubideen bandera bere egin eta dinamika herrikoia izatea du helburu, herritarren borroka demokratikoaren ikur», gaineratu dute.

Urrats bat aurrera ere egin nahi dute Sare plataforma osatzen dutenek. «Jada ez da nahikoa giza eskubideekiko aldekotasuna izatea. Urrats bat eman beharra dugu, norbanakotik hasi eta jendarte zibila aktibatzeraino. Jendarte zibiletik, alderdi eta instituzioak aktibatzeraino. Salatzen dut, aski da esatea da,
denon artean urraketen egoera gainditu behar dugu, gainditzera goaz, esatea. Determinazioz, ez gaude prest egoera bere horretan ustel dadin, esatea».

Kanpainaren hitzordu nagusia urriaren 15ean izango da. Donostian, 17:00etan Boulebarretik aterata, manifestazioa egingo baitute Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera lelopean.


ESKUALDEKO HITZORDUAK
Manifestazioa baino lehen, hala ere, eskualdean bertan ere bi ekitaldi antolatu ditu Sarek. Batetik, urriaren 10ean 19:00etan Tolosako kultur etxean, Sareko Idoia Iberok hitzaldia eskainiko du preso gaixoen egoeraren inguruan. Eta bestetik, urriaren 11n osasun arloko eskualdeko hainbat ordezkarik agerraldia egingo dute 18:00etan Tolosako anbulatorioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!