XIV Orduko Martxa 2016

Sebastian Lizasoren anoa gunea, eta gazteenetarikoak

Asier Imaz 2016ko mai. 23a, 12:00

Sebastian Lizaso bertsolaria aurten ez da Lekunberrira eta Guardetxera joango. Baina bere XIV Orduetako kuadrilla bai. Azken 20 urteetako ohiturari, beraz, eutsiko diote. Ibai Amundarain amezketarrak irailean egingo ditu 18 urte, eta itzulia egiteko irrikaz egon arren, adinak buruhausteren bat eman dio, ez baita mugara iristen. Ane Iturria tolosarrak arazo berdina dauka, gazteegia da mendi ibilaldian norbanako bezala izena emateko.

Azpeitia eta Hernialdeko lagun kuadrilla batek XIV Orduetan bidea egin du. Azken bost edizioetan Lekunberrira eta Guardetxera joaten dira, janaria eta edariaz lepo. Sebastian Lizaso bertsolaria tartean da. «Jende asko eta jateko gutxi. Lekunberriko pilotalekuaren ondoan txorixoa, urdaiazpiko pixka bat… Guardetxeko langan tortilla, sagardoa, txakolina,… ura ez den beste guztia edaten da». Ibilaldia egiten zuten lagunentzat ematen hasi ziren, baina, ezagunak handik eta hemendik inguratzen hasi zitzaizkienez, anoa gune ez ofizial izatera pasa ziren. «Trago bat edo beste beti eskertzen du jendeak. Aurten, gainera, antolakuntzak ez du jartzen eta zerbait gehiago eraman beharko da». Beti ere, polizia foralarekin aurrekoan bezala arazorik ez baldin badute izaten.

Ibai Amundarainek oraindik ez daki zenbat janari eramango duten: «Dena ezin da eraman, bestela motxilak pisu gehiegi hartuko luke». Ane Iturriak argiago dauka; aita jarriko du asto lanetan. Amezketarra eta tolosarra XIV Orduetako gazteenetarikoak dira. Izen ematea arduradun baten babesarekin egin behar izan dute. Amundarainek bere urte berean jaiotako lagun bat aukeratu du; hori bai, maiatzaren 29a baino lehen betetzen dituenez urteak, jada 18ra iristen dena. Iturriak aita aukeratu du. Biek mendia maite dute, eta hori da parte hartzera bultzatu dituen arrazoia; kosta ala kosta. Beste mota bateko iritziak ere entzun behar izan dituzte, ordea.

Azken edizioa edo azken aurrekoa izango zen Sebastian Lizaso Nafarroako Foruzaingoarekin hitz egiten hasi zenean San Migelera bidean. Aparkatzeko lekurik ez zegoela, eta autoak bertan utzi beharko zituztela agindu zioten bertsolariari poliziek. «Auto batean 12 lagunentzat jana generamala, eta gutxienez gauzak husten uzteko esan nion. Pasoa eman eta Guardetxera iritsi ginen. Aparkalekua hutsik zegoen. Zer egin nuen? Ba autoa bertan utzi nuen. Denbora batera foral berdina etorri zitzaigun, goran, ea ez al zidan kotxea handik ateratzeko agindu esanaz. Baietz esan nion, baina aparkatzeko lekurik ez zegoela ere esan zidala. Eta nik kotxea ondo aparkatuta nuenez, hark ezin isunik jarri. Harro etorri zen, baina marmar batean joan beharra izan zuen. Kotxea bere lekuan ondo zegoen».

Ibai Amundaraini erotuta dagoela ere esan diote, XIV Orduak egiteko asmoa duelako. «Asko dela iruditzen zaie. Horrek, ordea, motibazio gehiago ematen dizu». Ane Iturriaren osaba batek, bazkari batean, ibilaldia egin behar zuela esan zuen, eta ilobak berak ere egin nahi zuela erantzun zuen. Iturriaren aita eta ama hasiera batean ez zeuden erabat ados, kilometro gehiegi zirelako, baina azkenean, «lortu dut». Amezketarrak Intxurren jokatzen du futbolean; tolosarra txakur krosetan ibiltzen da. Duela hiru lau hilabete hasi ziren maiatzaren 29ko mendi ibilaldia prestatzen. Amundarain lasai-lasai hasi zen, buelta batzuk egiten menditik. Astean zehar, etxean bizikleta egiten du, eta aurreko asteburuan Bedaioko mendi ibilaldia egin zuen: «Ondo». Iturriak astean zehar bi korrika saio egiten ditu, eta asteburuetan Uzturretik Leabururako itzulia, Belate, Elduain eta Arrospe zeharkatuz. Bedaioko eta Berastegiko martxak aitarekin egin zituen: «Ondo».

Oinetakoak prest dituzte bi gazteek hurrengo iganderako. Azpeitiarrak aurten kale egingo du, Azkoitian bertso saioa baitauka. Lehenek XIV Orduak ezagutuko dituzte barrutik. Bigarrenak behin izena eman zuen, baina azken orduan ez ateratzea erabaki zuen. Ibilaldia, ordea, ongi ezagutzen du, eta «espektakulu» bat dela dio. Argi dagoena zera da: nahi duenarentzat, modu batera edo bestera, badela lekua XIV Orduetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!