XIV Orduko Martxa 2016

«Mendi itzuli klasikoen filosofia eman nahi izan diogu aurtengoan»

Asier Imaz 2016ko mai. 22a, 14:00
Jon Ormazabal antolatzaile taldeko kidea

400 lagun irteten ziren garaian XVI Orduak egindakoa da Jon Ormazabal (Tolosa, 1964). Ondoren, Aralarko Adiskideak Elkarteko kide bezala, antolakuntzan hasi zen. Ibilbidea ikaragarri gustatzen zaiola dio, baina horrenbeste jenderekin, egun, beldurtu eta dena egingo litzatekeela dio.

Parte hartzaile bezala buruan gelditu zaizun oroitzapena?

Amezketan eta Alegian egoten zen festa giroa.

1987az geroztik, antolakuntza lanetan zabiltza. Noiz hasten zarete lanean?

Urtebete lehenago, gutxi gorabehera. Ibilbide aldetik, aurten, inoiz baino lan gehiago izan dugu, zati alternatiboa dela eta. Bestalde, laguntzaileak lotu, babesleak bilatu,... aurretik izaten da lana. Lan horretan elkarteko zuzendaritza taldeko kideak hasten gara.

Aralarko Adiskideak Elkartea ibiltzen da antolatzaile lanetan. Pentsatzen dut bazkideak lotzea ere tokatuko zaizuela.

Lau urtez behin zer dagoen bazkide guztiek badakite. Hasieran bakar batzuk gerturatzen dira. Proba eguna iristen ari denean deialdia egiten dugu, eta hor beste batzuk elkartzen dira. Azkenean, telefonoa hartu eta banaka deitzen amaitzen dugu. (Barreak). Egunean bertan gutxi gorabehera 200 boluntario izango gara.

Belaunaldiz belaunaldi pasa den ohitura.

Elkarteko kide batzuk hasi ziren hasiera hartan, baina lagun batzuekin mendi buelta bat egiteko asmoz. Ondoren, hutsune luzeak ere egon dira. Nolabait esateko, 1967an modernizatu zen; ordutegi, fitxaketa eta abarrekin. Ondoren, lau urtez behin ospatzen hasi ziren, urte olinpikoarekin bat eginaz, 1972tik aurrera.

Berrikuntza nabarmenak aurten iritsi dira.

Anoa guneen planteamendua serio hartu beharra zegoen. Urte askotan neurketak ondo egin arren faltan gelditzen ginen. Batzuk gehiegizkoa hartzen dutenean, azkenak gutxirekin geratzen dira. Hori konpondu beharra zegoen. Aukera desberdinak jarri genituen mahai gainean: hasieran bakoitzari berea eman, edo jana kendu eta edaria bakarrik jarri. Azken hau egitea erabaki da. Era berean, ura bakarrik jarrita, probari bere zentzua ematen diogula uste dugu; lehiakorra ez izatea. Horrela, bakoitzak bere jana eman beharko du, korrika ibili beharrean lasaiago ibiliz. Mendi ibilaldi klasikoen filosofia bultzatu nahi dugu.

Bigarren berrikuntza ibilbidearena izango da.

Partaideen aldetik behin baino gehiagotan jaso dugun aholkua edo kritika izan da: Amezketatik Alegiarako errepide zatia oinentzat kaltegarria dela eta oso luzea eta aspergarria egiten dela. Urteetako eskari bat izan da, eta aukera bat sortzea pentsatu dugu, ea benetan jendeak mendiz amaitu nahi duen jakiteko. Amezketan sortzen den saltsa eta Alegiako Tonto Kaleko zerbeza ere XIV Orduak dira, baina alternatiba bat jartzea erabaki dugu. Egia esan ez nuen espero jasotzen ari garen erantzuna. Izena emateko garaian zein bide hartuko duten galdetu dugu, eta %60ak berria aukeratu du. Egunean bertan ikusiko da, baina ezustekoa izan da.

Zerbaitek esaten dit antolatzaileei behintzat oso ondo etorriko zaizuela lau urteko atsedena.

Bai guri eta baita eskean joaten garen jendeari ere. Azken finean, elkartekoak ez direnei ere laguntza eskatu beharrean izaten gara. Asko eta asko lau urtean behin beti etortzen dira, taldea osaturik dutelako. Hor barruan aldaketak egoten dira, baina multzoa bera izaten da. Kontroletako taldeak, esate baterako. Urtero eskean joan izan bagina, honezkero haizea hartzera aspaldi bidali gintuzten. (Barreak).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!