Azken kontzertua izatea, amets

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 9a, 16:05
Kontzertuetan parte hartuko duten zenbait musikarik eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkaria elkartu dira, hitzorduaren berri emateko.

S.O.S. Sahara elkartasun kontzertuak izango dira, ostiralean, Tolosako Zerkausian; tolosar eta saharar musikariek bat egingo dute, uholdeek eragindako kalteak konpontzeko.

Iragan urria zen, Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpalekuetan uholdeen kolpe latza jaso zutenean. Hamarkadak ziren horrelakorik ikusi ez zutela eta, euria egiteari utzi bazion ere, hondamendiak ez zuen atertu. Sahararrek ia 3.000 etxe eta haima galdu zituzten euriteen ondorioz, eta Tolosaldeak ere bere aletxoa jarri nahi izan du, Tinduferainoko elkartasun zubiak eraikitzeko. Ostiral iluntzean izango da hitzordua, Tolosako Zerkausian, eta musika izango da bidea. Helburua, berriz, bakarra: sahararrei laguntzeko bultzadatxo ekonomiko bat biltzea.

S.O.S. Sahara elkartasun kontzertuek kulturen arteko trukea ere ahalbidetuko dute, musikari tolosarrak eta sahararrak eskuz esku ariko baitira ekitaldian barrena, 20:00etan hasi eta 23:00ak bitarte. Horrela, 5 euro ordaindu beharko da emanaldiaz gozatu ahal izateko, eta borondateari ate guztiak zabalduko dizkiote: "Sarrerak prezio hori du, baina garrantzitsua da borondatearena nabarmentzea, egitasmoaren helburu bakarra sahararrei laguntzeko dirua biltzea baita. Beraz, anima daitezela herritar guztiak", azaldu du Juantxo Arakama Glaukoma taldeko abeslariak.

Glaukomarekin batera –akustikoan ariko dira–, Little Martin Selektah, Minetu Embarec eta Argaybi Liman, Atila y los Unos, Konbenio del Metal eta Ali Seidah-en ardura izango da Zerkausiko elkartasunaren epela are gehiago berotzea. Musikari edariz lagundu nahi diotenek, berriz, barra txiki bat ere izango dute Zerkausian.

Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkari Gregorio Eizagirrek Otsabiko gazteen laguntza azpimarratu nahi izan du: "Jende askok lan egin du kontzertuok antolatzeko, eta egunean bertan ere jende asko ariko da, besteak beste, Otsabiko gazteei eskerrak eman nahiko genizkieke, muntaketa lanetan ariko direlako, eta dena amaitutakoan jasotzen ere lagunduko digutelako". Bide beretik, Tolosako Udalari nahiz Molaturi ere esker hitzak eskaini dizkie Eizagirrek.

Produktuak, kanpalekuetara bidean

Duela egun batzuk kamioikada bete zuten, Tolosan, janari eta oinarrizko produktuen bilketatik. Gregorio Eizagirrek jakinarazi duenez, kanpalekuetara bidean da jada edukiontzi erraldoia, itsasontzian. Horren harira, eta uholdeen arazoarekin bat eginez, berriro seinalatu nahi izan du sahararren egoeraren iturburua: "Benetako arazoa politikoa da, eta erakundeek dute konponbidearen giltza. Kontzertuena haiei laguntza emateko aitzakia bat besterik ez da, eta itxaropen bakarra dugu: izan dadila sahararrei laguntzeko antolatzen dugun azken egitasmoa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!