Energiaren gaia gerturatu eta kontzientzia pizteko azoka, Tolosan

Eneritz Maiz Etxarri 2015ko abe. 9a, 15:53

Tolosaldea Garatzen eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutukoak elkarlanean antolatu dute, larunbatean,  egingo den Tolosaldeko Energia Azoka. Tolosako Trianguloa plazan izango da  09:00etatik 14:00etara.

Tolosaldea Garatzenek, eskualdeari begirako azterketa prozesuan dagoen plan bat du esku artean, eta interesgarri ikusi dute horren barruan larunbateko azoka hau kokatzea. Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariaren hitzetan: "Sentsibilizazio mailan pausu bat izango litzateke, eta honek etorkizunean emango dituen ekintza ezberdinen aurrekari bat izango da azoka".

Gaur eguneko ereduaren aldean iraunkorragoa dena beharko genukeela adierazi du Peonek. Honen barruan kokatzen ditu: aldaketa klimatikoaren aurkako borroka, energiaren produkzioari lotuta ingurumenean eragin gutxiena egingo duen eredua izatea, eta baita ere energi horniduraren segurtasuna, energiaren prezioarekin batera.

Onartutako konpromisoak ere gogora ekarri ditu Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak: "Mundu mailan,  bereziki Europa mailan, baina baita era lokalean ere eragina zuzenean dutenak. Kasu honetan 20 zenbakia da potoloa, hau da, 2020rako lortu behar delako berotegi efektua sorrarazten duen gasen isuria %20 murriztea, kontsumo energetikoa ere %20 murriztea, eta kontsumitzen den energiaren %20a jatorri berriztagarrien bidez izatea".

Arlo energetiko honen aurrean eragile askok parte hartu behar dutela adierazi dute, eraginkorra izatea nahi bada: "Denon lanarekin eta denon konpromisoarekin lortuko da".

Herritarren eskaerari jarraituz, 2014. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parte hartze zuzendaritzatik partaidetzako aurrekontuen egitasmoa jarri zen martxan, Leire Martinez teknikariak azaldu duenez. "Energia kontsumoa, menpekotasuna eta pobrezia mailak murriztea eta gaur egun dauden ahultasun energetikoei konponbidea ematea da helburua". Tolosaldea Garatzen, eskualdeko energia plana diseinatu eta kudeatzen ari da. "Une honetan eskualdearen inguruko diagnosia eta ekintza plana definitzen duen dokumentua osatzen ari gara. Diagnosiak, Tolosaldea egun non dagoen aztertu eta adieraziko du. Nora joatea nahi dugun, eta eman beharreko pausoak finkatuko ditu".

Azokaren helburua: "Tolosaldeko herritarren kontzientzia piztea eta gaia gerturatzea da. Horretarako, eta batez ere, herritarrak aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan inplikatzeko". "Azokaren helburua eraginkortasun energetikoaren kultura, eta energia garbien erabilera hedatzea izango da".

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko bi ikasleek ere parte hartu dute azokaren nondik norakoak azalduz. Azokaren barruan, postu ezberdinak egongo dira: Arsuaga bizikleta dendak bizikleta elektrikoa jarriko du, eta Toyotak, berriz, auto elektrikoa. Sistema termiko ezberdinen maketak ikusi ahal izango dira: biomasa, geotermia,... Eta galdarak ere egongo dira. Beste postu batean kondentsaziozko galdara egongo da, eta nola funtzionatzen duen azalduko dute. Ikasleek, herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte.

Tolosaldea Garatzen energiaren gaia lantzen hasi zela hainbat hilabete pasa dira, eta prozesuari irudia jarri zioten, Piztu Tolosaldea lelopean. Eta honekin, eskualdea eta bertako herritarrak energia gaietan piztea, aktibatzea eta berriz ere martxan jartzea lortu nahi dute menpekotasuna gutxituz. Tolosaldea Garatzenen webgunean atal berezi bat sortua dute, sei azpi atalez osatua. Sare sozialen bidez ere zabalduko dute informazioa.

Hartzaileak kontuan hartuta, hiru lan ildo bereizi dituzte: Merkatariak, adinekoak eta haurrak.

Merkatariei zuzenduta, eskualdeko merkatariekin argindarraren eta fakturaren inguruko tailerra antolatu zen,  kontsumo eta kostu energetikoak murriztu eta eraginkortasunean hobetzeko eskualdetako saltokietan diagnosi energetikoetarako programa martxan jarri da.

Adinekoei begira, urtarrilean Azter dezagun faktura! eta argindarraren inguruko tailerrak egingo dira. Pobrezia energetikoa eta gizarte bonuaren gaia ere jorratuko da.

Azkenik, haurrei zuzenduta, ipuinen bidez etxeko energia kontsumoa aurrezten ikasteko tailerrak antolatu dira eskualdeko hiru herritan: Alegian, bihar, 18.00etan; Zizurkilen, abenduaren 17an, 17:30ean eta Tolosan, abenduaren 30ean,  12:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!