Etxetik kanpo ere iturriko ura edateko kanpaina, abian

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 1a, 13:39

Eskualdean 1.000 pitxar banatuko dituzte datozen asteotan; Tolosaldeko Mankomunitateak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean aurkeztu dute Etxeko ura egitasmoa.

"Uraren kontsumoan ohitura eta kultura berriak sustatzea" da Etxeko ura kanpainaren helburua, Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko ordezkariak azaldu duenez. Tolosaldeko Mankomunitateko Amaia Azkuerekin batera, Tolosaldean abian den egitasmoaren berri eman dute, gaur, Tolosako udaletxeko batzar aretoan, eta proiektua eskualdean jada martxan dela azaldu dute.

Finean, taberna nahiz jatetxeetan ere iturriko ura kontsumitzea da egitasmoaren muina; horrek, noski, hainbat helburutara iristeko bidea irekitzen du gero. Batetik, hondakinen sorkuntza murriztea dakar, ostalaritzan ura zerbitzatzen denean, ezinbestean plastikoa kontsumitzen delako, edo beira, bestela. Horren harira, Amaia Azkuek kanpainaren indarra nabarmendu du: "Mankomunitatearen zeregin nagusia hondakinen kudeaketa izanik, Etxeko ura bezalakoak beharrezkoak eta interesgarriak dira, Europar Batasunak jarritako birziklatze erronketara iristeko bultzada baitira". Era berean, kontsumo arduratsua jendartean txertatzeko ahalegina ere bada, pitxarren erabilera sustatzearena.

Mikel Insausti Ekoguneko arduradunak azaldu duenez, "atzerrian oso zabalduta dagoen ohitura da, jatetxe nahiz tabernetan iturriko ura edatearena, baina, Euskal Herrian, ez da erroturiko ohitura". Horrela, beraz, duela bi urte hasi zen, Kutxa Ekogunean, egitasmo hau jorratzen. Etxean iturriko ura edaten bada, kanpoan ere horretarako arazorik ez legokeela diote eta, gainera, Gipuzkoako uraren kalitatea azpimarratu du Insaustik: "Gipuzkoako ura, mundu mailan, oso-oso kalitate onekoa da, eta hori ere bistaratu nahi dugu honen bitartez, sarri ez baikara konturatzen iturria ireki eta erortzen dena ur ikaragarri on eta baliotsua dela. Iturriko ura aztarnarik gabekoa da, eta, gainera, ez du hondakinik sortzen". 

Gipuzkoan Etxeko ura kanpainarekin bat egingo duen laugarren eskualdea izango da Tolosaldea, eta, gaur egun, 360 dira ura pitxarretan zerbitzatzen duten establezimendu gipuzkoarrak. Horrela, hilero, plastikozko 62.000 botilaren kontsumoa aurrezten du herrialdeak.

1.000 pitxar Tolosalderako

Tolosaldeko 28 herrietako taberna eta jatetxeetan zabaldu dute, jada, egitasmoaren berri, eta 19 herri atxiki dira kanpainara. Horrela, 40 establezimendu ur pitxarrak banatzen hasiko dira jada, eskualde osoan.

Guztira, Tolosaldean 1.000 pitxar banatzeko asmoa dute antolatzaileek, eta Azkuek eta Insaustik ostalariei dei egin nahi izan diete programan parte hartzera: "Kanpaina honek ez luke zentzurik ostalarien laguntzarik gabe, beraiek baitira, beren jatetxe nahiz tabernetan, iturriko ura zerbitzatzeko lehen pausua eman behar dutenak.

Horrela, oraindik izenik eman ez duten ostalariek Etxeko ura kanpainan beren alea jarri nahiko balute, bi bide eskaini dituzte agerraldian. Batetik, www.ekogunea.net ataritik egin daiteke izen ematea eta, bestela, Tolosaldeko Mankomunitatearen bitartez ere tramiteak egin daitezke. Izena eman bezain pronto, arduradunak harremanetan jarriko dira ostalariekin, eta beharrezko materiala utziko diete.

Iturriko ura etxean nahiz etxetik kanpo edatea sustatzeko kanpaina aurkeztuta ere, Ekoguneko Mikel Insaustik argi utzi nahi izan du Etxeko ura ez dela ur mineralaren aurkako kanpaina bat

Hitzetatik ekintzetara, bigarrenez

Tolosaldeko Mankomunitateak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean abiarazitako bigarren proiektua da plazaratu berri dutena, izan ere, iazko azaroan Ontziratu zaitez programa ere elkarrekin gauzatu baitzuten.

Gogora ekartzekoa da, eskualdeko arrandegietako bezeroak tupper-ak erabiltzera bultzatzeko kanpaina zela, eta Amaia Azkuek positiboki baloratu du plana: "Egia da hasieran indarra hartu zuela, eta orain baretzen ari dela, baina herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, uztailera bitarte 50 euroko zozketekin jarraituko baitugu".

Bestalde, Kutxa Ekogunearen eskutik egokitu zituzten, iaz, Tolosako nahiz Alegiako herri baratzeak ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!