BECera joateko dei ozena, "Tolosaldeko gizon eta emakume guztiekin batera"

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 5a, 13:02

Tolosaldeko Euskal Herria Bilduk agerraldia egin zuen, atzo, Tolosan, larunbatean BECeko ekitaldi nazionalerako deia eginez; eskualdeko hainbat herritarrek ere argazki bidez adierazi dute Euskal Bidearen aldeko jarrera.

Mundu osoan bezalaxe, Euskal Herrian ere, "egoera politiko erabakigarria bizi dugu" Tolosaldeko EH Bilduk atzoko agerraldian nabarmendu zuenez: "Herriak altxatzen ari dira beren buruaren jabe izateko, besteak beste, Irlanda, Eskozia, Katalunia edo Grezia".

Horrela, beraz, eta, herrien askatasunaren ideia horri jarraituz, Euskal Bidearen proposamena abiarazi du EH Bilduk: "Borroka, antolaketa eta elkartasuna funtsezkoak dira eta, era berean, herritarren parte hartzea, herrigintza". Horregatik, larunbatean Bilbao Exibition Center-en ospatuko dute ekitaldi nazionalera joateko deia egin nahi izan dute, Tolosaldeko hainbat esparrutako herritarrek: "Eskualdean bizi, ikasi eta lan egiten dugun ikasleak, irakasleak, mugimendu feministako kideak, gazte mugimenduko kideak, sindikalistak, etorkinak, kirolariak, hautetsiak, preso eta iheslari politiko ohiak, senideak, musikariak, nekazariak, erretirodunak nahiz EH Bilduko ordezkariak daude urratsa emateko prest".

Esparru horietako ordezkariek, horrela, beren babesa azaldu zuten Tolosako kultur etxeko agerraldian, "askatasuna lortzeko inoiz osatu dugun bidelagun multzorik handiena" osatzeko. Izan ere, BECen 10.000 herritar elkartzea da koalizioaren aurreikuspena, "independentziaren aldeko oihu bat jaurtiz", hori baita, hain zuzen, EH Bildurentzat eta Euskal Bidea babesten duten herritarrentzat, "irtenbide errealista bakarra: Euskal Estatu independentea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!