Gutuna: Joxe Etxeberria Sagastume 'Beltza'

Haimar Altuna Ijurko (Tolosaldeko Ezker Abertzalea) 2014ko aza. 28a, 10:22

Orain 41 urte, 1973 ko azaroaren 28an, Joxe Etxeberria Sagastume Beltza Amezketako semea, hil zen Areetan (Bizkaia), Jon Pagazaurtunduarekin batera, Euskadi Ta Askatasuneko kide zirela.

41 urte ondoren, borrokan jarraitzen dugu, Frankismoari itxura aldatu zioten, baina guk, ezkertiar eta abertzaleok, gure bidea egiten jarraitu dugu. Batzuetan asmatu dugu eta beste batzuetan ez, baina argi dagoena da soka ez dela eten.

Orain dela 3 urte, Euskadi Ta Askatasunak, borroka armatua bertan behera uzteko erabakia egin zuen publiko. Eta azken 3 urteotan gauzak izugarri aldatu dira Euskal Herrian. Baina azpimarratu behar da 3 urte hauetan aurrera emandako urrats guztiak euskal eragileek eman dituztela, zeren eta PP eta PSOE prozesua zangotrabatzera dedikatu dira etengabean. Gaur egun Estatu espainolak eta frantsesak inmobilismoan ataskaturik jarraitzen dute.

Ondorioz, etorkizuna euskal herritik etorriko da, berriro ere aldebakartasunaren erabilpenetik.

Euskaldunok erronka daukagu etorkizun desberdina eraikitzeko. Alde batetik, gatazkaren ondorioen eremuan Madrilen aurrean ahalik eta presio sozial eta politikorik handien eta osatuena egin behar dugu, batez ere preso eta iheslarien eskubideak errespetatu ditzaten. Eta beste aldetik, burujabetzaren aldeko posizioak lantzen jarraitu behar dugu, euskaldunok hobeki bizi ahal izateko, eta azken finean, gure herria bere etorkizunaren jabe izan dadin bide komuna eta partekatua adostuz. Hori da euskal bidea, gure egoera politiko eta sozial partikularretik herri ikuspegian oinarrituta indarrak bilduz askatasunera eramanen gaituen ibilbide adostu eta zehatza.

50 urte baino gehiago daramatzagu gure herriaren alde lanean eta borrokatzen. Orain Euskal Bidean aurrera urratsak ematea gu guztion ardura da. Eta dudarik ez izan Ezker Abertzaleak erronka horri helduko diola gogotsu eta eskuzabaltasunez.

Beltzak oso gazte utzi gintuen (22 urte besterik ez zituen), bere senideek barren barrenean pairatzen dute bere hutsunea.

41 urte herri baten historian motz izan badaiteke ere. Pairatu dugun eta pairatzen jarraitzen dugun gatazkaren ondorioz senide bat galdu duenarentzat eguneroko, urteroko, oroitzapenak etengabekoak izaten dira, Egia bide, Askatasunaren ametsean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!