Laida Mujika: «Ziburuko auzapezak ikastolaz gain, euskara eta euskal kultura erasotzen ditu»

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 6a, 11:00
Argazkia: Joanes Etxebarria

Larunbatean, azaroaren 8an, Tolosaldetik Ziburuko ikastolaren aldeko manifestaziora joateko autobusa aterako da. Tolosaldeko ATARIArekin hitz egin du Ziburuko ikastolako lehendakaria den eta jaiotzez ibartarra den Laida Mujikak.

Larunbatean, azaroaren 8an, Ziburuko ikastolaren alde egingo den manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Tolosaldean. Izena azaroaren 7ko eguerdia baino lehen eman beharko da, Alegian Iskiña tabernan, Tolosan Galtzaundin, Anoetan Itzuli tabernan, Iruran Zarretxe tabernan eta Villabonan Erreka tabernan eta Amasa okindegian. Txartelak 7 euro balio du, Atarikideentzat 5 euro. Ziburuko ikastolako lehendakaria Laida Mujika (Ibarra, 1978) da. Ziburura hamaika urterekin joan bazen ere, zazpi urtera arte Ibarran bizi izan zen.

Zein da egun bizi duzuen egoera?
Bi aste opor izan ondoren astelehenean egin genuen sartzea. Ahalik eta normalena izaten saiatu ginen, eta haurrek ez dute deus berezirik nabaritu. Aldiz, gurasook haserreago geunden elektrizitatea kendu zigutela ikusita. Bagenekien kendu zigutela, baina espero genuen ohartuko zela hori ezin zitzaiela egin horrelako haur txikiei eta berriro piztuko zutela, baina zoritxarrez ez da horrela izan. Hortaz, haurrek nahiko normal egin dute sartzea baina gurasoak oso haserre gaude.

Nola bizi dute haurrek egoera hau?
Eskola prefabrikatu txiki batzuetan daude, ez dute aterperik, kanpo eremua nahiko txikia da... Hala ere,  kopuru txikia izanik eta irakasle batekin eta bi laguntzailerekin baldintzak nahiko onak dira. Ohartzen dira zerbait normala ez dela, zeren prentsa askotan etortzen da, gurasook bilkurak egiten ditugu... Uste dut sentitzen dutela ikastola oso presente dagoela gurasoen bizitzan.  Batzuetan ahazten dugu baina hau ez da gurasoen eta herriko etxearen arteko borroka bat bakarrik, tartean haurrak daude.  

Ziburuko Guy Poulou auzapezarekin hitz egin duzue egun hauetan?
Egia erran ez. Auzapezarekin uda osoan egon gara bildu gabe, auziperatu gaitu bi aldiz eta ordutik ez dugu ikusi. Berak proposamen bat egin digu, baina hori egin aitzin guk jadanik egin genizkion sei; horietako bat nahiko zehatza. Gu eskola publikoaren zati batean gaude, eta eskola publikoko haurrak beste leku batean zeuden obrak bukatu bitartean. Orain obrak bukatuta, prefabrikatuak hutsak geratzen dira. Hortaz, guk galdegiten diogu auzapezari guri uztea lur hori. Auzapezak ez du gogoko ideia hori. Beste proposamen bat atera digu orain. Proposamen hori ezin dugu onartu, herritik urrun eta autopista ondoan baitago. Oso desegokia da. Horra joaten bagara ez genuke haur berririk lortuko eta ikastola ixtea ekarriko luke. Nahiago dugu borrokan segitzea, badugu esperantza zerbait lortzekoa, zeren argi dugu Ziburuk ikastola behar duela. Auzapezak prentsari adierazi dio oso haserre dela, ez dela haurren aurka, baizik eta gurasoen eta Seaskaren kontra dela. Baina, gurekin ez dakit zergatik dagoen haserre, gure haurrek euskaraz ikastea nahi dugulako eta horretarako aterabide bakarra iparraldean ikastola delako? Gure haurrek leku duin bat izatea nahi dugulako? Horregatik bada, asumitzen dugu gurekin haserre egotea, kontzientzia oso lasai dugu.

Zuen egoera salatzeko larunbaterako manifestazioa deitu duzue. Zein da zuen eskaera?
Guk modu batean edo bestean auzapezak presioa sentitzea nahi dugu. Konturatzea gure gibelean, hamar familien atzean badela jende anitz, bai ziburutarrak, bai euskal herritarrak. Ez du bakarrik ikastola erasotzen, baita euskara eta euskal kultura ere. Ea bera ez bada ingurukoren bat ohartzen den ez duela zentzurik egoera horrek eta aterabide bat atzeman behar dela. Denak  Kaskarotenearen alde eta denak ziburutarrak izatea nahi dugu.

Presio horrek zuen egoeran eragin dezakeela uste duzue, hortaz.
Ikusita orain arte auzapezak egin duena, ez dut uste manifestazioarengatik errango duenik gure proposamenekin ados dagoela eta leku bat atzemango digula. Baina, politika mailan agian xake partida honetan pieza batzuk mugituko dira. Manifestazioa jendetsua izatea espero dugu, batez ere asko garela adierazteko eta Ziburuk ikastola bat behar duela konbentzituta gaudelako.

Tolosaldetik esaterako autobusa antolatu da Ziburura joateko. Babesa sentitzen ari zarete?
Bai. Abentura itsusi honetan gauza positiboak ere badaude, eta egia da iraila hasieratik jasotzen ari garen sostengua eta elkartasuna Euskal Herri guztitik harrigarria izaten ari dela. Sentitzen dugu babes hori, badakigu autobusak antolatzen ari direla ezker eta eskuin, eta laguntzen gaitu hamar gurasooi konturatzen bide onetik goazela eta guzti hau ez dugula alperrik egiten. Hainbesteko sostengua badugu arrazoi dugulako izango dela. Ni Ibarrakoa izanda, gainera, Tolosaldetik autobusa izateak pozten nau. Ongi etorriak dira Ibarra eta Tolosaldeko guztiak Ziburura!

ESKUALDEKO 23 ERAGILEK ZIBURUKO IKASTOLARI ELKARTASUNA ADIERAZI DIOTE

Tolosaldeko hogeita hiru eragilek adierazpen bat sinatu dute Ziburuko ikastolari elkartasuna adierazteko. Tartean aurkitzen da Tolosaldeko Komunikazio Taldea.

Adierazpenean eragileek aipatzen dute ikastola, Ziburun euskaraz ikastea ahalbidetzen duen «ikastetxe bakarra» dela. Ikastetxearen kokalekua dela eta izandako desadostasunek  azken hilabeteak «oso tirabiratsuak» izatea eragin du, eta orain udalak «inongo eskaintzarik egin gabe» ikastola auzitara eraman izana salatzen dute. Gainera, ikasleak eta irakasleak handik kanporatzeko «polizia ikastolara bidaltzearekin mehatxu» egin dutela gogorarazi dute.

Gauzak honela adierazpenak puntu hauek biltzen ditu:

  • Gure kezka adierazten dugu Ziburuko ikastolako haur, irakasle eta gurasoak jasaten ari diren egoeragatik. Eta Ziburun euskaraz irakasten duen ikastetxe bakarra izanik, hizkuntza eskubideak eta familiek egindako eskola aukeraketa ez dira errespetatzen.
  • Gure elkartasuna adierazten diogu Ziburuko ikastola osatzen duen hezkuntza komunitateari.
  • Hizkuntzen normalkuntzan euskaraz irakasteak duen garrantzia nabarmentzen dugu. Euskara hizkuntza gutxitua izanik, agintariek bere berreskurapena bermatu behar dute. 

Horregatik guztiagatik, larunbatean, azaroak 8, 16:00etan, Ziburuko ikastolaren defentsan Ziburun egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu Tolosaldeko herritarrei.

Azkenik, autobusa antolatu dela jakinarazten dugu. Informatzeko eta izena emateko Galtzaundi euskara elkartera jo behar da.

Sinatzaileak

Anoetako Gazte Asanblada, Anoetako Herri Ikastola, Bai Euskal Herriari, Bonberenea, Euskal Herrian Euskaraz, Fleming Ikastetxea, Fleming ikastetxeko Guraso Elkartea, Galtzaundi Euskara Elkartea, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea, Hauspoa Elkartea, Intxurre pilota eskola, Irurako Ikastola, Iturri Zahar Guraso Elkartea, Katiuska Antzerki Taldea, Kazkabarra Aisi Taldea, Laskorain Ikastola, Osinzulo Elkartea, Tolosaldeko Komunikazio Taldea, Udaberri Dantza Taldea, Uzturpe Ikastola eta Zubimuxu Ikastola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!