Zer behar du Euskal Herriak, Kataluniaren bideari jarraitzeko?

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 27a, 15:41

Jaume Marfany Assemblea Nacional Catalanako lehendakariordea Tolosan izango da, bihar, Bai Euskal Herriari ekimenak antolatutako hitzaldian; ATARIA IRRATIAn hitzaldiaren berri eman dute.

Kataluniatik Euskal Herrira, erabakitzeko eskubidea izenburupean aurkeztu zuten, joan den astean, Topic zentroan izango den hitzaldia. Bai Euskal Herriari egitasmoak bi nazioetako errealitateak alderatu nahi izan ditu eta, Inaki Aristetak eta Mikel Luloagak ATARIA IRRATIAn azaldu dutenez, "kataluniarren herri-mugimendua Euskal Herrian sortzea ezinbestekoa izango da".

Herrialde Katalanak nahiz Euskal Herria "bi estaturen ukazioa jasotzen duten nazioak dira" Bai Euskal Herriari-ko kideek diotenez; hala ere, bada desberdintasunik bien artean: "Katalunia eredugarria da, eta garrantzi gehien ikusten ez den lanari eman nahiko genioke. Protagonista batzuk nabarmenki ikusten ditugu komunikabideetan, batez ere azken egunotan, baina uste dugu horren atzean badagoela herri bat, badagoela benetan artikulatzen dakien herri-mugimendu bat, eta hori dela prozesu horren guztiaren sustraia eta muina".

Bide horretan, Independentistak Sareko Esti Mujikak helduko dio euskaldunek jarraitu beharreko bideari eta, azaldu dutenez, antolatzeko beharra nabarmenduko du saioan. Izan ere, inbidiaz begiratzen diete kataluniarrei, zentzu horretan, Bai Euskal Herriari taldeko kideek: "Hor bai daukagula zer ikasi kataluniarrengandik, eta hango herri-mugimenduari inbidiaz begiratzen diogu, inbidia zintzoz".

Horrela, Kataluniako gizarteak eskuratu duen gehiengo horretara iristeko "nahi izatea" behar du Euskal Herriak, Aristeta eta Luloagaren ustez: "Norbere interesak edo momentuko joerak alde batera utzi eta batzen gaituenari heldu behar diogu, benetan herri egiten gaituzten elementuetatik determinazio hori hartzea falta baitzaigu".

Martxelo Otamendik gidatutako solasaldian euskaldunen eta kataluniarren arteko berdintasun eta desberdintasunak hizpide izango direlarik, enpatia sentimenduen garrantzia azpimarratu dute Bai Euskal Herriari-ko kideek: "Munduan barrena Kataluniaz edo Eskoziaz hitz egitean, nahi edo ez nahi, beti Euskal Herriaren erreferentzia ere mahai gainean agertzen da. Eta euskaldunoi ere gauza bera gertatzen zaigu: munduko edozein txokotan bere buruaren jabe izateko saiakeretan ari den herri edo nazio bat ezagutzen dugunean, nolabaiteko enpatia pizten zaigu". Enpatia hori konpromiso eta ekintza bilakatzea da, horrela, Bai Euskal Herriari taldearen nahia.

Hain zuzen hitzaldiaren aurretik antolatu dute lehen ekintza hori, elkartasun argazki bat aterako baitute Topic zentroaren aurrean, 18:45ean, Jaume Marfany ere bertan dela.

Bihar iluntzeko hitzaldiaren ildo beretik, ikasturte berriari aurre egiteko jendearengana iristea izango da Bai Euskal Herriari egitasmoaren nahia: "Jendea argudioz jantzi nahi dugu, eta argudio horiek elkarrekin josten saiatuko gara, konbentzimendu horretatik maila praktikorako konpromisoak sustatzeko. Uste dugu herritarrak direla benetako pausoak eman behar dituztenak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!